BBVAren Akziodunen Batzarrean Europako berrarmatzearen egungo testuinguruan arma-enpresetan egindako inbertsioak salatu ditugu

Iragan martxoaren 22an, SETEM Hego Haizeak Banca Armadaren kanpainarekin batera BBVAren Akziodunen Batzarrean parte hartu zuen entitateak azken urteetan 1.558 milioi dolar Boeing, General Dynamics, Oshkosh Corp., Leonardo, Rheinmetall edo Rolls Royce bezalako enpresetan inbertitu dituela salatzeko. Israelek Gazaren aurkako eraso genozidan erabiltzen dituen armak enpresa horiek ekoizten dituzte.
Banca Armadaren 2025eko rankingaren arabera, Estatuko eta Europako arma-enpresak diruztatzen dituzten Espainiako entitate pribatu guztien artean BBVA bigarren postuan dago, 1.639,60 milioi dolarrekin, Banco Santanderren azpitik soilik. Banco Sabadell zortzigarren tokira jaitsi da, eta guztira arma-enpresak 49,72 milioi dolarrekin diruztatu ditu.
Banca Armada kanpainako ordezkariok martxoaren 22an BBVAren Akziodunen Batzarrean parte hartu genuen, aurretik botoa kanpainan eskuordetu zuten akziodun kritikoak ordezkatuz. Aurreko arratsaldean ere kanpainak Banco Sabadellen Akziodunen Batzarrean parte hartu zuen.
Aurten, finantza-erakundeen eta haien akziodunen aurrean egiten dugun ohiko salaketa, hain zuzen, Europan nagusiki Europar Batasunak datozen urteetarako sektore militar-industrialarentzat 800.000 milioi euroko diru-laguntzak iragarri dituen unean heldu da. Gainera, azken urteetan finantza-erakunde handiek urtez urte irabazi errekorrak pilatu dituzte, nahiz eta biztanleriaren zati handi batek zailtasun ekonomikoak izan.
BBVA Banca Armadaren 2025eko rankingean Espainiako banku pribatuko bigarren erakundea da —nazioartean 41.—, eta Israelek Gazaren aurkako erasoetan erabili dituen armak herrialde horri saldu dizkioten enpresak zuzenean diruztatu ditu BBVAk.
- Gastu militarraren gorakada globalaren testuinguruan, BBVAk bezero-zorro handi eta dibertsifikatua dauka armagintzan, nazioarteko konpainia handiak diruztatzeaz gain, hala nola Airbus, Thales, General Dynamics, Rolls-Royce edo Leonardo, Estatuko industriako enpresak ere diruztatzen baititu, esaterako, Indra, Aernnova edo Sidenor. Centre Delàs d’Estudis per la Pau-k martxo honetan argitaratuko duen txosten berriko datuen arabera, 2022 eta 2024 urteen bitartean soilik, BBVAk arma-enpresetan 1.639,60 milioi dolarreko balioa duten inbertsioak eta diruztatzeak egin ditu.
- Don’t Bank on the Bomb-en azken txostenaren arabera, arma nuklearren garapenean eta modernizazioan diharduten enpresak 2.906 milioi dolarrekin diruztatu ditu BBVAk. Mehatxu nuklear gero eta handiagoko testuinguruan, kanpainak horretaz ohartarazi du.
«Gerra eta berrarmatzea ez dira saihestezinak. Erabaki politiko eta ekonomikoen ondorio dira eta zuen bankuak haietan funtsezko zeregina betetzen du. Ez alferrik, munduko lau armatik hiru ezin lirateke ekoitzi BBVA bezalako entitateen laguntzagatik ez balitz», adierazi du Davi Montesinos kanpainako aktibistak.
- Bestalde, Gazako genozidioan BBVAk izan duen erantzun kidetasuna ere salatu du kanpainak, izan ere, Gazako Zerrendan erasoaldia hasi aurretik zein ondoren, Israeli armak hornitu dizkioten enpresak 1.588 milioi dolarrekin diruztatu ditu entitateak; arma horiek, Centre Delàsen txostenak dokumentatu bezala, biztanleria zibilaren aurkako eraso zehatzetan erabili izan dira. Eraso horiek gerrako krimen gisa ikertzen ari dira eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israel genozidio-krimenagatik ikertzen ari da.
Izan ere, Magda López Gorritxok buruzagi eta akziodunei gogorarazi dienez, «Palestinako lurralde okupatuetarako Nazio Batuetako errelatore berezia ikertzen ari da gaur egun entitate pribatuek, hala nola bankuek edo arma- eta segurtasun-enpresek, Gaza eta Zisjordaniako nazioarteko krimenetan duten eginkizuna», eta gaineratu du «hemen aurkezten ari garen datuak jada errelatorearen esku» daudela.
Banco Sabadell Banca Armadaren rankingean Espainiako zortzigarren bankua da
Martxoaren 21ean Sabadelleko egoitzan Sabadellen Batzarra bildu zen berriro, BBVAk bankua xurgatzeko saiakeraren inguruko zarata artean. Bertan aktibistek banku espainiarrak industria militarrarekin dituen loturak salatu zituzten. Industria militarrean inbertitzen duten bankuen artean zortzigarren postuan egon arren, kanpainak honako hau nabarmendu zuen:
- Banco Sabadellek Espainiako Estatuko sektore militar-industrialeko enpresetara guztira 49,72 milioi dolar bideratu ditu, batez ere 2022 eta 2024 urteen artean (martxo honetan argitaratuko den txosten berriaren datuen arabera).
- Zehazki, Aernnovari 43,93 milioi dolar eman dizkio. Enpresa horrek hegazkin militarrak fabrikatzen ditu eta, azken urteotan, haren irabaziak hamar aldiz handitu dira.
- Halaber, Escribano Mechanical Engineering 5,79 milioi dolarrekin diruztatu du. Arma-sistema aurreratuetan espezializatutako enpresa da, eta, besteak beste, Palestinako herriaren genozidioaren erantzule den Israelgo Elbit Systems enpresarekin lankidetzan aritzen da.
«Datorren urtean, Banco Sabadell Banca Armadaren rankingean mailak igo dituela eta Europako berrarmatzeari etekina ateratzen diola azaltzeko itzuli behar ez izatea espero dugu. Horren ordez, hona etorri behar dugun azken aldia izatea espero dugu», esan du Clara Bara Palma kanpainako arduradunak.
Horiek aktibistek parte hartuko duten lau batzarretatik lehenengo biak izan dira, hurrengoak, Santander eta CaixaBankenak, apirilean izango dira.
KANPAINAKO AKTIBISTEN HITZALDI OSOAK BBVAren Batzarreko Magda López Gorritxoren hitzaldia BBVAren Batzarreko Davi Montesinosen hitzaldia Banco Sabadellen Batzarreko Clara Bara Palmaren hitzaldia |