Erreferentzia-terminoak: hezkuntza formalean gizarte eraldaketarako hezkuntza indartzeari buruzko txostena

Erreferentzia-terminoak: hezkuntza formalean gizarte eraldaketarako hezkuntza indartzeari buruzko txostena

Kargua: Aholkularitza (erreferentzia-terminoak)

Deitzaile: Euskadiko GGKEen Koordinakundea

Aurkezteko epea: 28/02/25

Hezkuntza formalean Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza (GEH/EpTS) indartzeari buruzko txostena egiteko erreferentziazko baldintzak.

ERAKUNDE KONTRATATZAILEA

Euskadiko GGKEen Koordinakundea –www.ongdeuskadi.org–, 1988an eratua, Garapenerako Lankidetzaren eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren alorretan lan egiten duten 84 erakundek osatzen dute. Gure lana, batez ere, lankidetza hobetzeko eta sektorea indartzeko gure erakunde bazkideen ekintza koordinatzean datza, helburu nagusi hauekin:

  • Garapenerako lankidetza kalitate onekoa izatea sustatzea, hala erakunde publikoetan nola pribatuetan, bai eta kide diren GGKEetan ere.
  • Bazkide diren GGKEei laguntza eskaintzea gaitasun politiko eta teknikoekin eta gaitasun horiek indartzea.
  • Gure inguruko gizartea eraldatzeko laguntza ematea, maila globalean aldaketak gauzatuz.
JUSTIFIKAZIOA

Onartu berri den Lankidetza eta Elkartasunari buruzko Legean jasotzen den bezala, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza (GEH) funtsezkoa da balio solidarioak sustatzeko eta euskal gizartea mobilizatzeko. Lege horren helburua da gizarte libreagoak, demokratikoagoak, baketsuagoak eta inklusiboagoak garatzen laguntzea.

Euskadiko GGKEen Koordinakundeko GGKEek esperientzia handia dute Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako ekimenak ezartzen hainbat hezkuntza-esparrutan, bai ingurune formalean, bai ez-formalean eta informalean. Hainbat urtez elkarrekin hausnartu eta jardun ondoren, ezinbestekotzat jotzen dugu administrazioetan eragin politikoa indartzea, GEHek hezkuntza formalean presentzia handiagoa izan dezan. Horrez gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak funtsezko printzipioak ezartzen ditu euskal hezkuntza-sisteman inklusioa, ekitatea eta gizarte-kohesioa sustatzeko, eta, beraz, aukera berriak irekitzen ditu ikastetxeetan GEH indartzeko.

Ikerketa honek GGKEek hezkuntza formalean egiten duten lana aztertuko du, bereziki Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza euskal hezkuntza-sisteman integratzeari dagokionez. Helburua da ulertzea GGKEek nola laguntzen duten ikastetxeetan GEH indartzen, eta nola banatzen diren helburu horretara bideratutako baliabideak. Ikerketa horri esker, indarguneak eta erronkak identifikatu ahal izango dira, eta GGKEen eta hezkuntza-sistema formalaren arteko lotura indartuko duten gomendioen oinarriak ezarri ahal izango dira, beharrezko eragin politikoa errazteko.

IKERKETAREN HELBURUA:

Ikerketa honen bidez, honako hauek adierazi nahi ditugu:

Diagnostikoa:

  • GGKEek GEHn egiten duten lanari buruzko diagnostikoa egitea, hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren eremuak bereizita, eta lurralde-azterketa eginda. GGKEek Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren ekimenak ezartzen dituzten ikastetxeen (publikoak, itunduak, LH, unibertsitateak) portzentajezko banaketa identifikatzea.
  • GEHra bideratutako finantzaketa publikoaren (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, etab.) zenbatekoak aztertzea hezkuntza-eremu bakoitzean, kasu bakoitzean (hezkuntza formala, ez-formala eta informala), eta hezkuntza formalaren kasuan (publikoa, itundua, pribatua) gauzatutako ehunekoa bereizita. Joera historikoak identifikatzea Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren finantzaketan.
  • Tokiko, estatuko eta nazioarteko araudi-azterketa bat egitea, GEH hezkuntza formalean lantzeko beharra eta GGKEekin artikulatzearen garrantzia justifikatzeko.
  • Informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa aztertuz, hezkuntza formalean Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza indartzea egokia dela justifikatzen duten argudioak zehaztea.

Arrakalak eta aukerak identifikatzea:

  • Ikastetxeek hezkuntza formalean GEH ezartzeko dituzten zailtasunak identifikatzea.
  • Ikastetxeetan GEH aplikatzeko hainbat egoera planteatzea.

Ibilbide-orriak identifikatzea:

  • Gomendioak proposatzea Hezkuntza Sailaren aurrean eragin politikorako lehen urratsak jasotzen dituen ibilbide-orri bat eraikitzeko, GEH hezkuntza formalaren barruan kokatzeko.
  • Ikuspegi global-lokala indartuko duten egoerak sartzea, GEH eta nazioarteko lankidetza lotuko dituzten tresnak identifikatuz, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren lan-esparrua Hego Globalaren gaiarekin hasteko.

Direktorioa:

  • Eragin politikoa egiteko Hezkuntza Sailaren funtsezko eragileen direktorio bat sartzea, baita botere-mapa bat ere.
METODOLOGIA
  • Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren finantzaketa publikoaren ehunekoak agirien bidez aztertzea, lurraldearen arabera.
  • Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzan inplikatutako GGKEen informazioa biltzeko inkestak egitea.
  • Elkarrizketak egitea erakunde edo entitate garrantzitsuetako teknikariekin, bai ikastetxeetako ordezkariekin ere.
TXOSTENA

Azken produktua txosten tekniko bat izango da, Euskadiko GGKEen Koordinakundeari zuzendua. Txosten horrek atal bat izan beharko du ikerketaren helburuetan zehaztutako jomuga bakoitzerako. Jarraipen egokia ziurtatzeko eta prozesuan aldaketak ahalbidetzeko, hiru entrega egingo dira:

  1. Diagnostikoa: GGKEek Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzan egindako lanari buruzko diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa jasotzen duen hasierako txostena aurkeztuko da, lurralde-azterketa eta ikastetxeen tipologiaren araberako portzentajezko banaketa barne.
  2. Txosten osoaren zirriborroa: Diagnostikoa berrikusi eta onartu ondoren, zirriborro bat entregatuko da, txostenaren gainerako atalak jasoko dituena, hala nola arau-azterketa, arrakalen identifikazioa eta eragin politikorako gomendioak.
  3. Azken txostena: Azken txostena entregatuko da, Koordinakundeak zirriborroa berrikusi ondoren jasotako oharrak eta iradokizunak kontuan hartuta.

Ikuspegi mailakatu horrek edukia etengabe berrikustea eta pixkanaka fintzea ahalbidetuko du, azken txostenaren kalitatea eta egokitasuna bermatuz.

KRONOGRAMA

Hautatutako pertsonak edo taldeak kontratua sinatzen denetik (2025eko martxoaren hasieran) 2025eko ekainaren amaierara arte egingo du ikerketa. Amaiera-data aldatu ahal izango da, bi aldeek onartzen badute.

IKERKETARAKO TALDEAK BETE BEHARREKO BALDINTZAK

Hauek izango dira ikerketarako taldea hautatzeko irizpideak:

  • Erreferentziazko baldintza horietan jorratutako gaiekin lotutako esperientzia eta aurretiazko lanak.
  • Hezkuntza-esparruko garapenerako lankidetza-politikak eta/edo politika publikoak ezagutzea, bereziki Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari dagokionez.
  • Euskadiko ikastetxeen errealitatea ezagutzea.
  • Euskadiko hezkuntza-eragileen aniztasunarekiko lotura.
  • Genero-berdintasunari buruzko sentsibilitatea izatea.
  • Euskara menderatzea.
PROPOSAMENEN AURKEZPENA

Proposamenak aurkezteko epea 2025eko otsailaren 28ra arte egongo da zabalik. Interesa duten pertsonek edo taldeek beren curriculuma, informazio garrantzitsua eta proposamen ekonomikoa bidali beharko dute helbide honetara: hezkuntza@ongdeuskadi.org, gai honekin: Erreferentzia: GEHren ikerketa hezkuntza formalean.