Hasiera » Koordinakundea
Euskadiko GGKE-en Koordinakundea
Garapenerako gobernuz kanpoko euskal erakundeen (GGKE) kolektibo bat gara
Salatzen dugu egungo garapen-ereduak pobrezia, desberdintasunak eta bidegabekeriak eragiten dituela, ingurumena suntsitzen duela eta giza eskubideak urratzen dituela mundu osoan. Hori aldarrikatzen dugu sinetsirik norabidea alda daitekeela borondate politikoarekin eta norbanakoen eta taldeen inplikazioarekin.
Bizi garen munduan dena elkarrekin erlazionatuta eta lotuta dago, non aurrean ditugun arazo eta erronka nagusiak globalak diren. Hortaz, haien konponbideek dimentsio bera izan behar dute. Hauek dira, besteak beste, giza garapen jasangarria lortzeko gure jarduera-tresnak: nazioarteko lankidetza, gizarte-eraldaketarako hezkuntza, ekintza humanitarioa, bakea sustatzea, giza eskubideak babestea eta emakumeen eskubideak defendatzea ikuspegi feminista batetik.
Euskadiko GGKE-en Koordinakundea 1988an sortu zen 11 erakunde sortzaileren eskutik, eta, gaur egun, 83 GGKEk osatzen dute. Sektorearen isla gara, eta GGKE-en eta gizartearen proposamenak, interesak eta balioak ordezkatzen ditugu administrazio publikoen, beste erakunde batzuen eta herritarren aurrean.
Jokabide Kode komun baten arabera egiten dugu lan, eta hartan jasota daude gure ekintza eta bazkide diren GGKE-ena gidatu behar duten printzipioak eta balioak. Halaber, gardentasuneko eta gobernu oneko estandar partekatuak hartzen ditugu aintzat.
2009an, Eusko Jaurlaritzak Ignacio Ellakuria saria eman zigun gure ibilbidean egindako lanagatik.
Garapenaren “G”-rekin
Gure erakunde bazkideei lotutako “G” horrek garapena esan nahi du, eta haien lan-esparrua islatzen du.
GGKE-ek justizia globala eta pobrezia eta desberdinkeriak sortzen dituzten kausak gainditzen laguntzen dute. Halaber, mundu bidezkoagoa eta ekitatiboagoa eraikitzen laguntzen dute, bizitza duina eta eskubide guztiak ahalbidetzeko.
Horretarako, hezkuntza, osasuna edo nekazaritza jasangarria bultzatzeko ekimenak sustatzen dituzte, behar diren azpiegiturak eraikitzeko, tokiko instituzioak indartzeko, edo ekitatea bermatzeko, etab.
Larrialdi-egoeretan edo hondamendi naturaletan ere esku hartzen dute.
Euskadin, munduko beste errealitate batzuk erakusten dituzte, bidegabekerien arrazoiez sentsibilizatzen dute, giza eskubideen urraketa salatzen dute, aldaketarako proposamenak egiten dituzte eta neurriak hartzeko presioa egiten dute.
“2,5 milioi eta erditik gora pertsonarekin lan egiten dugu 58 herrialdetan eta 740 lankidetza-proiektu baino gehiagoren bidez.
90.400 pertsonak babesten dute Euskadiko GGKE-en lana, bai ekonomikoki, bai boluntariotzaren bidez; azken horretan batez ere emakumeek parte hartzen dute.”
Gure helburuak
- Kalitatezko garapenerako euskal lankidetza-politika sustatzea, sendoa, berritzailea eta egonkorra, erakunde publiko, pribatu eta GGKE bazkideetan.
- Bazkide diren erakundeen jarduerak koordinatzea kolaborazioaren, elkarrizketaren eta elkarren arteko ekintzaren bitartez haien esku-hartzeak eraginkorragoak izateko.
- GGKEak beren lanean laguntzea, beren jarduketak eta gaitasun politiko eta teknikoak indartzea, eta aliantzak erraztea, beren baliabideak kolektiboaren zerbitzuan jarriz, eta alderantziz.
- Kontzientzia kritikoa eratzen laguntzea, justizia globala, giza eskubideak eta berdintasuna nagusitu daitezen.
Gure balioak
- Nazioarteko lankidetza da, justizia sozialarekin dugun erantzunkidetasunaren ondorioz, Euskaditik pobretutako herrialdeekin eta egoera zaurgarrienetan dauden kolektiboekin batera egiten dugun lan horizontala. Horren helburua da giza garapena eragozten duten oztopoak ezabatzea. Solidaritatean, elkarrekikotasunean eta interes ezan oinarritzen den prozesua da, bestelako interes ekonomikorik gabe.
- Ikuspuntu sinplista edo eurozentristen aurrean, garapen are barneratzaileagoa sustatzen dugu. Garapen horren arabera aitortzen da, besteak beste, aniztasunak planeta eta gizarteak aberastu, eta giza eskubideak indartzen dituela.
- Garapenerako lankidetza funtsezko tresna da pertsonen eta herrialdeen garapena zailtzen dituzten mekanismoei buruz hezteko, sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko. Beharrezko palanka da gizarte zibil antolatua, giza eskubideekiko konprometitua eta kontzientziatua, —eta, beraz, libreagoa—, batetik, gizartearen eraldatzea aktiba dezan eta, bestetik, munduko desorekak ezabatzeko eraginkorrak diren neurriak eska ditzan.
- Sustatzen dugu, besteak beste, demokrazia, parte-hartzea, independentzia, askatasuna, gardentasuna, koherentzia eta ikuspegi feminista.
- Munduan dauden beste hainbat talde sozialek bezala, gurea egiten dugu beste mundu bat posible da goiburua, bai eta inor atzean ez uztearen borondatea ere.
5 ikuspegitatik egiten dugu lan
- Giza eskubideen ikuspegiak erreferentziatzat hartzen ditu unibertsaltasuna, berdintasuna eta bazterkeria-eza. Horregatik, lehentasunezko ekintzak proposatzen ditu zaurgarri izateko edo gizarte-bazterketan erortzeko arriskuan dauden taldeentzat.
- Gizarte-eraldaketaren ikuspegiak kontzientzia kritikoa indibidual eta kolektiboa sustatzen du, pertsona eta herri ororekin justua, bidezkoa eta jasangarria den elkarbizitza lortzeko. Halaber, proposamenak egiten ditu egungo eredua eraldatzeko bidezkoa eta jasangarria ez delako.
- Genero-ikuspegia gaindituko duen ikuspegi feministarik gabe, ezin da benetako eraldaketa sozialik gertatu.
- Tokiko-mundu mailako ikuspegiak sistemaren interdependentzietan, bidegabekerien kausa estrukturaletan eta beren inpaktuetan (tokikoak eta globalak), eta erantzunkidetasunean eta erronka komunetan sakontzea sustatzen du, beti ere herritartasun globalaren ikuspegitik.
- Naturaren eskubideen ikuspegiak gainditu egin nahi du ingurumenarekiko erantzukizunaren edota planteamendu ekologistaren inguruan dagoen ikuspegi murriztailea —eta, zentzu batean, ekonomizista—. Gainera, herrialde sortzaileen ikuspegia gehitzea du helburu.