Kolaboratu nahi?
Laguntza larrialdi-egoeretan
Giza larrialdi bat (lurrikara, uholdea, indarkeria eta ezegonkortasuna…) gertatu da munduko lekuren batean, eta konprometitu egin nahi duzu. Beste ezer baino lehen, mila esker!
Baliteke horren inguruan zeure buruari galdera asko egitea; horietako batzuei erantzuten lagunduko dizugu:
- Zer ari da gertatzen?: Informatu, jo ezazu informazio-iturri alternatiboetara, bereziki gertatukoarekin hartu-eman zuzena duten erakundeetara. Kontsultatu gure direktorioan zer GGKE ari den lanean kaltetutako lekuan, bai eta gure webguneko publikazioak ere. Kontuz desinformazioarekin, ihes egin estereotipoetatik eta lagundu kontzientzia solidarioa pizten zure inguruan.
- Hara joan ninteke? Batzuek kaltetutako lekuan boluntario aritzeko eskaintzen dute beren burua, baina erakundeek esperientzia eta prestakuntza espezifikoa duten pertsonak bidaltzen dituzte halako larrialdietara. Hori bada zure profila, egin kontsulta jende bila dabiltzan erakundeetan.
- Zer eman dezaket? Larrialdiaren araberakoa da, batzuetan materiala behar izaten da, hala nola mantak, arropa, oinetakoak… Hori bidaltzea oso garestia da, logistikaren aldetik konplexua eta ez da berehalakoa; beraz, erakunde eta agentzia humanitarioek laguntza ekonomikoa eskatu ohi dute materiala kaltetutako zonaldeetan edo inguruko herrialdeetan erosteko. Hartara, materiala egokia izango dela bermatzen da, eta, horrezaz gain, tokiko ekonomiak sustatzen laguntzen da.
- Nori emango diot laguntza? Eskaera egiten duten erakundeei eman diezaiekezu edo zure herrian zein hirian abian jartzen diren herri-ekimenei. Materiala edo laguntza ekonomikoa eman aurretik, informatu jakiteko zer-nolako erakunderi (helburua, jarduerak edo ekintzak, ibilbideak…) emango diozun. Gero, herritarren ekarpenei esker gauzatutako lanaren jarraipena egin ezazu.
- Eta zer gehiago egin dezaket? Laguntza beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Kaltetutako herrialdeari, hango egoerako ekonomiko eta sozialari eta biztanleen bizi-baldintzei buruzko informazioan sakondu eta egin gogoeta. Behin larrialdiko fasea igarotakoan, jarraitu gertatutakoari buruz informatzen. Horretarako, zonaldean lanean ari diren erakundeekin harremanetan jar zaitezke edo haiekin elkarlanean aritu larrialdiaren ondorengo berreraikitze-lanetan. Mobiliza zaitezke; sare sozialetan eta zure ingurunean informazioa parteka dezakezu; sinadurak biltzeko kanpainetan parte hartu dezakezu; eta erakundeei koordinatzeko, neurriak hartzeko eta epe ertain zein luzera konpromisoak hartzeko eska diezaiekezu.
Giza larrialdi bat gertatzen denean, euskal gizartea, erakundeak eta GGKEak lanean hasteko prest agertzen gara, eta horrek agerian uzten du herritarren elkartasun leiala eta balioak. Zurekin gehiago gara eta gehiago lortuko dugu.
Informazio gehiago
–Decálogo humanitario para saber ayudar
-eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako materialak:
Bideoa Zer egin krisialdi humanitarioetan?