Haurtzaroan eta nerabezaroan arreta jartzeko eskatu diete ASTIALDI SAREAk, EAPN Euskadik, Save the Children Euskadik eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak euskal alderdi politikoei
Bilbon egindako “Haurtzaroa eta nerabezaroa hizpide. Udal eta foru hauteskundeak 2023” topaketan, EAJ/PNV, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU eta PP alderdietako ordezkariek Euskadiko haurren eta nerabeen beharrak aztertu dituzte, eta beren hauteskunde-programetan ongizatea hobetzeko eta eskubideak babesteko proposatzen dituzten neurriei buruz galdetu diete. Lau erakunde antolatzaileek Euskadin haurtzaroaren eta nerabezaroaren arloan aurrera egiteko kontuan hartu beharreko 10 puntu biltzen dituen manifestu bat irakurri dute.
BILBO. 2023ko maiatzaren 9a.- Astearte honetan, ASTIALDI SAREAk, EAPN Euskadik, Save the Children Euskadik eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak Haurtzaroa eta Nerabezaroa hizpide topaketa antolatu dute Euskadiko foru- eta udal-erakundeetan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin, haurtzaroari eta nerabezaroari buruz hausnarketa egiteko.
Lau erakundeek nabarmendu dute haurren eta nerabeen eskubideak eta ongizatea babesteak, inor atzean ez uzteko agindupean, tokiko politika publikoan funtsezko lekua izan behar duela. Gainera, adierazi dute erakunde horiek haurren eta nerabeen bizitza hobetzeko neurriak hartzeko betebehar negoziaezina dutela, Haurraren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Konbentzioan ezarritakoaren arabera.
Haurrek eta nerabeek ez dute hauteskundeetan parte hartzen, baina hauteskundeetan erabakitzen dena oso lotuta dago haien eskubideekin eta egungo eta etorkizuneko ongizatearekin. Horregatik, 2023ko udal eta foru hauteskunde hauekin irekitzen den ziklo politiko eta legegilea aukera paregabea da haurrak erabakien erdigunean jartzeko.
Etorkizuna diseinatzeko une erabakigarria da; izan ere, haurtzaroan eta nerabezaroan inbertitzea funtsezkoa da egungo eta etorkizuneko euskal belaunaldien garapen jasangarrirako. Gainera, gizarte kohesionatu bat lortzeko, ekitatea egon behar da garapen horren oinarrian.
Haurtzaroa eta nerabezaroa hizpide
Pilar Kaltzadak gidatutako ekitaldi irekia izan da eta bost politikari gonbidatuek – Maite Peña (EAJko gizarte politiketako diputatua Gipuzkoan), Bea Iladia (EH Bilduko bozeramalea Bizkaiko Batzar Nagusietan), Teresa Laespada (Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun saileko diputatua eta PSE-EEko Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaia), Ana Viñals (Elkarrekin Podemos IU-Equo Berdeak-Alianza Verde koalizioko Bilboko alkategaia) eta Cristina Martínez (Enkanterrietako PPko hautagaia Bizkaiko Batzar Nagusietarako)- haurtzaroari eta nerabezaroari buruzko lau galderari erantzun diete komunikabideen eta ekitaldian parte hartu dutenen aurrean.
Planteatutako gaiak honako hauek izan dira: hasteko, haurtzaroari eta nerabezaroari dagokienez alderdi bakoitzaren hauteskunde-proposamen nagusiak; ondoren, Haurtzaroaren eta Familiaren Euskal Ituneko konpromiso nagusiak praktikan nola jarriko dituzten aipatu dute; bestalde, egoera ahulenean dauden haur eta nerabeei dagokienez proposatzen dituzten neurriak azaldu dituzte; eta amaitzeko, programetan 18 urtetik beherako pertsonen parte-hartzea nola txertatzen duten aipatu dute.
Lau erakunde antolatzaileek manifestu bat irakurri dute ekitaldiari amaiera emateko. Manifestu horrek funtsezko hamar puntu biltzen ditu etorkizuneko udal- eta foru-gobernuen programetan eta garapenean kontuan hartzeko. Honako hauek dira aipatutako hamar puntu horiek:
- Haurrak eta nerabeak lehentasunezko ardatza izan behar dute gobernu-proposamenetan; izan ere, haurrentzat gizarte hobeak diseinatuta, gizarte hobeak lortzen ditugu guztiontzat.
- Familien eta haurren aldeko Euskal Ituna errealitate bihurtu: baliabideak erraztu eta erakundeen arteko eta diziplina anitzeko lankidetza bermatu beharra dago, haurren eta familien politiken gobernantza hobetzeko.
- Haurren eta nerabeen benetako egoera aztertu eta ezagutu, eta haurren eskubideak defendatzeko udal- eta lurralde-estrategia bat garatu. Horretarako, diagnostikoa, misioa, ikuspegia eta artikulazio operatiboa behar da.
- Haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzea toki- eta lurralde-politikan.
- Seme-alaba adingabeak ardurapean dituzten familia ahulenek jasotzen dituzten larrialdietarako gizarte-laguntzak indartzea eta sarbidea erraztea, ama bakarreko familietan bereziki. Eta etxebizitza eta/edo bizitoki duinak eskaintzea.
- Haurren eta gazteen osasun mentalari arreta emango dioten baliabideak sustatzea, familiei baliabideak ematea gurasotasun positiboa sustatzeko eta haurrei eta gazteei laguntzeko baliagarriak izango diren gizarte- eta hezkuntza-baliabideak antolatzea.
- Haur eta nerabeentzako hezkuntza-programak indartzea eta babesguneak sortzea, indarkeria mota guztien aurkako babesa izan dezaten.
- Hiri-plangintzan eta mugikortasun-estrategietan haurtzaroaren eta iraunkortasunaren ikuspegia txertatzea.
- Zerga-sistema aztertzea eta haren eraginkortasuna hobetzea, sistema progresiboagoa izan dadin eta desberdintasuna murriztu eta pobreziari aurre egin dakion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) itzul daitezkeen dedukzio fiskalak kontuan hartuta.
- Inbertsio nahikoa, inklusiboa eta eraginkorra egitea haurtzaroan eta nerabezaroan, gobernuko arlo guztiak inplikatuz haurren eskubideen sustapenean.
Herritar guztiengana eta haien beharretara hurbiltzen gaituzten neurriak, haurrak erdigunean jarriko dituen estrategia bat izateko aukera emango digutenak.
Laburbilduz, haurren, nerabeen eta familien politika publikoak indartzea paradigma eta eredu berriekin, euskal haurren eta nerabeen eskubideak bermatuko dituzten abordatzeen garapena erraztuz.