El Salvadorko euskal ordezkaritzaren adierazpena, Fidel Zavala giza eskubideen defendatzailearen atxiloketaren aurrean

Euskal Herria (Espainiako Estatua), 2025eko martxoaren 7a

eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Eusko Legebiltzarra, Zehar – Errefuxiatuekin, Paz y Solidaridad Euskadi, Bakerako Lankidetza Batzarrea (ACPP-BLB) eta Euskadiko GGKEen Koordinakundearen komunikatua:

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaritzak, eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Eusko Legebiltzarrak eta giza eskubideen zein lankidetzaren arloko hainbat erakundek (Bakerako Lankidetza Batzarrea ACPP-BLB, Paz y Solidaridad Euskadi, Zehar-Errefuxiatuekin eta Euskadiko GGKEen Koordinakundea) osatutako euskal ordezkaritza batek El Salvador bisitatu zuen urtarrilaren 25etik 30era, 2023 eta 2024 urteetan NARE – Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan parte hartu zuten pertsona eta kolektiboen jarraipena egiteko, bai eta giza eskubideen aldeko prozesuetan euskal erakunde eta instituzioen babesa ikusarazteko ere.

Ordezkaritza UNIDEHC eta giza eskubideen arloko beste erakunde batzuekin bildu zen, tartean, erakunde sindikalekin, mugimendu feministarekin, LGTBIQ+ pertsonen defentsarako elkarteekin, kazetariekin, ingurumenaren eta lurraldearen defendatzaileekin, erregimenaren biktimekin, ama bilatzaileekin eta erakunde akademikoekin. Garatutako agendaren barruan, ordezkaritzak Fidel Zavala giza eskubideen defendatzailea ezagutzeko aukera izan zuen. Defendatzaileak bere kezka partekatu zuen bertan, agintariek berriro atxilotu eta salatzeko arriskuaren aurrean. Izan ere, 2024an, tortura eta tratu txarrak salatu zituen publikoki, 13 hilabetez espetxeratuta egon ostean; agintariek iruzur larriagotua leporatu zioten, baina epaitegiak errugabetzat jo zuen.

Otsailaren 26an, La Floresta komunitateko lurren defendatzaileei laguntzen zien bitartean, atxilotu egin zuten, legez kanpoko elkarteak osatzea eta abokatu gisa legez kanpo jardutea egotzita.

Egoera horren aurrean,

honakoa ESKATZEN DIEGU El Salvadorko agintariei:

  1. Bere aldeko kautelazko neurrien eskaerari premiaz erantzutea.
  2. Fidel Zavalak legezko berme juridiko guztiak izatea Zuzenbidearekin bat datorren prozesu judizial baterako.
  3. Familiari bere egoera ezagutzeko aukera bermatzea, legeriak ezartzen duen moduan; hala badagokio, baita bisita egiteko aukera ere.
  4. Bere osotasun fisikoa bereziki zaintzea. Izan ere, bere familia eta gizarte ingurunea hiltzearen beldur dira, 2024an El Salvadorko espetxe-sistemaren kontra egindako salaketa publikoengatik atxiloketa errepresalia gisa erabil litekeela susmatuta.

Bere egoera eta prozesuaren garapena gertutik jarraituko ditugu.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat