Euskadiko GGKEen eta horiek biltzen dituen Koordinakundearen lanari buruz hitz egin dugu Radio Vitoria irratian, bai eta lankidetzarako gastu publikoa %0,7ra izateko beharraz ere. Konpromiso horretan, Gasteiz aitzindaria izan zen urte askotan zehar.
Gaur, otsailak 27, GKEen Nazioarteko Eguna da, eta Radio Vitoria Gaur magazina Gasteizko Dendamundi dendan izan da, Marian Uriarte Iturrate elkarrizketatzeko. Medicusmundi Arabako Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza eta Komunikazio teknikaria da Marian, bai eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeko lurralde-batzarreko kidea ere.
Alde batetik, Koordinakundea osatzen duten 83 erakundeen lana azaldu du Marianek (horietako 30 Araban aritzen dira). Erakunde horiek 120.000 laguneko oinarri soziala dute orotara, 63 herrialdetan jarduten dute, eta mundu osoan 3 milioi pertsona baino gehiagorengana iristen diren 839 proiektu dituzte martxan.
Horrez gain, Mertxe Guillen kazetariarekin, garapenerako euskal GGKEek dituzten erronka nagusiei buruz hitz egin dugu, besteak beste, lankidetzarako %0,7ko gastu publikoa lortzea. Aldarrikapen historiko horren inguruan, Gasteizko Udala aitzindari izan da urte askotan, 1988tik 2016ra arte. Horixe izan zen Arabako hiriburuak gastua %0,7tik gora mantendu zuen azken urtea (2022an izan ezik), eta orduz geroztik gastu horren azpitik mantendu da, nahiz eta gertu egon eta beste erakunde batzuen oso gainetik jarraitu arren.
Hala ere, Espainiako Estatuan Garapenerako Lankidetzari buruzko Legeari esker eta EAEn Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege berriari esker gaur egun legezko konpromisoa bada ere, euskal erakundeak, oro har, oraindik urrun daude Europako batez bestekotik (%0,51) eta legeak 2030erako ezarritako %0,7 horretatik.
Elkarrizketaren amaieran, Carmen Biain boluntarioarekin batera, Medicusmundi Arabak egiten duen lana hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dugu. Hain zuzen ere, Carmenek eta Marianek azaldu dute Pio XII.a kaleko 18. zenbakian dagoen Dendamundi Bidezko Merkataritzako dendan aurrera daramaten proiektua.
Elkarrizketa osoa GUAUn entzun dezakezue, EITBren podcast plataforma berrian.
