Irailaren 8an Kooperantearen Eguna dela eta, garapenerako GKEek aldarrikatzen dute apustu garbia egin behar dela nazioarteko lankidetzako euskal politikaren alde, egungoa bezalako ziurgabetasun- eta ezegonkortasun-testuinguru batean funtsezko tresna den heinean.
Garapenerako GKEek egiten duten lana gero eta jazarriagoa da mundu osoan, bereziki, Erdialdeko Amerikako zenbait herrialdetan, hala nola Nikaraguan, Guatemalan eta El Salvadorren.
Euskal kooperanteekin batera, ibilbide bat egingo dugu euskal garapenerako GKEek lan egiten duten zenbait herrialdetan zehar, eta euskal elkartasunari esker egiten duten lana ezagutuko dugu.
XXI. mendean krisialdi ugari ari dira gertatzen bata bestearen jarraian, konplexuak eta elkarrekin lotuak. Larrialdi klimatikoak, gatazka belikoek, pandemiak eta krisialdi energetikoak kalte larriak eragiten dizkiete milioika pertsonari munduan. Gainera, lehen ekonomia-, ingurumen-, osasun- edo hezkuntza-arazo larriak zituzten eta muturreko egoerak bizi zituzten lekuetan okerragotzen ari dira bizi-baldintzak.
Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundean, garapenerako GKEak diren 83 euskal erakunde daude elkartuta, nazioarteko lankidetzan jarduten dutenak. Bada, hitzordu honentan ohartarazi du bereziki kezkagarria dela emakumeen egoera: “feminizidioak, genero-indarkeria eta emakumeen eskubideen murrizketak ugaritzen ari dira mundu osoan”. Kezkagarria da, orobat, giza eskubideen defentsan lan egiten duten pertsonen egoera munduko hainbat lekutan, jazarriak, erasoak, bortxatuak eta erailak izaten ari baitira. Front line defenders elkartearen datuen arabera, 2022an, giza eskubideen defentsan ziharduten 401 pertsona erail zituzten gutxienez 26 herrialdetan, bakearen alde egiten zuten lanagatik.
Kooperanteen Eguna (irailaren 8a) dela eta, euskal erakundeen sare honek gogorarazi nahi du “gaur egungo ezegonkortasun-garai honek agerian uzten duela guztiz premiazkoa dela giza eskubideak, bakea, ingurumenaren babesa eta pertsona guztientzako aukera-berdintasuna bermatzen dituzten politika publikoak sendotzea”. Ziurtatzen dute nazioarteko lankidetza bera politika horietako bat dela, “testuinguru horietan, bereziki, elkartasuna behar-beharrezkoa baita tokiko gizarte zibilari babesa emateko, giza eskubideen bermeak sustatzeko eta oinarrizko bizi-baldintzei eusteko. Laburbilduz, bidea ematen du Euskadin ez gaitezen epel gelditu besteen minaren aurrean, eta irtenbiderako parte aktibo izan gaitezen”, adierazi dute.
Halaber, salatu dute Garapenerako GKE-ek egiten duten lana gero eta jazarriagoa dela mundu osoan, bereziki, Erdialdeko Amerikako zenbait herrialdetan, hala nola Nikaraguan, Guatemalan eta El Salvadorren. “Han aldaketak egiten ari dira legegintzan, nazioarteko elkartasuna kriminalizatzea eta erakunde sozialen lana oztopatzea dakartenak”, ohartarazi dute.
Kooperantearen eginkizunak
Kooperante profesionalak prestakuntza eta esperientzia dituzten pertsonak dira, eta nazioarteko lankidetzaren edo laguntza humanitarioaren esparruan egiten dute lan herrialde pobretuetan edo zaurgarrietan; esate baterako, giza eskubideen urraketa larriak dauden lekuetan, pobreziak eta desberdinkeriek gogorki erasaten dutenetan, gerrak, gatazka armatuak edo ezegonkortasun-egoerak daudenetan, edo hondamendi naturalen edo meteorologikoen ondorioz katastrofeak izan direnetan.
Lan-harremana izaten du euskal garapenerako GKE batekin, baina bere lana ez litzateke posible izango bizi den herrialdeko pertsonen eta tokiko erakundeen laguntzarik gabe, gogorarazi dutenez. “Haiek ezagutzen dituzte lekuko errealitatea eta beharrak bertatik bertara, eta zuzenean pairatzen dituzte planetari eta giza eskubideei erasotzen dien sistema bidegabearen ondorioak”, azaldu dute.
Kooperanteen eta euskal kooperazioaren lanak sendotu egiten dituzte jarduten duten herrialdeetako sistema publikoak, eta giza eskubideak (osasuna, hezkuntza, parte-hartzea, azpiegiturak, seneamendua…), emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta planetaren zainketa bermatzen laguntzen du, besteak beste.
Kaleko testigantzak
Kooperanteen Egunaren harira, eta horren protagonisten eskutik, ibilbidea egingo dugu garapenerako GKE-ek euskal erakundeen eta elkartasunaren laguntzaz jarduten duten zenbait herrialdetan barrena, hala nola Perun, Brasilen eta Indian barrena:
Lorena Fernández García (Bizkaia)
– Kooperantea Perun Egoazia erakundearekin
Testuingurua:
Peruko iparraldeko mendilerroan oso altuak dira pobrezia-indizeak. Zehazki, hiriburuko Lalaquiz barrutia eta San Juan de Bigote udalerrietan, pobrezia-indizea % 50en ingurukoa da. Agerikoak dira genero-desberdinkeriak, eta emakumeen kontrako indarkeria emakumeek eta neskek bizi duten arazo nagusietako bat da. Gainera, matxismoak eragin zuzena du emakumeen osasun- eta ugalketa-osasunean; bereziki, bikotekideari antisorgailuak erabiltzea eskatzeko beldurrean, edo sexu-transmisioko infekzioei buruzko informazioa (GIB/HIESari buruzkoa, adibidez) lortzeko beldurrean. Horren guztiaren ondorioz, nahi gabeko haurdunaldien, sexu-transmisioko infekzioen eta haurdunaldiko arazoen tasak altuak izaten dira.
Zein dira erakundearen xedeak?
CIPCA erakundearekin batera, landa-garapena sustatzen dugu, Alto Piurako herritarren prozesuetan laguntza eta babesa emanez. Zehazki, emakumeek sexu- eta ugalketa-osasuna eskuratzeko dituzten aukerak hobetu nahi ditugu. Tokiko elkarte feministekin batera egiten dugu lan, haien eskubideak gauzatzen direla bermatzeko, sexu-heziketako prestakuntza ematen dugu, eta genero-indarkeria prebenitzeko eta desagerrarazteko estrategiak lantzen ditugu udalerrietako osasun-zerbitzuekin eta agintariekin koordinatuta.
Nola laguntzen du kooperazioak zuen lanaren xede diren pertsonen eguneroko bizitza hobetzen?
Emakume askok ahalduntze-prozesuak hasi dituzte, eta, horiei esker, beren eskubideak aldarrikatu ahal izan dituzte, eta antolatu egin dira, genero-indarkeria kolektiboki identifikatzeko eta horri aurre egiteko. Kontzientziazioaren hazia ereinda dago, eta, pixkanaka, fruituak biltzen ari dira.
Zertan datza kooperante gisa egiten duzun lana?
Jarduerak gauzatzen ditut emakumeen elkarteetan eta eskoletan. Emakumeen lidergoa sustatzeko lantegiak diseinatzen eta abiarazten laguntzen dut, bai eta laguntza-sareen garrantzia lantzeko eta genero-indarkeria motak identifikatzeko lantegiak ere, besteak beste. Eskoletan, eta erakundeko psikologoarekin lankidetzan, irakasleei eta ikasleei zuzendutako prestakuntzak gauzatzen ditugu, genero-estereotipoekin, sexu-heziketarekin eta abarrekin lotutakoak.
Nahiz eta batzuetan bidea zaila izan, beste herri batzuen borrokak babesten jarraitu behar dugu, eta eskubideak geureganatzen, lurralde guztiek izan dezaten askatasuna erabakitzeko zer garapen mota nahi duten eta nola lortu nahi duten. Horretarako, garrantzitsua da testuinguru kultural bakoitzaren berezitasunak errespetatzea, eta errealitate hori bizi duten pertsonen eskariak entzutea.
Kooperanteen Egun honetan, nahi nuke ez dezagula hitz egin Hegoaldeko herrien izenean, eta kooperazioaren mundua osatzen dugunok autokritika-ariketa bat egin dezagun, gure ekintzak berraztertzeko.
Itziar Aranburu Agirre (Gipuzkoa)
– Kooperantea Brasilen Mundukide erakundearekin
Testuingurua:
Brasilgo Errepublika Federala munduko bosgarren herrialderik handiena da, eta bigarrena lurren banaketa desorekatuari dagokionez; beraz, desberdintasunez eta kontraesanez betetako herrialdea da. Brasilgo nekazaritzaren garapena oso baztertzailea izan da, latifundioetan oinarriturako lur-jabetzaren metaketan oinarritu da-eta. Lurrik Gabeko Landa Langileen Mugimendua (MST) nekazarien kolektibo soziala da, eta 1985az geroztik Brasilen nekazaritza-erreformaren eta justizia sozialaren alde borrokatzen da. Nekazariek sortutako mugimendu horren bidez profesionalizatzeko eta ekoizpen-kooperatibak eta elkarteak antolatzeko aukera izan dute. 2008az geroztik, Mundukidek MSTarekin dihardu elkarlanean.
Zeintzuk dira erakundearen helburuak?
Lanerako kooperatiben kudeaketa-eredu bat diseinatu du Mundukidek MST-arekin batera, eta eredu horretan oinarrituta formakuntza eta laguntza teknikoa ematen ditugu bertako kooperatibetan. Helburu orokorra asentamendu eta akanpalekuetan bizi diren familien bizitza kalitatea hobetzea da, garapen sozioekonomikoan eta etorkizuneko aukerak sortzeko. Horretarako, laguntza teknikoan, formakuntzan, eta interkooperazioan aritzen gara. Bertako erreferentziazko pertsonak trebatzen ditugu kooperatiben kudeaketan, asentamendu eta akanpalekuetako produkzioa industrializatu eta salmentararteko prozesuan aritzeko. Gainera, MST-a salmentarako sare bat sortzen hasi zen orain dela urte pare bat, eta prozesu horretan ere hartzen dugu parte.
Zer eragin du garapenerako lankidetzak lan egiten duzuen pertsonen eguneroko bizitzan?
Lan duina izateko aukerak sortzen ditu gure lankidetzak. Nekazariak dira, eta beren produktuak ekoizten dituzte. Beraien artean batuz kooperatiba bat sortzeak abantaila asko dituela sinesten dute. Elkarrekin taldea eginda, hirugarren baten aurrean indar gehiago eta salmenta aukera gehiago dituzte. Industriak sortu ahala, aldaketa hare eta nabarmenagoa da. Produkzioaren lehenengo eraldaketaren jabe izatea lortu eta salmentaraino iritsi dira puntu askotan, produkziotik salmentaraino katea beraien esku izateraino, beste inoren preso izan gabe. Prozesu horrek formakuntza eskatzen du, eta asentamenduetako gazte asko formakuntza teknikoa izatea ahalbidetu du.
Zertan datza zure lana kooperante gisa?
Fortalezan orain dela 5 urte hasi ginen lanean Ceara estatuko diru laguntzarekin, 5 asentamendutan industriak sortzeko proiektuan parte izateko. Hasieran. gure helburua kooperatibismoaren inguruan formakuntzak egitea zen, kooperatibak sortu, eta horietarako lehengaiak antolatzen lagundu, industriak eraikitzen ziren bitartean.
