Giza Eskubideen 22. Zinemaldia apirilaren 4tik 11ra bitartean izango da Donostian

Zinemaldia aurkezteko prentsaurrekoa ostegun honetan, martxoaren 27an.
  • Zinema jaialdiaren programazio osoa aurkeztu dute gaur: 25 nazionalitatetako 48 film, solasaldiak, ikastetxeentzako emanaldiak, hiru erakusketa, bi mahai-inguru eta jarduera osagarriak izango dira.
  • Sarrerak ostiral honetan, martxoaren 28an, jarriko dira salgai.
  • Euskadiko GGKEen Koordinakundeak munduko emakumeen egoerari buruzko Konekta TÚ online jolasaren bidez parte hartuko du berriz ere jaialdian.
  • Jokoan parte hartzen duten pertsona guztien artean, bost bonu zozkatuko dira Saretuz Donostiako kontsumo eraldatzailearen sareko saltokietan gastatzeko.

Bidasoako mugako migratzaileen egoera, AEBko eskubide zibilenaldeko borroka eta Argentinako mobilizazio sozialak, pertsona gorren eta riderren eskubideak eta Mexiko Hiriko garbitzaileei zuzendutako begirada izango dira Giza Eskubideen 22. Zinemaldiaren film eta solasaldietan jorratuko diren gaietako batzuk.

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatutako jaialdia apirilaren 4tik 11ra bitartean izango da, eta ostegun honetan, martxoaren 27an, programazio osoa aurkeztu dute.

Faisaien Irla – La Isla de los Faisanes (2025) Asier Urbietak zuzendutako euskal ekoizpenak inauguratuko du zinemaldia, apirilaren 4an Victoria Eugenia Antzokian.

India Donaldsonek zuzendutako Good One (2023) film estatubatuarrak itxiko du zinemaldia apirilaren 11n, Victoria Eugenian, film luze eta laburren sariak banatuko diren gala batean. Zinemaldiaren itxierako ekitaldian ere, Helena Taberna zinemagile nafarrak bere ibilbide osoari emandako sari berezia jasoko du.

Proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira. Emanaldi batzuk Antzoki Zaharrean egingo dira, tartean Zinema eta Biktimologiako II. Zikloan sartzen diren bi filmak. Tabakaleran hiru film proiektatuko dira, Zinema eta Memoria zikloa osatzen dutenak. Aurten, guztira, 25 herrialdetako 48 film programatu dira (25 film luze eta 23 labur).

Zinema programazioa osatzeko, ia egunero solasaldiak izango dira, protagonisten, zinemagileen eta landutako gaietan adituak diren pertsonekin.

Guztira, goizeko 9 emanaldi eskainiko dira Antzoki Zaharrean, hiriko ikastetxeentzat. Adin-taldearen arabera aukeratutako filmak dira: Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz (2024), Basatiak (2024) eta Mariposas negras (2024). Marramiau Sorkuntza Taldeak, Rita & Luca Filmsek eta Ikertzek film horiek lantzeko gida didaktikoak garatu dituzte.

Giza Eskubideen Zinemaldiak Tentazioa konpainiaren Interview – Urez eta hondarrez ikuskizunaren estreinaldia eskainiko du ere, Telmo Iruretak zuzendutako De agua y arena film laburrean oinarritua. Emanaldia euskaraz izango da, apirilaren 2an, asteazkenean, Victoria Eugenian.

Jarduera osagarriak eta online jolasa

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak Konekta TÚ online jokoaren bidez parte hartuko du berriz ere jaialdian. Joko horrek, urtero bezala, parte-hartzaileen ezagutzak egiaztatuko ditu; oraingoan, generoari, feminismoei eta munduko emakumeen egoerari buruzko 10 galdera eta erantzun planteatuz.

Animatzen direnak, parte hartzeagatik bakarrik, Saretuz Donostiako kontsumo eraldatzailearen sareko saltokietan gastatzeko bost bonuren zozketan sartuko dira.

Erronka onartuko duzu?

Bestetik, hiru erakusketa izango dira zinemaldiaren programazioan: Mauthausenetik haratago, Francesc Boix argazkilariaren eskutik; Kaliforniar ametsa, Darcy Padillaren eskutik; eta, azkenik, Arte eta Giza Eskubideen Haur eta Gazteen 21. ediziorako, 6 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteek egindako marrazki eta muralen erakusketa.

Gainera, bi mahai-inguru izango dira zinemaldian. Alde batetik, Gaza bajo los escombros. Crónica de un horror, Amnistia Internazionala, Mugarik Gabeko Medikuak eta Centre Delàs d’Estudis per la Pau taldeek antolatuta, martxoaren 31n, Victoria Eugeniako Club Aretoan. Eta Zehar – Errefuxiatuekin erakundeak Narratibak ehunduz topaketa aurkeztuko du espazio berean, apirilaren 5ean, migrazioei eta pertsona migratuei buruz hausnartzeko.

Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez eta Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren bidez, hurrenez hurren; baita GKEen eta hainbat erakunderen laguntza ere, tartean: Zehar, Unicef, Gehitu, Amnistia Internazionala, Acnur, SOS Arrazakeria, FiSahara eta Euskadiko GGKEen Koordinakundea.

Zinemaldiaren helburua da kalitatezko zinemaren bidez giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiri buruzko hausnarketa, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzea, baita justizia eta ekitate sozialarekin konprometitutako herritartasun aktiboa sustatzen laguntzea ere.

Sarrerak eta gonbidapenak

Sarrerak (5€) martxoaren 28an, ostiralean, 11:30ean, jarriko dira salgai, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.

Doako saioetarako gonbidapenak hilaren 28an bertan jarriko dira publikoaren eskura bi antzokietako leihatiletan, baita online ere.

Interview – Urez eta hondarrez ikuskizunerako sarrerak (10€) salgai daude jada. Zinema eta Biktimologia Zikloko bi saioetarako gonbidapenak ere eskura daitezke.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat