- Duela egun batzuk, Israelgo armadak 400 pertsona hil zituen gau bakar batean; horietatik 170 haurrak ziren. Duela bi aste baino gutxiago erasoaldi berri hau hasi zenetik, ia 1.000 pertsona hil dira; erasoak hasi zirenetik, 50.000 palestinar baino gehiago hil dituzte jada.
- Ilargierdi Gorriak jakinarazi duenez, larrialdietako 14 langileren gorpuak agertu dira gutxienez. Langile humanitarioak jasaten ari diren eraso sistematikoak nabarmen urratzen ditu nazioarteko arauak.
- Espainiako Estatuko Garapenerako Erakundeen Koordinakundeak gogorarazi du, beste behin ere, su-eten iraunkor baten premia, bai eta sarbide humanitario nahikoa eta iraunkorra, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioarekiko errespetua, Israelekin armen merkataritza amaitzea eta gatazkari irtenbide negoziatu bat ematea beharrezkoak direla ere.
Ezinezkoa zirudiena gertatzen ari da. Gazako egoera okerretik okerrera doa etengabe; azken bi asteetan, mila palestinar erail dituzte; populazio zibilaren eta pertsonal humanitarioaren aurkako eraso sistematikoak; ihesbiderik gabe harrapatutako bi milioi pertsona, laguntza humanitariorako ia sarbiderik gabe; eta 45 minuturo haur bat hiltzen dute, haur-hilketatzat jo daitezkeen zifrekin.
Duela ia lau astetik, Gazan laguntza humanitarioa eta beste edozein hornidura sartzea debekatu da –2023ko urriaz geroztiko itxierarik luzeena–. Ia 60 bahitu israeldarrek eta beste nazionalitate batzuetakoek atxikita jarraitzen dute Gazan, eta ez dago argi hilabete hauetan atxilotutako palestinarren kopurua, ezta haien egoera ere. Zisjordaniako egoera ere zailtzen ari da, eta gero eta gehiago dira Israelgo armadaren eta kolonoen erasoak; ehunka palestinar, gehienak Palestinako errefuxiatuak, etxetik bota dituzte, eta ehunka atxilotu.
Israelek entzungor egiten die Nazio Batuen deiei, baita Nazioarteko Justizia Gorteak erasoak eta bonbardaketak geldiarazteko egindako eskaerei ere. Palestinan lan egiten duten erakunde humanitarioak eta garapenekoak kriminalizatu egiten dituzte, eta eremu horretan egiten duten lanaren murrizketak jasaten dituzte; bai gizarte zibilekoak, bai UNRWA, horien zeregina, batez ere Gazan, oraindik ezinbestekoa delarik. Langile humanitarioen aurkako erasoak sistematikoak dira (ia 400 heriotza 2023ko urritik), eta sarbide humanitarioaren oztopoak etengabeak. Prentsaren aurkako erasoak hildakoen kopuru eskandalagarria utzi du: 208 pertsona 2023ko urritik; kazetarien hilketaren dimentsioak ez du aurrekaririk, eta nazioarteko prentsarentzat ezinezkoa da Gazan sartzea.
Epeltasuna basakeriaren aurrean
Errealitate horren ondorioak oso larriak dira palestinarrentzat, baina baita gizadi guztiarentzat ere, giza eskubideen arloko akordioak zigorgabetasun osoz zapaltzen ari direla ikusten baitute. Bien bitartean, arma-merkataritzak aurrera jarraitzen du Israelekin, eta nazioarteko komunitatearen jarrerak epelak dira hain muturreko egoera baten aurrean. 2024ko azaroan, “Gazako genozidioa gelditzeko” Israelekin harreman ekonomiko, politiko eta militarrak eteteko eskatu zuen Francesca Albanesek, lurralde palestinar okupatuetako giza eskubideen Nazio Batuen Erakundeko kontalariak. “Genozidioa da, palestinar kopuru oso handiaren aurkako ekintza hiltzaileen eta sarraski baten patroiak ikusi ditudalako. Gazan bizitzeko aukera suntsitzera bideratutako jokabidea da”, salatu zuen Albanesek.
Espainiako Estatuko Garapenerako Erakundeen Koordinakundeak, eskualdeko gizarte zibilarekin eskuz esku lan egiten duten erakundeak ordezkatzen dituen plataforma den aldetik, gogorarazi du, lehenik eta behin, su-etena modu iraunkorrean errespetatu eta bermatu behar dela. Gainera, Nazioarteko Justizia Gortean eta Nazioarteko Zigor Auzitegian irekitako prozesu judizialak babestu behar dira, Palestinako herriaren aurkako genozidio arrisku handiaren, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketaren eta gizateriaren aurkako zein gerrako balizko krimenen ondorioz.
Koordinakundeak, beste behin ere, Espainiako Gobernuari eta indar politikoei eskatzen die erantzukizuna beren gain har dezatela eta neurriak har ditzatela Kongresuan Legez Besteko Proposamena batean onartutako bost puntuak bermatzeko. Puntu horiek erabakigarriak dira basakeriarekin amaitzeko eta bakerako bideari ekiteko.
- Aldeei su-eten iraunkorra eskatzea.
- Gatazkako aldeei eskatzea sarbide humanitario nahikoa eta iraunkorra ahalbidetzeko, bereziki Gazan.
- Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta giza eskubideak errespetatzeko eskatzea aldeei.
- Espainiaren eta Israelen arteko arma-merkataritza amaitzea.
- Gatazkari irtenbide negoziatu bat emateko lan egitea.
Jatorrizko testua: Garapenerako Erakundeen Estatuko Koordinakundea
Itzulpena (euskaraz): Euskadiko GGKEen Koordinakundea