Aire berrituak euskal lankidetza politikan

Argazkia: Setem Hego Haizea. Ekuadorreko komunitate indigenetan agroekologia bultzateko lankidetza proiektua
Argazkia: Setem Hego Haizea. Ekuadorreko komunitate indigenetan agroekologia bultzateko lankidetza proiektua

Nima nekazaria da Sudanen, eta bere uztak lehortzen eta alferrik galtzen ari direla egunero egiaztatzen du euria gero eta ezegonkorragoa delako eta lehorteak ohikoak direlako. Bien bitartean, Arabako Iratxe baserritarra aztertzen ari da laboratzen dituen produktuak egungo tenperatura-aldaketei hobeto eutsiko dioten beste batzuekin ordezkatzea. Flor María bere alabarekin bizi da Limako emakumeen etxe batean indarkeria matxista pairatu duelako; han formakuntza jasotzen ari da bere negozioa abian jartzeko. Aldi berean, Saioa, Miren eta Lourdes sare feministak josten ari dira Euskadiko zenbait emakumeen etxetan matxismoari aurre egiteko. 1937an, José Antonio izeneko haurra bere jaioterri zen Gernikatik itsasontziz Caracasera abiatu zen etorkizun baten bila; orain dela hilabete gutxi batzuk, Siriako Amal gaztea Gipuzkoara heldu zen gerratik ihesi bizitza berri baten bila.

Istoriook erakusten dute zenbait faktore globalek gure mundua mehatxatzen dutela eta eragina dutela herritar guztiengan, baina bereziki pertsona zaurgarrienengan. Larrialdi klimatikoa, pobrezia eta desberdinkeriak, gerrak eta indarkeria, nazioarteko ezegonkortasuna edota prekarietatea arrisku horietako batzuk dira. Euskadiko lankidetza-politikek solidarioagoak, bidezkoagoak eta jasangarriagoak diren gizarteak lortzeko helburuan aurrera egiten ahalbidetzen dute. Horretarako, adostasunak, konpromisoak eta indarrak batzeak berebiziko garrantzia du. Horren adibidea pasa den otsailaren 15ean, Eusko Legebiltzarrean, aurki dezakegu. EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP beren desadostasunak alde batera utzi zituzten eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Lege berria onartu zuten. Horri esker, Euskadik etorkizunari gogoz begiratuko dio elkarlotutako erronka eta mehatxuei aurre egiten laguntzen jarraitzeko eta munduan ikusi nahi dugun aldaketaren parte izateko.

Lege berri honek helburu hau sendotu nahi du: Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren % 0,7 lankidetza-politiketara bideratzea, Nazio Batuen Erakundeak onartutako Garapen Jasangarrirako Helburuei jarraikiz. Gai hori garrantzitsuenetarikoa da, eta eraldatzaile eta erreferente izan nahi duen lankidetza-lege berri batek ezin dio horri uko egin. Konpromiso hori etikoa da, baina portzentaje bat baino gehiago ere bada: Euskadik egungo munduan izan nahi duen paperaren aitortza da.

Marko juridiko berri honek erakundeen arteko kolaborazioa indartzen du (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta udalak), eta horren aplikazioa Euskal Herriko Unibertsitatera eta EUDELera zabaltzen du. Zenbait aurrerapen garrantzitsu dakar garapenerako politiken koherentziaren alorrean, lankidetza-politiketan gardentasun eta kontu-ematearen aldeko apustu handiagoa egiten du, armen industria diru publikoarekin finantzatzea debekatzen du, eta feminismoaren eta giza eskubideen, ingurumenaren eta oinarri demokratikoen aldeko ikuspegia txertatzen du. Halaber, indartu nahi du Euskadiren elkartasun tradizioa, eta horretarako gizartea eraldatzeko hezkuntzaren aldeko apustua egiten du, elkartasun balioak sustatzen ditu, gizartearen eta bere erakundeen mobilizazioa bultzatzen du, eta elkarteen sarea areagotzen du. Gainera, tresnak eta mekanismoak martxan jartzera hitzematen du izapide administratiboak errazteko eta malgutzeko, eta garapenerako GKE-en protagonismo historikoa aitortzen eta sendotzen du. Azkenik, 2007ko Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren legearen konpromisoak berresten ditu.

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundean nazioarteko lankidetzan diharduten 83 GKE biltzen ditugu, eta arau honetan aurrerapenak egon badaudela uste dugu. Hasieran ez ginen horren aldekoak, baina gizarte zibileko erakundeak garen heinean guretzat funtsezkoa diren gaiak kontuan izateko Eusko Jaurlaritzak egin duen esfortzua aitortu nahi dugu; baita garapenerako GKEak funtsezko eragile gisa onartzea ere munduko hainbat herri eta pertsona zaurgarrienekin batera egindako ibilbide luzearen ondorioz.

Euskal lankidetzaren denbora berri honi ilusioz eta gogobetez ekiten diogu, baita tentuz ere 2007ko aurreko legea hainbatetan bete ez delako. Espero dugu lege berri honek eta garatuko diren hurrengo tresnek kalitatezko eta egonkorrak diren euskal lankidetza politikak zurkaiztea, eta beharrezkoa den markoa ezartzea nazioartean berriro erreferentea izan gaitezen, egungo testuinguru aldakorrean eta ziurgabetasunez eta mehatxuz beteta. Azken finean, lege marko hau lehenengo pausua baino ez izatea espero dugu erronka berriak dituen politika hau egonkortzeko. Gizarte zibileko erakundeok marko horretan aukera bat ikusten dugu mundu hobe baten eraikuntzan laguntzen jarraitzeko, pertsona guztiek aukera berdinak izan ditzaten, Sudanen, Perun, Sirian edo Euskal Herrian.

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundea

ENTRADAS RELACIONADAS

Konexioak irudiak

Obamarengandik 5 pertsonatara zaude

Teoria bitxi horrek erakusten digu garapenerako GKEok jaio ginenetik defendatzen dugun hau: bizi garen mundua guztiz interkonektatuta dago, eta gure ekintzek ondorioak dituzte gure ingurunetik haratago.

Utzi erantzun bat