Bederatzigarren urtez jarraian, joan den ostegunean, abenduaren 12an, eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak generoaren arloan erakundeen barnera egindako lanari buruzko jardunaldiak antolatu zituzten, Bilboko Hika Ateneoan.
«Entzuten al da emakumeen ahotsa?» izenburupean, erakundeek emakumeen parte-hartzean sakontzen jarraitu dute, garapenerako lankidetza bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta osoagoa izateko, bai eta ikuspegi intersekzional zabalagoa izateko ere. 2023ko jardunaldietan beste urrats bat ematea planteatu zen, emakumeen bertaratzetik parte-hartzera aurrera egiteko; hori dela eta, 2024ko saio honetan aztertu da emakumeak entzuten eta kontuan hartzen ote diren, bertaratzetik eta espazioetan parte hartzetik harago.
Inaugurazio-hitzaldia Nava San Miguel generoan eta garapenean nazioarteko adituak eman zuen, genero-ikuspegiarekin lankidetza feministagoa izatea lortu ote den zalantzan jarriz. Ondoren, Mujeres en la Diversidad elkarteko Francy Fonseca, lankidetza feministan aditu Clara Murguialday eta Pikara Magazineko koordinazio-taldeko Maria Angeles Fernandez bildu ziren emakumeen ahotsa entzuten ote den eztabaidatzeko.
Jardunaldiekin jarraitzeko, bizipen-tailer bat egin zen Sara Alvarez Medrano terapeuta sozial eta bideratzailearen laguntzarekin. Eta, azkenik, Hiruki Larroxa kooperatibako kide Ibai Fresnedoren eta Farapi Koop elkarteko kideen arteko solasaldi batekin amaitu zen eguna.
Laster jardunaldien bideoa izango duzue ikusgai. Oraingoz, argazki batzuk dituzue hemen: