Euskadin bizi diren Ugandako eta eskualdeko pertsonen osasun-sarbideari eta oztopoei buruzko azterlana egiteko ikertzailea

Euskadin bizi diren Ugandako eta eskualdeko pertsonen osasun-sarbideari eta oztopoei buruzko azterlana egiteko ikertzailea

Kargua: Investigador/a para la realización de un estudio de acceso y barreras de salud

Deitzaile: Farmamundi

Aurkezteko epea: 20/07/24

Aurrekariak

Farmamundi GKEk osasuna eskuratzeko aukera unibertsala sustatzen du, garapenerako lankidetzaren, laguntza humanitarioaren eta garapenerako hezkuntzaren bitartez. 15 autonomia-erkidegotan eta Amerika Latinoko nahiz Saharaz Hegoaldeko Afrikako 7 herrialdetan lan egiten du, Afrikako ekialdean eta erdialdean egindako proiektu humanitarioen bidez.

Euskadin, Farmamundik garapenerako hezkuntza, herritartasun globala eta eraldaketa soziala ditu xede nagusi. Izan ere, tokian tokiko biztanleak zenbait errealitate eta premia globalen inguruan kontzientziatzea dauka helburu. Horretarako, jarduerak egiten ditu ikastetxeetan, baita sentsibilizaziorako ekitaldiak ere.

2023ko Proiektu Humanitarioa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatzen du, eta, bertan, ikerlanak egingo dira Ugandako eta eskualde horretako biztanleek Euskadin osasuna eskuratzeko orduan dituzten aukerei buruz. Generoaren eta zainketen ikuspegitik, tokian tokiko eta maila globaleko errealitateen arteko elkarrizketa sustatzea izango du helburu, herritartasun kritikoa bultzatzeko eta Afrikako egoera humanitarioa Euskadiko bizilagunekin lotzeko.

 

Helburu nagusia

Ikerlan honek Ugandako edo eskualde horretako herritarrek Euskadiko hiru lurraldeetan osasuna eskuratzeko orduan dituzten aukerak eta oztopoak zein diren jakitea du helburu. Ikerlanak, hain zuzen ere, eskubideen titularrei eta euskal lurraldeko osasun-arloko instituzioetako ordezkariei elkarrizketak egin ondoren proposatuko den hipotesiari erantzun beharko dio.

Ikertzeko prozesuaren ondorioz, herritar horiek osasuna eskuratzeko orduan dituzten aukerei eta oztopoei buruzko azterketa xehatua eskaintzen duen txosten edo artikulu zientifikoa lortuko da. Azterlanak, gainera, sorterrietako testuinguruak lotu beharko ditu bizitako migrazio-prozesuekin.

 

Berariazko helburuak

Ikerlanak honako puntu hauek landu beharko ditu:

  1. Lehen eta bigarren mailako informazioa biltzea eta aztertzea, aipatutako eskualdeko migratuek Euskadin osasun-zerbitzuak eskuratzeko orduan dituzten aukerak eta oztopoak erabakitzen dituzten faktoreak agerian jartzeko.
  2. Honako hauexei egindako banakako elkarrizketen eta talde fokalen ondorioz sortutako aurkikuntzak eskaintzea: eskubideen titularrak, osasun-arloko gobernuko instituzioak eta Euskadin migrazioaren edota osasunaren arloan lan egiten duten beste erakunde batzuk.
  3. Ugandatik eta eskualde horretatik datozenek Euskadin osasuna eskuratzeko orduan dituzten aukeren eta oztopoen inguruko faktoreak zehaztea eta aukera zein oztopo horiek giza talde horretan duten eragina zein den azaltzea.
  4. Erantzukizudun instituzioentzako gomendioen dekalogoa egitea eta Euskadiko hiru lurraldeetan itzulketarako tailerretan nahiz itun-mahaietan parte hartzea.

 

Metodologia

Ikertzaileak bere lan-proposamenean aurkeztu beharko du ikerketa egiteko erabili beharreko metodologiari buruzko azalpen orokorra.

Azterlana ikerketa mistoko metodologiapean aurreratuko dela aurreikusten denez, metodo kuantitatibo zein kualitatiboak bateratu beharko dira lehen nahiz bigarren mailako informazio-iturriekin.

