Adimen artifiziala garapenerako lankidetzan

ETORKIZUNARI BEGIRA:
adimen artifizialaren ahalmen eraldatzailea garapenerako lankidetzan

 

Azken hamarkadotan, benetako iraultza teknologikoa bizi izan dugu, gure lan egiteko, ikasteko eta entretenitzeko modua eraldatu duena. Internet agertu eta telefono adimendunak sortu izanak erabat aldatu ditu komunikazioa, informazioaren eskuragarritasuna eta, oro har, eguneroko jarduerak egiteko era.

Egungo aro digital honetan, adimen artifiziala (AA) tresna iraultzailea da, nazioarteko garapenerako lankidetza sustatzeko eta GKE-en lana sendotzeko ahalmena ere baduena.

AAk abantaila ugari eskaintzen ditu alor horretan. Batetik, datu-kopuru handiak denbora errealean biltzeko eta aztertzeko gaitasuna du, eta ebidentzian oinarritutako informazioa ematen digu erabakiak hartzeko. Horrela, proiektuak eraginkortasun handiagoz diseinatu eta baliabideak egokiro eslei ditzakegu, eta, ondorioz, garapen-ekimenen inpaktua maximizatu.

Bestetik, AAk hizkuntza-eragozpenak gainditzen lagun dezake, itzulpen automatikorako tresnak eskaintzen dituelako eta garapen-proiektuetan parte hartzen duten eragileen arteko komunikazioa errazten duelako, lankidetza eta elkar ulertzea sustatuta.

Lekuan bertan, AA hezkuntza eta arreta medikoa jasotzea ahalbidetzeko erabil daiteke oso urruneko edo arretarik gabeko eremuetan. Esate baterako, online ikaskuntza-plataformak, tutorial interaktiboak edo diagnostiko mediko automatizatuak eskain ditzake, eta optimizazio-algoritmoek azpiegiturak instalatzeko kokapenik onena zehazten lagun dezakete, hala nola ur-putzuak edo osasun-zentroak.

Hala ere, AAk dakartzan arriskuez ere jabetu behar dugu, besteak beste informazioaren joeraz. AA aldez aurreko datuetan oinarritzen da erabakiak hartzeko eta gomendioak sortzeko, baina datu horiek gure gizartean dauden aurreiritziak eta desberdinkeriak isla ditzakete. Behar bezala erabili ezean, bidegabekeriak betikotzea eta baliabideak berdintasunik gabe banatzea bultza dezakegu.

Gainera, globalizazioak ere baditu arriskuak AAren testuinguruan. Teknologiek aurrera egin eta eskuragarriagoak bihurtu ahala, beharrezkoa da AA eskuratzeko eta ezartzeko orduan dauden desberdinkeriei heltzea, bestela arrakala digitala handitzeko eta egungo desparekotasunak areagotzeko arriskua dago.