HASIERA: urria 2, 2023
BUKAERA: urria 7, 2023
NON: Vitoria-Gasteiz
ORDUTEGIA:
Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren, Afrikaldiaren, hirugarren edizioa urriaren 2tik 7ra bitarte egingo da eta 2023an 19 proiekzio izango ditu. Gainera, emanaldietan Afrikako eta haren diasporako 16 herrialde egongo dira ordezkatuta.
Beste urte batez, Afrikaldiak eta EHUk lankidetza-hitzarmena berretsiko dute fakultateetan 6 dokumental eskaintzeko. Afrikako aktibistak gune horietan izango dira eta, proiekzioen ondoren, Afrikako klima-aldaketa aztertu eta horren inguruko eztabaida egingo dute ikasleekin, horixe baita hirugarren edizio honen gai nagusia.
Lehen proiekzioa urriaren 2an egingo da, Europa Kongresu Jauregian, inaugurazio-galan. Tarik El Idrissik zuzendutako ‘Sound of Berberia’ filma izango da eta zuzendaria bera bertan izango da ondoren egongo den mahai-inguruan.
Horrez gain, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak beste behin Industria atalaren aldeko apustua egingo du Montehermoso Kulturunean. Bertan, Gasteizen egiten diren jaialdien arteko topaketak antolatu dituzte besteak beste. Gainera, Gasteizko Udalaren Kale Heziketako Programekin adostutako aliantzekin aurrera jarraitu dute, aurtengo edizioko kartela diseinatu duen Marian Daviesek zuzendutako tailerrekin. Jaialdiak irauten duen bitartean, Afrikako 8 zinema-zuzendari eta 2 aktibista izango ditugu.
Epaimahaia
Aurten, epaimahaiko jaialdia honako hauek osatuko dute: Paul Urkijo gasteiztarrak, ‘Errementari’ eta Irati’ filmen zuzendariak; Mariette Monpierre zuzendari eta gidoilariak (Guadalupen jaiotakoa); eta Paloma Ettiene zinemagile eta artista bisual madrildarrak. Hiru epaimahaikideek nazioarteko entzutea dute zinema arloan eta atal ofizialean ikusgai izango diren 12 filmetatik onena aukeratzeko lan zaila izango dute.
Helburuak
Hirugarren edizio honekin, penintsularen iparraldean Afrikako zinemen erreferentziazko jaialdi gisa indartu da Afrikaldia. Kultura Bendera Elkarteak eta Asociación Africanista Manuel Iradier elkarteak bultzatzen dute eta jaialdiaren helburua da Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna bistaratuta giza garapena indartzea. Era berean, Euskadiko eta Afrikako kulturaren arteko topaketa eta aliantzak bultzatu nahi dira.
Erakunde sustatzaile horiez gain, Gasteizen finkatuta dauden afrikarren hamahiru elkartek hartzen dute parte Afrikaldian modu aktiboan. Guztiek egiten dute gizarteen arteko zubi-lana, Afrikari buruzko begirada zabalduta eta bertako zinematografia arloko ekoizpenari balioa emanda.