Lehen mailako informazio-iturriak honako hauexek izango dira: banakako elkarrizketak, funtsezko eragileekin antolatutako talde fokalak (Ugandatik eta eskualde horretatik etorri eta Euskadin bizi direnak), osasun-arloko gaietan lan egiten duten tokiko gobernuko erakundeak eta testuinguru horietatik migratutakoekin lan egiten duten gizarte-erakundeak.

Bigarren mailako informazio-iturriak (kuantitatiboak nahiz kualitatiboak) arakatzeko orduan, garrantzizko estatistikak, argitalpenak, azterlanak edo txostenak aztertu beharko dira.

Une oro, ikertzaileak Farmamundiko proiektuko teknikariaren laguntza jasoko du, eta era bateko zein besteko jarduerak koordinatuko ditu berarekin, Erreferentziako Termino hauetan eta Farmamundiko Garapenerako Hezkuntzako Estrategian zehaztutatko produktuak lortzeko asmoz.

 

Egin beharreko jarduerak eta produktuak:

Eskubideen titularren arteko elkarrizketa eta erantzukizunak:

Zk. Jarduera/Produktua
1. Lan-plana eta elkarrizketetarako nahiz talde fokaletarako galderen gida egitea.
2. Funtsezko eragileak (Euskadin (hiru lurraldeetan) bizi diren Ugandako eta eskualde horretako herritarrak kontuan hartuta), migratuekin lan egiten duten erakundeak eta osasun-instituzioak mapatzea.
3. Funtsezko eragileei elkarrizketak egitea eta talde fokalak antolatzea.
4. Hipotesia egitea eta biztanle parte-hartzaileekin balioztatzea.
5. Ikerketa-proiektua egitea.
6. Paper edo artikulu zientifikoa egitea.
7. Funtsezko gomendioen eta neurrien agiria egitea dekalogo-formatuan.
8. Jakintza igortzeko eta ikerketako emaitzak itzultzeko ekitaldietan parte hartzea.

 

Iraupena:

Kontratazioko epealdia 12 hilabetera artekoa izango da, hau da, azterlana eta eraginerako jarduerak egiteko beharrezkoa den denbora berbera.

Kontratatutakoak jarduera abian jartzeko eta produktuak prest edukitzeko lan-plana aurkeztu beharko du. Farmamundiko proiektuko teknikariarekin batera, elkarrizketen plangintza egingo du, talde fokalak antolatuko ditu, itzulketarako zein salaketarako ekitaldiak prestatuko ditu eta eraginerako beste jarduera batzuk garatuko ditu.

 

Ordainsaria:

Kontrataziorako aurrekontu erabilgarria 24.000 eurokoa izango da. Bertan, honako hauxe hartuko da kontuan: bankuko gastu guztiak, legearen arabera kontratazio-mota honetan ezarri beharreko zergak eta garatutako zerbitzuarekin lotutako gastuak (bidaiak, joan-etorriak, materialak…).

 

Eskatutako profila:

Instituzio akademikoarekin edo instituzio bateko afiliatuekin egin ahal izango da kontratazioa, garapenerako hezkuntza arlo akademikora eramateko asmoz. Masterrak, erakundeak, elkarteak, instituzioak eta unibertsitateak aurkeztu ahal izango dira.

Era berean, ikerketak egiten dituzten aholkulariak ere izan ahalko dira hautagaiak, honako arlo hauetako unibertsitate-titulaziorik badute: zientzia politikoak, zuzenbidea, soziologia, nazioarteko ikaskuntzak, ekintza humanitarioa, migrazioak, osasuna eta giza eskubideak.

Ikertzaileak esperientzia sendoa eduki beharko du ikerlanetan, migrazioetan nahiz generoan, eta Euskadiko osasun-sistema ere ezagutu beharko du.

Gaztelaniaz jakin beharko du, eta ingelesez nahiz frantsesez jakitea ere baloratuko da.

Ugandako eskualdean, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Kenyan eta Hego Sudanen aurretiazko esperientzia edukitzea baloratuko da.

 

Proposamenen jasoketa:

Honako hauxe erantsi beharko da proposamenean:

  1. Interesari buruzko gutuna.
  2. Instituzio akademikoaren edo ikertzailearen CVa.
  3. Lan-planerako proposamena, datak eta jarduerak adierazita.

Proposamenak uztailaren 20ra arte (23:59) bidali beharko dira honako posta-helbide hauetara: epd.euskadi@farmamundi.org eta epd5.euskadi@farmamundi.org

Gaian adierazi beharrekoa: Propuesta para prestación de servicios estudio EHE 2023 – Farmamundi