Donostiako estatuek bizia hartu dute herritarrak moda azkarraren eragin kaltegarriez ohar daitezen eta kontsumo arduratsua sustatzeko

Estatuen kale ekintza 2023

Donostiako Zero Pobrezia Plataformak urriaren 19an, ostegunean, lehenengo orduan egindako kale-ekintza baten bitartez hiria esnatu du helburu honekin: herritarrengan hausnarketa eragitea.

7 pertsona ospetsuen estatuek bizia hartu dute gaur goizean Donostian. Arropez jantziak, objektuak gainean dituztela eta ekintzara bultzatzen duten mezua daramatzaten kartelekin, honako hauek berpiztu dira beren kezkak donostiarrei helarazteko: Clara Campoamor, Vicente Zaragüeta, Jesús Mari Leizaola, Loiolako latsaria, Sarriegi Plazako urketaria eta danbor-jolea, eta abuztuaren 31ko eskultura. “Pertsona ospetsu horiek ordu batzuk begiak ireki dituzte, bide batez herritarrek ere begiak ireki ditzaten ezagutzeko zein den moda azkarraren benetako kostua, horren eragin negatiboak eta nola kontsumitu arduraz”, diote plataformatik. Gainera, ohartarazi dute “moda azkarraren industria jantzien produkzio masiboan oinarritzen dela, azken joeretan inspiratuta dagoela eta iraupen mugatua duela; beraz, jasanezina da. Horrek guztiak ondorio lazgarriak ditu eta bizia hartu duten estatuek horiek erakutsi dituzte”, gogoratu dute.

  • Clara Campoamor emakumeen defendatzailea bere idulkitik jaitsi da, eta itsas pasealekutik kirola egiten ari zirenekin solas egin du. Jakinarazi die ehungintzako industrian aritzen diren emakumeen % 75ek genero-indarkeria jasaten dutela.
  • Vicente Zaragüeta humanistak itsasora begiratzeari utzi dio, eta Aquariumeko eskaileretan zeuden pertsonei azaldu die ehungintzako industria ur gehien eskatzen duen bigarren industria dela, eta urtean milioi erdi tona mikrozuntz askatzen dituela itsasoan. 
  • Jesús María Leizaola lehendakaria kapela eskuan Grosetik urrundu da politikariei ohartarazteko ehungintzako industriak lurraren berotzeari eragiten diola, ekoizleen pobrezia betikotzen duela eta tokiko merkatarien poltsikoan eragiten duela. Hortaz, haiek hartzen dituzten erabakiak oso garrantzitsuak dira.
  • Loiolako latsariak, ur bila zihoala bere egitekoarekin jarraitzeko, auzokoei azaldu die ehungintzako industriak 79 bilioi litro ur kontsumitzen dituela urtean, eta munduko hondakin-uren % 20 sortzen dituela. Zero Pobrezia Plataformak balioetsi du estatua horri bizia emateko emakumeen talde baten laguntza izan duela. Normalean haiek arduratzen dira eskultura hori maitasun handiz janzten auzoan gertatzen diren ekimenak direla-eta. “Harreman hori sare-lan oso positiboa eta aberasgarria izan da”, aitortu dute plataformako kideek.
  • Zenbait paseatzailek Sarriegi Plazako urketaria harrapatu dute hizketan danbor-jolea den bere kidearekin. Emakumeak esan dio pertsona bakoitzak batez bestez 26 kg arropa kontsumitzen duela urtean, duela 15 urte halako bi baino gehiago. Danborrariak, txundituta, urketari erantzun dio ehungintzako industriak 92 milioi tona hondakin sortzen dituela urtean, eta urruneko herrialdeetako zabortegi handietan amaitzen dutela.
  • Abuztuaren 31ko estatuak behingoz abiarazi du bere bidea adreiluz beteriko zamarekin. Turistei komentatu die ehungintzako sektoreko langileen % 80 emakumea dela, gutxieneko soldata baino gutxiago jasotzen dutela eta lan-jardunaldi amaiezinak dituztela. Gainera, gehiengoak ez du ez kontraturik ez ta gizarte-segurantzarik ere ez.

Plataformaren esanetan, kale-ekintza atsegin eta dibertigarri honetan hiriko estatua ezagunenak jantzi dituzte, eta ekintzara pasatzeko mezuak dituzten kartelak erantsi dizkiete gure kontsumitzeko ereduaren inguruan jendearengan hausnarketa eragiteko eta jakin dezaten arazoaren zein aldetan dauden. “Gutxiago kontsumitu behar dugu, eta modu arduratsuago, jasangarriago eta kontzienteago batean. Horrek ondorio positiboak eragingo ditu gure ingurunean eta urruneko beste leku batzuetan”, gogoratu dute. Halaber, aitortu dute arazo honen kausak ugariak direla eta erabaki politiko eta ekonomikoen ondorio direla, beraz, “konponbideak globalak izan behar dute eta sektore askotan landu behar dira”.

Pobreziaren aurka pedalei eraginez

Urriaren 17a Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Moda azkarraren benetako kostua lelopean, Donostiako Zero Pobrezia Plataformak aldarrikapen-bizi martxa antolatu du igande honetarako, urriak 22a. Donostiako Haizearen Orrazitik abiatuko da 12:00etan, eta Alderdi Ederreraino iritsiko da, Txita Sound System-ek girotuta.“Gure munduak dituen erronka eta mehatxuen aurrean, ezin gara geldi egon, eta parte hartzera eta mobilizatzera deitzen ditugu herritarrak”, amaitu dute. (Informazioa zabalduta dago 2023ko urriaren 17an publikatutako prentsa-oharrean).

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat