Euskadiren eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren arteko aliantza sexu eta genero indarkeriari aurre egiteko
Farmamundiko bazkide kongoarrek Euskadi bisitatu berri dute, eta, horren bidez, agerian jarri da zeinen garrantzitsua den ekintza humanitarioa Kongoko Errepublika Demokratikoko Ipar Kivuko biztanleak babesteko orduan. Bertan, hain zuzen ere, su-etena hautsi dutenez eta M23 taldeak Goma hiria setiatu duenez, krisi humanitario eta lekualdaketagatiko krisi larriek txarrera egin dute erabat.

PUBLICADO EL:
POR:
EN CATEGORÍA::
Farmamundiko bazkide kongoarrek Euskadi bisitatu berri dute, eta, horren bidez, agerian jarri da zeinen garrantzitsua den ekintza humanitarioa Kongoko Errepublika Demokratikoko Ipar Kivuko biztanleak babesteko orduan. Bertan, hain zuzen ere, su-etena hautsi dutenez eta M23 taldeak Goma hiria setiatu duenez, krisi humanitario eta lekualdaketagatiko krisi larriek txarrera egin dute erabat.
Eugénie Nziavake Pilipili, Phinées Katembo Muruhya, Jeremie Kakule Kyaswekera eta Pascasie Kahindo Muyisa Femmes Engagées pour la Promotion de la Santé Intégrale (FEPSI), Programme de Promotion des Soins de Santé Primaires (PPSSP), Collectif des Femmes Journalistes (CFJ) eta KEDeko Farmamundi erakundeetako ordezkariak dira, eta neurri handiagoan indarkeriaren zein nahitaezko lekualdaketaren eraginpean dauden lekuetan honako arlo hauetan duten esperientzia partekatu dute: indarkeria sexualaren nahiz generoan oinarritutako indarkeriaren aurkako borroka eta osasun sexuala zein ugalketa-osasuna eskuratzeko aukeraren hobekuntza.
Ipar Kivuko krisi humanitarioa
Ipar Kivuko Beniko, Butemboko, Vuhobiko eta Goma hiriko testuingurua suntsigarria da benetan. Eskualdeak osasun publikoan jasaten duen krisia larriagotu egin da M23 talde armatuaren erasoaren, lekualdaketa jendetsuen eta emakumeen nahiz neskatilen aurkako indarkeria sistematikoaren ondorioz. Oinarrizko osasun-zerbitzuak eskuratzerik ez dutenez eta ezegonkortasun ekonomikoa nagusi denez, milaka eta milaka lagun zaurgarritasun ezin larriagoan bizi dira. Zenbakiak kezkagarriak dira erabat: FEPSIk bakarrik indarkeria sexualeko 14.800 bizirauleri baino gehiagori eman die arreta azken 20 urteotan.
Astebete ikasten eta trukatzen
Euren egonaldian, Kongoko ordezkariek Farmamundik antolatutako eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatutako zenbait jardueratan parte hartu zuten. Azaroaren 25ean, astelehena, Bizkaiko Foru Aldundira joan ziren bisitan, eta, bertan, nazioarteko lankidetzari esker erdietsitako lorpenak nabarmendu zituzten. Hurrengo egunean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako ordezkariekin batzartu ziren, batera finantzatutako estrategia humanitarioan lortutako emaitzei nahiz aurrerakuntzei buruz hitz egiteko. Izan ere, indarkeria sexualeko emakume bizirauleen eskubideak babesteko eta berrezartzeko aukera ematen die.
Agendaren arabera, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Ekintza Humanitarioko Masterreko (NOHA) ikasleekin bildu ziren, eta erakunde horiek larrialdietan garatzen duten lanaren inguruko interes handi-handia zutela erakutsi zuten. “Prestakuntza hau etorkizuneko langile humanitarioentzako inspirazio-iturria izango delakoan gaude, euren lanean emakumeen eta neskatilen eskubideei lehentasuna eman diezaieten”, baieztatu zuen CFJko Jeremie Kakule Kyaswekerak.
Astearen amaieran, bilera egin zen Farmamundik Euskadin daukan ordezkaritzan, solasaldia antolatu zen Euskal Herriko Unibertsitateko Ikaskuntza Feministen eta Generoko Ikaskuntzen Masterreko ikasleekin eta topaketa garatu zen Famek Elkartearekin, hau da, Euskadiko eta Kongoko Emakumeen Elkartearekin. “Erabakigarria da erkidegoen arteko lotuneak sendotzea, elkartasuna ere badelako aldaketaren sustatzailea”, nabarmendu zuen FEPSIko Eugénie Nziavake Pilipilik.
FEPSI: osasunerako aukera integrala
FEPSIk bete-betean lan egiten du, arreta medikoa eskuratzeko aukera benetako eskubide eraginkorra dela bermatzeko, baina, batez ere, lekualdatutakoentzat, indarkeria sexualeko bizirauleentzat eta GIB/HIESA daukatenentzat. Erakundeak doako arreta eskaintzen die biztanle horiei, baina, horrez gain, Farmamundiren laguntzaz, osasun-zentroak zaharberritu eta laborategi modernoak ireki ditu bere ospitalean. Era berean, bulego juridikoa ere jarri du abian bere ospitalean, indarkeriako biktimei lege-laguntza emateko asmoz.
“Gizonei eta emakumeei euren giza duintasunaz berdintasunez gozatzeko aukera ematen dien gizartea daukagu amets”, baieztatu zuen Eugénie Nziavake Pilipilik. Nolanahi ere, aurrerakuntza geldoa dela ohartarazi zuen, txirotasuna orokorra delako eta baliabiderik ez dagoelako.
PPSSP: bizitzak babesten komunitate kalteberetan
PPSSPk bi hamarkada baino gehiago daramatza Farmamundirekin lan egiten, eta honako hauxe dauka helburu: amen nahiz haurren heriotza-tasa murriztea, laguntza psikosoziala ematea eta osasun-larrialdiei erantzutea. Bere oraintsuko lorpenen artean, honako hauexek nabarmentzen dira: ia-ia 5.000 biztanle zaurgarriri arreta ematea, medikuei prestakuntza ematea eta 10.000 gazte baino gehiago osasun sexualaren nahiz ugalketa-osasunaren inguruan sentsibilizatzea. “Aurrerapausoak aurrerapauso, premiak ezin handiagoak dira. Gure ahaleginei jarraipena ematea nahitaezkoa da gure arreta jasotzen duten erkidegoentzat”, azpimarratu zuen PPSSPko koordinatzailea den Phinées Katembo Muruhyak.
CFJ: gizartea aldatzeko komunikazioa
Emakume Kazetarien Taldeak (CFJ) komunikazioa darabil tresna moduan, emakumeen eskubideak eta bakearen kultura sustatzeko orduan. Salama Irratia irrati komunitarioaren eta bere ‘Jinsia na jamii’ (Generoa eta Gizartea) aldizkariaren bidez, CFJk indarkeria sexuala nahiz ugalketa-osasuna jorratzen ditu, besteak beste, eta, aldi berean, nerabeei ere laguntzen die eremu seguruetan eta entzuteko guneetan. “Generoaren inguruko sentsibilitatea daukan kazetaritza bultzatzen dugu, erkidegoak hezteko eta ahalduntzeko”, azaldu zuen Jeremie Kakule Kyaswekerak.
Euskadik nazioarteko lankidetzan duen zeregina
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntza erabakigarria da, ekimen horiek Ipar Kivun sendotu ahal izateko. Babes horri esker, funtsezko jarduketak finantzatzen dira, eta, horrez gain, Kongoko emakumeen egoera ere jartzen da agerian nazioartean bertan.
“Euskadiren eta KEDen arteko lankidetzak baieztatu egiten du konpromiso globalak aldeak zehazten dituela zaurgarritasuna ezin larriagoa den testuinguruetan”, esan zuen ondorio moduan KEDen Farmamundiko teknikaria den Pascasie Kahindo Muyisak.