- Estatuko Koordinakundeko erakundeek Gazako su-eten akordioaren aukera txalotu dute. Israelgo Gobernuak bozketa atzeratu duela dioten azken informazioen aurrean, azkenean akordioaren alde bozkatuko duela espero dute.
- Su-etena iraunkorra izan behar dela gogorarazi dute. Halaber, epe laburrean laguntza humanitarioa eta epe luzera giza eskubideak, justizia eta bakea bermatzeko premia larria azpimarratu dute.
- Era berean, pozgarritzat jo dute Hamasek eta beste talde armatu palestinar batzuek urtebete baino gehiagoz bahitu gisa atxikitako pertsonak askatu izana, bai eta Israelek espetxeratutakoak aske utzi izana ere.
Urtebete baino gehiago igaro da Gazaren aurkako erasoaldia hasi eta Palestinako Lurralde Okupatuaren gainerako lurretan indarkeriak gora egin zuenetik. Horrez gain, Israelen hamarkadetako okupazioak ere eragin handia izan du, eta errealitatea latza da. Gazan ia 47.000 palestinar hil dituzte, 100.000 baino gehiago zauritu, herritar gehienak gose kronikoa pairatzen ari dira, laguntza humanitarioa tantaka sartzen da, eta ospitaleak eta eskolak bonbardatu dituzte. Haurren egoera bereziki kezkagarria da, baita haurdun dauden emakumeena edo adinekoena ere. Gazako Zerrendan bizi diren palestinarren %90, bi milioi pertsona inguru, etengabe desplazatzera behartua izan da, ihes egiteko gaitasunik gabe.
Aldi berean, Zisjordaniako indarkeriak, Jerusalem ekialdea barne, gora egin du etengabe, eta palestinarren bizitzei, etxeei eta bizimoduei eragin die. Israelgo zein beste nazionalitate batzuetako ia 100 bahituk atxikita jarraitzen dute Gazan, eta ez dago argi zenbat palestinar atxilotu dituzten hilabete hauetan, ezta haien egoera ere. Horren aurrean, su-etenerako akordio bat sinatzeak itxaropenerako ate guztiz erabakigarria ireki du une latz honetan.
Bertan lan egiten duten Koordinakundeko GKEek, tokiko erakundeekin eskuz esku, itxaropenez hartu dute erabakia, eta, aldi berean, zuhurtziaz, horren hauskortasunaren aurrean. Lehenbailehen su-etena behin betiko bihurtzea espero dute.
Bizitza berrosatzeko, adreiluak eta zementua ez ezik, prozesu luze bat ere beharko da, behar adina laguntza humanitario etengabea, justizia, etengabeko elkarrizketa, erreparazioa, giza eskubideak eta bakea bermatuko dituena.
Bide luze baten lehen urratsa
Su-etena iraunkorra izan behar da, eta laguntza humanitarioa nahikoa eta iraunkorra. Etengabeko lana hasi behar da bakea eraikitzearen alde, eta Nazioarteko Justizia Gortean eta Nazioarteko Zigor Auzitegian irekitako prozesu judizialei babesa bermatu behar zaie, Palestinako herriaren aurkako genozidio arrisku handiaren ondorioz, nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzeagatik, eta gerrako zein gizateriaren aurkako krimenak izan daitezkeelako.
Funtsezkoa da babes berezia ematea kolektibo garrantzitsuei, lekukotasunari, erreparazioari eta gizarte-ehuna berreraikitzeari dagokienez. Arreta berezia merezi dute, halaber, kazetariek, medikuek, gizarte zibileko erakundeek eta UNRWA bezalako Nazio Batuen erakundeek; horien zeregina -bereziki Gazan- ezinbestekoa baita oraindik. Eragile horien lana errazteko eta laguntzeko hilabeteotan egindako deia gogora ekarri nahi dugu.
Era berean, eskualdean gerrazalekeriaren gorakada geldiarazteko, estatuek, Espainia barne, Israelekiko arma merkataritza eta transferentzia amaitu behar dute.
Gobernuari eta indar politikoei eskatzen diegu beren erantzukizuna onar dezatela eta Kongresuan Legez Besteko Proposamen (PNL) batean onartutako bost puntuen alde seriotasunez eta erantzukizunez lan egin dezatela. Puntu horiek funtsezkoak dira bakerako bide neketsu eta luze bati ekiteko. Balizko su-etenak bakerako bide luze eta justuari ekiteko lehen urratsa izan behar du.
- Aldeei su-eten iraunkorra eskatzea.
- Gatazkako aldeei eskatzea sarbide humanitario nahikoa eta iraunkorra ahalbidetzeko, bereziki Gazan.
- Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta giza eskubideak errespetatzeko eskatzea aldeei.
- Espainiaren eta Israelen arteko arma-merkataritza amaitzea.
- Gatazkari irtenbide negoziatu bat emateko lan egitea.
Jatorrizko testua: Garapenerako Erakundeen Estatuko Koordinakundea
Itzulpena (euskaraz): Euskadiko GGKEen Koordinakundea