- Maiatzaren 15etik 25era izango da Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko ariketa sozial erraldoiaren IV. edizioa, Elkar mugituz egingo dugu! lelopean.
- Euskadiko GGKEen Koordinakundeak ere ekimenarekin bat egingo du aurten, besteak beste, ariguneak sortuz, izen-emateak bultzatuz, Lankidetzan Euskaraz ataria zabalduz eta Nazioarteko Lankidetza Hiztegiaren erabilera sustatuz.
- Dagoeneko martxan da entitateek zein norbanakoek izena emateko epea. Azken horiek ahobizi edo belarriprest rola aukeratu beharko dute oraingoan ere.
Joan den larunbatean, martxoaren 15ean, 2025eko Euskaraldiak herritarren izen-ematea irekitzeko ekitaldia antolatu zuen Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Aurten, maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabileran jauzia emateko asmoz sortutako ariketa sozial erraldoia, Elkar Mugituz Egingo Dugu! lelopean.
2018, 2020 eta 2022ko edizioen ostean, Euskaraldiaren laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak ekimenarekin bat egingo du oraingoan ere, 2023ko Euskara Planaren ildotik.
Horretarako, entitate gisa izena emateaz gain, Koordinakundeak lau ekarpen egingo dizkio ekimenari:
- Ariguneak sortuko ditu bere bulego zein espazioetan, horretarako aukera dagoen kasuetan, hamaika egunez euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan jardun eta entzuteko.
- Horrez gain, entitateen zein norbanakoen izen-ematea bultzatuko du, bai Koordinakundearen egituretan, bai Koordinakundearen parte diren erakundeen artean.
- Bestalde, Lankidetzan Euskaraz atariaren zabalpenean sakonduko du. Koordinakundearen webguneko atal horrek euskararen erabilera sustatu nahi du nazioarteko lankidetzaren sektorean, GGKEetan eta gure erakundean, hainbat baliabideren bitartez: euskara maila ezagutzeko eta hobetzeko tresnak, dokumentu-ereduak, zuzentzaileak, itzultzaileak, hiztegiak, euskara ikasteko baliabideak, diru-laguntzak…
- Azkenik, Bakun itzulpen eta argitalpen zerbitzuarekin elkarlanean sortutako eta 2024. urtearen amaieran argitaratutako Nazioarteko Lankidetza Hiztegiaren erabilera bultzatuko du. Dokumentuak lankidetzaren arloko ohiko hitzak, kontzeptuak eta siglak biltzen ditu, euskaraz. Gainera, 2025ean zehar hiztegia eguneratzen jarraitzeko asmoa du Koordinakundeak.
Izena eman nahi duzu?
Laguntza behar duzu?