Eraikitako industria bakoitzaren kudeaketarako taldeak sortu dugu, eta hiriburuan talde zentral bat ere sinergia izan ditzaketen lanak batzeko. 2022an, industria gehienak martxan hastea lortu genuen, eta orain, bertako langileen eta kudeaketa-taldearen formakuntzan ari gara.
Kooperanteen egunaren harira, asko dago eskatzeko eta egiteko. Erakundeei politika publikoak egin ditzatela eskatzen diegu, baita lankidetzan ere inbertitu dezatela. Hala ere, norbanakoaren eskuetan asko dago egiteko, kontsumo ohituretan adibidez, ez baitugu pensatzen gure neurrigabeko kontsumoak munduaren beste herrialde batzuetan duen eragin handian. Besteenganako enpatia eta kontzientzia falta zaigula uste dut, eta beste errealitate batzuk ikustera joateak laguntzen du.
Ainhoa Albeniz Aranguren (Gipuzkoa)
– Kooperantea Indian Calcuta Ondoan erakundearekin
Testuingurua:
Indian, biztanleriaren % 27 muturreko pobreziaren atalasetik behera bizi da. Erlijio-, tribu- eta kultura-aniztasun handia dago, eta, komunitate tribaletan, kasta baxuenetako pertsonen eta emakumeen artean egoten dira pobrezian bizi diren pertsonen ehuneko handienak. Indiako gizartea patriarkala eta matxista da, eta emakumeen eskubideak larriki urratzen dira. Genero-indarkeria hedatuta dago, eta genero-rolak oso markatuta; hori horrela, emakumeak etxeko lanetan zokoratuta egoten dira, eta politikan duten parte-hartzea askoz ere txikiagoa da gizonek dutena baino. Gainera, elikadura-arloko segurtasun eza oso handia da, eta malnutrizio-mailak handiagoak dira emakumeen eta haurren artean gizonen artean baino. Kutsadurak ere eragin handia du Indiako errealitatean. Gainera, India krisi klimatikoaren ondorio larriak pairatzen ari da.
Zein dira erakundearen xedeak?
Tokiko erakundeei laguntzen diegu, zenbait esparrutako epe luzeko proiektuak bultzatuz eta babestuz; besteak beste, osasunaren, ingurumenaren, nekazaritzaren, hezkuntzaren eta komunitate zaurgarrienen, eta, bereziki, emakumeen, garapen sozial, politiko eta ekonomikoaren alorretan. Gure xede nagusietako bat da emakumeen ahalduntzea, banakakoa zein kolektiboa, horiek pairatzen baitute diskriminazio handiagoa esparru pertsonal, familiar, sozial eta politikoan. Erabiltzen dugun estrategia prozesu hauetan oinarritzen da: gaitzea (norberaren banakako gaitasunak aitortzea), ahalduntzea (jakintza bereganatzea) eta eskumenak hartzea (eskubideak dituen banakako norbanakotzat jotzea nork bere burua). Zenbait jarduera egiten ditugu emakumeak ekonomikoki ahalduntzeko, haien autoestimua sendotzeko, beren eskubideak ezagutzeko eta eska ditzaketela ulertarazteko, emakumeen segurtasuna lantzeko genero-indarkeriaren aurrean eta espazio politikoetan duten parte-hartzea areagotzeko, besteak beste.
Genero-ekitatearen aldeko apustua egiten dugu gure ekintzetan, giza eskubideen ikuspegi batetik. Herritarren nortasuna, pertsona gisa eta herri gisa dutena, errespetatzearen alde borrokatzen dugu, askotan komunitate tribalekin lan egiten baitugu. Horretarako, zenbait jarduera egiten ditugu jakintza indigenak babesteko eta iraunarazteko, natura errespetatzeko filosofia, adibidez.
