Quinndy Akeju, Lionel Delgado eta Elisa Garcia Mingo izan ziren joan den ostegunean, abenduaren 12an, Unibertsitate Kiritikoa Sareak (UKS) antolatutako «Lagun, kasu egion! Eskuin-muturra eta unibertsitate publikoan duen eragina» jardunaldietan, EHUren Zuzenbide Fakultatean, Donostian. Bertan aritu zen La Basu rap abeslaria ere.
Eskuin-muturraren gorakada ez da jada urrutiko mehatxua: errealitatea da, eta gure gizarteko hainbat arlotan du eragina, baita unibertsitate publikoan ere. Bere diskurtsoak, intolerantzian eta desinformazioan oinarrituta, arriskuan jartzen ditu oinarrizko printzipioak, hala nola pentsamendu-askatasuna, aniztasuna eta inklusioa; hau da, goi-mailako hezkuntza kritiko eta pluralaren funtsezko zutabeak.
Egoera horren aurrean, UKS – Unibertsitate Kritikoa Sareak -ikasleek, irakasleek, GGKE-ek eta gizarte-mugimenduek osatua- jardunaldi batzuk antolatu zituen joan den ostegunean, abenduaren 12an, errealitate horrek unibertsitate publikoan nola eragiten duen hausnartzeko eta ekiten hasteko gakoak eskaintzeko. Hemen PROGRAMA OSOA ikus dezakezue.
Nola eragiten dute diskurtso ultra horiek gure fakultateetan?
Unibertsitate publikoa historikoki eztabaidarako, inklusiorako eta pentsamendu kritikoa eraikitzeko gunea izan da (eta izaten jarraitzen du). Hala ere, eskuin muturreko mugimenduaren gorakadak erronka garrantzitsu eta beharrezkoak planteatzen ditu unibertsitatearen esparruan. Gorroto-diskurtsoak egotea, ideologia baztertzaileak sustatzea eta fake news-ak zabaltzea, oro har, gizartean ez ezik, ingurune akademikoan ere eragina duten fenomenoak dira.
Jardunaldi honen bidez, gogoetarako eta elkarrizketarako gune bat sortu nahi izan du UKS sareak, eskuin-muturra unibertsitate publikoan nola eragiten ari den eta aniztasunarekiko, justizia sozialarekiko eta askatasun akademikoarekiko konpromisotik erantzunak nola artikulatu ditzakegun aztertzeko.
Ildo horretan, jardunaldiak mahai-inguru batekin hasi ziren, arrazakeriaren aurkako, feminismoaren eta maskulinitateen, komunikazioaren eta fake news-en erreferente diren hiru aditurekin:
- Quinndy Akeju: giza eskubideen eta arrazakeriaren aurkako aktibista, esparru akademikoko gorroto-diskurtsoen eta diskriminazioaren azterketan ibilbide nabarmena duena. Afrokolektibaren sortzailekidea.
- Lionel Delgado: soziologoa eta maskulinitate eta feminismoetan aditua. Eskuin muturreko diskurtsoen eta maskulinitatearen eraikuntzen arteko harremana sakon ikertu du, narratiba horiek genero-eredu tradizionalak nola indartzen dituzten eta mugimendu erreakzionarioak nola elikatzen dituzten aztertuz.
- Elisa García Mingo: komunikazioko ikertzailea, diskurtso mediatikoen azterketan ibilbide luzea egin duena. Bere lana fake news-etan eta desinformazioan oinarritzen da, bereziki gorrotozko eta bazterkeriazko narratiben eraikuntzan, baita pertzepzio publikoan eta unibertsitateko bezalako espazioetako eztabaidan duten eraginean ere.
«La Pecera» dinamika
Adituen ahotsez gain, eztabaida kolektiborako espazioak ere sortu ziren. Mahai-inguruaren ostean, gune parte-hartzaile bat ireki zen «La Pecera» dinamikaren bidez. Bertan, bertaratutakoek parte hartzeko eta landutako gaiei buruzko hausnarketak, kezkak eta proposamenak partekatzeko aukera izan zuten. Formatu honen helburua elkarrizketa horizontala sustatzea eta ideien eraikuntza kolektiboa sustatzea da.
Rap feminista La Basurekin
Jardunaldiei amaiera emateko, La Basu raplari feministak kontzertua eskaini zuen Psikologia Fakultateko kafetegian, musika eta artea aldaketaren aldeko ahaleginarekin uztartuz, eta espazioa aldarrikapenaren eta erresistentzia artistikoaren agertoki bihurtuz. Elena Caballero Villanueva La Basu erreferente da musikaren panoraman, eta justizia sozialarekin eta diskriminazioaren aurkako borrokarekin konprometitutako letrengatik ezaguna da.