Moda azkarraren benetako kostua lelopean, ohartarazi dute moda azkarraren industria jantzien produkzio masiboan oinarritzen dela, azken joeretan inspiratuta dagoela eta iraupen mugatua duela, eta, beraz, ondorio lazgarriak dituela. Batetik, “bigarren industria kutsagarriena da, energia fosilen atzetik: Arropa Garbia Kanpainaren arabera, modaren industriak urtean 92 milioi tona hondakin eta 1,5 bilioi litro ur erabilezin sortzen ditu, beraz, munduko hondakin-uren % 20”, azpimarratu du. Bestetik, “arropak ekoizteko egundoko baliabideak behar ditu, baina planetaren baliabideak mugatuak dira”, gogoratu dute. Hori guztia gutxi balitz bezala, salatu du industria honek ezkutatzen dituela “asteko 70 orduko lanaldiak (sektoreko langileen % 80 emakumea da), soldata iraingarriak, osasunerako kaltegarriak diren tekniken eta produktu kimikoen erabilera, eta segurtasun- eta osasungarritasun-baldintzak betetzetik urrun dauden lantegiak”.
Plataformaren hitzetan, zenbait arropa-markak 52 denboraldi edo arropa-bilduma aurkezten dituzte urtero (astero bat, gutxi gorabehera). Zentzu horretan, Ellen McArthur Fundazioaren aburuz, herritarren kontsumoa % 60 hazi da azken 15 urteetan, eta Europako armairuetan dagoenaren % 30 ez da erabili urtebetean gutxienez.
Plataformak baieztatu du “horrek kontsumitzen dugun moduaren inguruan hausnartzera bultzatu behar digu. Gutxiago kontsumitzen badugu, eta modu arduratsuago, jasangarriago eta kontzienteago batean, ondorio positiboak eragingo ditugu gure ingurunean eta urruneko beste leku batzuetan”. Halaber, aitortu dute arazo honen kausak ugariak direla, eta erabaki politiko eta ekonomikoen ondorio direla, beraz “konponbideek globalak izan behar dute eta sektore askotan landu behar dira”.
Ekimenak kontsultatu:
Zine-foruma La Caja filmrekin (urriaren 17an)