Ingurumenaren zaintza ere lehentasunezko gaia da, naturaren narriadura gaitasunak kentzeko modu bat baita, eta zuzenean eragiten baitu komunitateen aukeretan eta beren eskubideak osoki gauzatzeko aukeretan.
Nola laguntzen du kooperazioak zuen lanaren xede diren pertsonen eguneroko bizitza hobetzen?
Diru-sarrerak sortzeko jardueren bidez, hala nola eguzki-lanparak ekoitziz, tokiko elikagaiak landuz eta baratze komunitarioak sortuz, emakumeek diru-sarrerak lortzen dituzte. Askotan, gizonek izaten dute familiaren diru-sarreren eta baliabideen gaineko kontrola; hori horrela, beren diru-sarrera propioak izateak haiei buruz erabakitzeko modua ematen die emakumeei, eta onurak ekartzen ditu familiaren biziraupenerako ere.
Gainera, emakumeek eremu demokratikoetan parte-hartze politiko handiagoa izatea ere badakar. Jardueren bidez, emakumeen autoestimua sendotu egin da, jendaurrean hitz egiteko trebetasunak landu dituzte, eta hobeki ezagutzen dituzte beren eskubideak eta babesten dituzten legeak. Emakumeek jardueretan parte hartzen duten eta beren ahalduntze-prozesuan aurrera egiten duten heinean, lider eta aldaketa-eragile bihurtzen dira beren komunitateetan.
Zertan datza kooperante gisa egiten duzun lana?
Calcuta Ondoan erakundearentzat, funtsezkoa da Indiako tokiko erakundeekin eta tokiko langileekin lan egitea, eta proiektuetan parte hartzen duten pertsonak proiektuen protagonista izatea.
Buruz buru lan egiten dut tokiko erakundeetako langileekin: gida eta laguntza ematen diet proiektu berriak diseinatzeko eta kudeatzeko prozesuan. Elkarrekin egiten ditugu jardueren eta gastuen jarraipena eta aurrekontu-kontrola. Gainera, lotura gisa jarduten dut gure proiektuak finantzatzen dituzten euskal erakundeen eta erakunde indiarren artean. Genero-ikuspegia eta ingurumenaren auzia zeharkako bihurtzearen alde lan egiten dugu, eta ikuspegi hori ekintza guztietan kontuan hartzen dela bermatzen dugu. Orobat, Indiako erakundeen artean sareak, itunak eta lankidetza sortzea sustatzen dugu.
Kooperanteen Egun honetan, aldarrikatzen dut kooperazioak dekoloniala izan behar duela, eta nazioarteko lankidetzako erakundeok eta agentziok xede horretarantz bideratu behar dugula. Ohartu behar dugu botere-egitura kolonial eta hegemonikoek desberdinkeriak sortzen jarraitzen dutela, eta desberdinkeria-egitura horiei nola aurre egin hausnartu behar dugu. Halaber, aldarrikatu nahi dut estrategia alternatiboen aldeko apustua egiten duen kooperazio bat, ez diona jarraituko garapenerako esku-hartzeen “iparra-hegoa” eredu komunak bultzatutako paradigma kapitalista hegemonikoari. “Hegoaldeko” pertsonen eta populazio marjinatu eta zaurgarrienetatik datozen pertsonen ahotsak entzun behar ditugu, eta garapen jasangarri eta bidezko baten, mendebaldeko sistemaz bestelakoa denaren, alde borrokatzen duten estrategien eta ekimenen aldeko apustua egin.
Munduko hainbat lekutan jarduten duten euskal kooperanteen zerrenda egin dugu. Horiek komunikabideei erantzuteko prest daude Kooperanteen Eguna dela-eta. Zerrenda eskuratu nahi izanez gero, eskatu guri.
Gainera, Munduko hainbat lekutan jarduten duten euskal kooperanteen zerrenda egin dugu.
Azaleko argazkia: Calcuta Ondoan, India