Ordezkaritza batek El Salvadorren bisitatuko ditu Euskadin aldi baterako hartutako giza eskubideen defendatzaileak

Euskal ordezkaritza Kolonbian, 2024ko urtarrilean. Argazkia: IREKIA
  • Euskadiko GGKEen Koordinakundeak parte hartuko du Eusko Jaurlaritza buru duen ordezkaritzan, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin, Eusko Legebiltzarrarekin eta giza eskubideen zein lankidetzaren arloko erakundeekin batera.
  • Urtarrilaren 23tik 30era bitartean, El Salvador bisitatuko du ordezkaritzak, NARE Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan parte hartu duten pertsonen eta kolektiboen jarraipena egiteko.

Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Eusko Legebiltzarrak eta giza eskubideen zein lankidetzaren arloko hainbat erakundek (Bakerako Lankidetza Batzarrea BLB, Paz y Solidaridad Euskadi, Zehar-Errefuxiatuekin eta Euskadiko GGKEen Koordinakundea) osatutako ordezkaritza batekin batera, El Salvador eta Costa Ricara bidaia egingo du, NARE – Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan parte hartu duten pertsona eta kolektiboen jarraipena egiteko. Euskal ordezkaritza 13 pertsonak osatuko dute, Jagoba Alvarez, Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko zuzendaria buru.

El Salvadorrera bisita ofiziala urtarrilaren 25etik 30era dago programatuta, eta horren helburua NAREn parte hartu duten pertsonen eta haien kolektiboen babesa indartzen jarraitzea da, euskal gobernuaren, legebiltzarraren eta elkarteen babesa ikusaraziz.

Ordezkaritzaren zati bat -Koordinakundea, Zehar eta beste GGKE batzuk barne- lehenago joango da herrialdera, eta urtarrilaren 23tik aurrera bilera ugari izango ditu, Las Incómodas Feministas kolektiboarekin, mugimendu sindikalarekin eta giza eskubideen alde lan egiten duten beste kolektibo batzuekin. Ondoren, haien eskaerak eta kezkak herrialdeko erakunde publikoei helaraziko zaizkie. Agendaren barruan ere, topaketak izango dituzte nazioarteko erakundeekin eta kidego diplomatikoarekin.

Gero, urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean eta 3an, NAREren ordezkaritza tekniko bat Costa Ricara joango da, erbestean hainbat kide dituen Nikaraguako gazte-erakunde baten egoeraren jarraipena egiteko. Horietako bat Euskadin hartu zuten. Bisita horretan, topaketa gehiago egingo dira Costa Rican erbestealditik lan egiten duten giza eskubideen aldeko erakundeekin eta arrisku-egoeran dauden giza eskubideen defendatzaileak babesteko ekimenekin. Koordinakundeak eta ordezkaritzaren zati handi batek ez dute parte hartuko bigarren bisita horretan.

13 urte Giza Eskubideen defentsan

NARE programaren 13 urteko ibilbidean hainbat jarraipen-bisita egin dira: Kolonbia, Guatemala, Peru eta Hondurasera. Lehen aldia da El Salvador eta Costa Rica bisitatuko direla.

Ildo horretatik, Jagoba Alvarez Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak bisita horiek balioetsi ditu: «Giza eskubideen defendatzaileen babesarekin dugun konpromisoa ez da Euskadin harrerarekin bukatzen. Egoera indibidual eta kolektiboaren jarraipena egiteaz gain, bisita hauen bidez giza eskubideen defentsan euren bizitza arriskuan jartzen dutenen babesa indartzen dugu. Giza eskubideen defendatzaileak ezinbestekoak dira demokrazia, berdintasuna eta justizia soziala lortzeko. Beraien lana ezinbestekoa da, eta Eusko Jaurlaritzatik laguntzen jarraituko dugu», azpimarratu du Alvarezek.

NARE – Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programa 2011n sortu zen, Zehar-Errefuxiatuekin lankidetzan kudeatzen da, eta, gainera, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarenren laguntza ere badu. Programa «erreferente» bilakatu da, baina azpimarragarriena, Alvarezen hitzetan, bere «berezitasuna» da. Hainbat euskal eragilek babesten duten ekimena da, hala nola, Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, akademiak (Deustuko Unibertsitatearen Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua eta EHUren Hegoa – Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutua) eta giza eskubideen zein lankidetzaren arloko erakundeek.

Giza eskubideen alde egiten duten lanagatik beren bizitza edo segurtasuna mehatxatuta ikusten duten erakunde, gizarte-mugimendu edo kolektiboei lotutako pertsonak babesten laguntzea da NARE programaren helburua, Euskadin sei hilabete inguruko harrera eginez. Itzuleraren ondoren, programan parte hartu duten pertsonen egoera indibidual eta kolektiboaren jarraipena egiteko ekintza nagusietako bat bisita horiek egitea da.

Azkenik, bisitatik eratorritako emaitzak, ondorioak eta gomendioak komunikatu batean eta txosten batean jasoko dira, Eusko Jaurlaitzaren, Eusko Legebiltzarraren eta gizarte-erakundeen eskutik. Dokumentu publiko horren asmoa da giza eskubideen defendatzaileen babesa eta segurtasuna sustatzen jarraitzea eta herrialdeko giza eskubideen egoerari buruzko diagnostikoa egitea.

Honako lotura honetan giza eskubideen behaketarako euskal ordezkaritzak Kolonbian plazaratutako komunikatua (2024) irakur dezakezua.

Jatorrizko prentsa oharra IREKIA atarian.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat