Euskadiko GGKE-en Koordinakundetik bat egin dugu Mugarik Gaberen jakinarazpen honekin:
Mugarik Gabek 30 urte baino gehiago daramatza Kolonbiako CRIC Caucako Indigenen Eskualde Kontseiluarekin elkarlanean. Erabat arbuiatzen ditugu joan den maiatzaren 3tik Pioya eta Jambaló lurraldeen mugan dauden FARCen disidentzietako talde armatuek, EMCko Dagoberto Ramos eta Jaime Martínez taldeek, ELN Nazioa Askatzeko Armada talde armatuaren aurka egindako ekintza bortitzak eta liskar armatuak.
22 urteko JHON WILLIAM VARGAS Kiwe Thegnas-guardia indigenaren hilketa gaitzesten eta salatzen dugu. Samina eta elkartasuna adierazi nahi diegu bere senideei eta Kiwe Thegnas guardia indigenako kideei, komunitateei ekintza humanitarioekin akonpainamendua egiten dietenak. Onartezina deritzogu guardia indigenek zeregin horiek betetzen dituztela bizia galtzea.
Gobernu propioari herritarrei larrialdiko laguntza humanitarioa ematea galarazi zioten talde armatuen jokabidea gaitzesten dugu. Pioya resguardoko Los Robles eta Jambaló resguardoko Solapa komunitate indigenetako kideak barne-desplazamendura eta konfinamendura behartu zituzten. Horri gehitu behar zaio Jambalóko Nekazaritza Teknikoko Batxilergoko Hezkuntza Erakundeko (Institución Educativa Bachillerato Técnico Agrícola) 39 ikasle ezin izan zirela Solapara bueltatu.
Halaber, salatu nahi dugu larriki urratzen direla Giza Eskubideak eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren xedapenak; izan ere, borrokan dauden talde armatuek eremu horietako sarbideetan minak jartzen dituzte eta giza eskubideen aldeko erakundeak sartzea eta bertako buruzagitza indigenak eta guardiak askatasunez ibiltzea eragozten dute.
Bat egiten dugu CRIC Caucako Indigenen Eskualde Kontseiluak talde armatuei, Kolonbiako agintari nazionalei eta nazioarteko erakundeei egiten dizkieten eskakizunekin. Talde armatuei bizitza, lurraldea eta Kiwe Thegnasek (Guardia Indigenak) egiten duten lan humanitarioa errespetatzea, lurraldetik joatea eta gizarte zibila gatazkatik kanpo uztea eskatzen diete. Kolonbiako agintari politikoei eta nazioarteko erakundeei, aldiz, jatorrizko herrien eskubide konstituzionalak eta giza eskubideak bermatu ditzatela exijitzen diote.
Mugarik Gaben egoera euskal eta europar jendartearen aurrean ikusarazteko, salatzeko eta eragiteko ekintzak egiten jarraitzen dugu; eta bizitza zaintzeko eta lurraldea defendatzeko lanetan CRIC Caucako Indigenen Eskualde Kontseilua eta ACIN CWK Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenen Elkartea erakunde indigenekin dugun konpromiso politikoan berresten gara.
Gasteizen (Euskal Herria), 2023ko maiatzaren 5ean.
Informazio gehiago: