Solasaldia: K’inal Antsetik-eko emakume indigenen borrokak. Eskubideen eta lurraldearen defentsa Chiapasen

HASIERA: urria 22, 2024
BUKAERA: urria 22, 2024
NON: Kultur Etxea (Muskiz)
ORDUTEGIA: 18:00-20:00

Hitzaldia/Erakusketa/Proiekzioa

K’inal Antsetik erakundeak hamarkadak daramatza emakume indigenei laguntzen erakundeak eta lidergoak indartzeko prozesuan. Muskizen egingo diguten bisitan, K’inaleko kideek emakume horien egungo egoeraz hitz egingo digute, eta hainbat arlotan egiten dituzten lanen berri emango digute; hala nola indarkeria matxistaren kasuak jatorrizko hizkuntzetan artatzea, lurraldeko Zaindari eta Defendatzaileen Sareak sortzea edo emakume artisauen kooperatibei laguntzea.

  • Noiz? Urriak 22, asteartea, 18:00etan

  • Non? Kultur Etxea (Muskiz)

  • Prezioa? Doan

  • Plaza-erreserba? Sarrera librea tokiak bete arte

 Muskizko Berdintasun Sailarekin batera antolatutako jarduera.

Parte-hartzailea:

Marla Gutiérrez “artibista” (artista-aktibista) lesbiana da, Mexiko Hirikoa, eta azken ia 30 urteetan San Cristobal de las Casasen (Chiapas) bizi izan da. Tokiko mugimendu feministan parte hartu du hainbat modutan. Hamar urte eman ditu La Casa de la Luna Creciente Kultur Zentro Feminista koordinatzen, eta 80ko eta 90eko hamarkadetan Chiapasko emakumeen mugimenduan emakume lesbianek izan zuten parte-hartzea kontatzen duten bideoak zuzendu ditu.

Gaur egun, K’inal Antsetik elkartearekin lan egiten du ekoizpen-prozesuak laguntzen CEFOCAM zentroan, Jolom Mayaetik emakume indigenen ehun-kooperatiban (izenak “ehule maiak” esan nahi du tzotzilez) eta Hegoaldeko Kooperatiben Sarean (RECOSUR). Espazio horietan bidezko merkataritza sustatzen saiatzen da, justizia ekonomikoa eta soziala sustatzeko. 2008az geroztik eztabaidak bultzatu ditu kultura-ondarearen eta emakume artisauen diseinuen jabetza intelektualaren defentsaren inguruan, egiletza eta antzinako herentzia hori errespetatzea sustatzen duten lankidetza-hitzarmenak sortuz.