Hasiera » Koordinakundea » Gure historia » 30. urteurrena » Laino-harrapatzaileak Bolivian #30UrteAztarnaUzten
EUSKADIKO GGKE-EN KOORDINAKUNDEA
30. urteurrena
30 URTE AZTARNA UZTEN IKUS-ENTZUNEZKO KANPAINA #30UrteAztarnaUzten
Laino-harrapatzaileak Bolivian
Mundu osoko 1.200 milioi lagunek ez dute edateko urik eskura. Hura lortzeko zailtasunek ondorio lazgarriak dituzte; izan ere, baldintza txarretan dagoen ura edatea da haurren heriotza-kausa nagusietako bat munduko eskualde askotan. Eskolatzean ere eragin negatiboa du, batez ere neskatoen kasuan, haiek arduratu ohi direlako ur bila joateaz. Hori dela eta, Euskadiko GGKE asko ari dira lanean, giza eskubide gisa, munduko pertsona guztiei ura izateko aukera bermatzeko.
Andeetako gunean, klima-aldaketaren eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerek ekosisteman eragindako degradazioaren eraginez, lehortu egiten dira ibaiak eta iturburuak, eta ondorioz, ez da behar adina ur izaten laboreak ureztatzeko eta etxeetako erabilera pertsonalerako. Gainera, laboreen errendimendu kaskarrak eraginda, familiek handitu egiten dituzte ereite-guneak, eta azkenean, are kalte handiagoa egiten zaie akuiferoak berriz betetzeko guneei.
Arazo horren irtenbide bila, Zabalketa GGKEak proposatu du, mendiko eskualde horretan, lainoetako ura batzeko teknologia erabiltzea. Teknologia hori aurrez ere ezaguna zen, Txileko eta Peruko kosta-gune batzuetan erabili izan delako.
Euskadiko ikerketa-zentroen eta garapenerako tokiko eragileen arteko elkarlanari esker, laino-harrapatzaileak instalatu ziren Bolivian, 3.000 metrotik gorako garaieran eta kostatik 2.000 kilometrora. Haien bidez, instalatutako metro karratu bakoitzeko, kalitatezko 18 litro ur biltzea lortzen da egunean. Laino-bilketarako sistema hori martxan da dagoeneko, eta 200 familiari ematen die ur-zerbitzua.