Gernika-Palestina deialdi herritarraren jakinarazpen honekin egin dugu bat:
Urriaren 7aren geroztik, indarkeriaren areagotzea gertatzen ari da Israelen eta Palestinan. Bi aldeetako zibilen heriotzak zeharo mingarriak dira eta bake aukeratik urruntzen gaituzte, dagoeneko 75 urtez luzatzen den gatazka honetan. Palestina eta Israeletik iristen ari zaizkigun berriak kezkagarriak dira oso. Gazaren gaineko bonbardaketak ehunka hildako eta milaka zauritu eragiten ari dira, horietatik asko eta asko
umeak; elektrizitatearen, uraren eta bestelako oinarrizko hornigairen mozketa; Gaza Hiriko biztanleei euren etxeetatik alde egiteko eman zaien ultimatuma… Ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen larrialdi humanitario baten aurrean gaude. Izan ere, giza-eskubideen aldeko elkarte palestinarrek zein Amnesty International eta Human Rights Watch elkarteek gerra krimentzat jo dute gertatzen ari dena, Nazio Batuetako zenbait instantziek Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urratze larritzat jo duten bitartean.
Gernikako bonbardaketaren herria gara eta badakigu zer gertatzen den lehergailuak herrien eta herritarren gainean zerutik modu indiskriminatuan jaisten direnean. Horregatik, oso gertu dugulako sarraski haien mina, ezin dugu gogotik urrundu ikusten ari garena: Gazako kale hondatuak, umeen azken hatsak, gurasoen oihu lazgarriak, dena galdurik ala mehatxuek bultzaturik, ihes egin behar dutenen begi umelak.
Ezin dugu halakorik onartu. Sarraski honen aurrean ezin dugu ixilik egon, ezin besoak gurutzaturik geratu. Beste ezeren gainetik, gaur eta hemen premiazkoa da ondorio latzak izaten ari den eskalada belikoa gelditzea eta bake eta itxaropen etorkizuna eskaintzea.
Horregatik guztiagatik, manifestu hau izenpetzen dugunok:
- Berehalako su-etena eskatzen dugu, eraso guztien amaiera eta zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea.
- Halaber, Gazako zerrendaren setioarekin eta, oro har, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuarekin bukatzea eskatzen dugu, bai eta laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzea ere.
- Herritar palestinar eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela uste dugu.
- Konponbide baketsu eta negoziatua bilatzeko deia luzatzen diegu alde guztiei eta nazioarteko komunitateari; Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte zorrotzean oinarritzen den konponbidea, alegia.
- Horretarako premiazkoa da elkarrizketa prozesu bat abiatzea. Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, nahitaezkoa da okupazioari amaiera ematea eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea.
Ikusten ari garenarekin benetan izututa sentitzen gara. Horren aurrean, ezin gara ikusle hutsak izan. Ezinbestekoa da mundu mailan eta baita Euskal Herrian ere, konponbidearen aldeko indarrak batzeko modu masiboan mobilizatzea. Sarraskia geldiarazteko jendarte zibilak duen aukera eta itxaropenerako leihoa hauxe baita: mobilizazioa. Dei egiten diogu euskal jendarteari, larunbat honetan, urriak 21, Donostian egingo dugun manifestazio nazionalean parte hartzera.
Ikusten ari garenarekin benetan izututa sentitzen gara. Horren aurrean, ezin gara ikusle hutsak izan. Ezinbestekoa da mundu mailan eta baita Euskal Herrian ere, konponbidearen aldeko indarrak batzeko modu masiboan mobilizatzea. Sarraskia geldiarazteko jendarte zibilak duen aukera eta itxaropenerako leihoa hauxe baita: mobilizazioa. Dei egiten diogu euskal jendarteari, larunbat honetan, urriak 21, Donostian egingo dugun manifestazio nazionalean parte hartzera.