Bueltan da Balio Faktoria, Carlos Taibo eta Celeste Agüerorekin Liburutopian

Irailaren 25ean, asteazkenean, 18:30ean Eva Forest Liburutopian, SETEM Hego Haizeak Balio Faktoriaren 2024/2025 ikasturteari ekingo dio, Carlos Taibo eta Celeste Agüeroren hitzaldi musikatu batekin.

PUBLICADO EL:

23 Sep 2024

POR:

SETEM Hego Haizea

EN CATEGORÍA::

Krisi energetikoa, gerrak, baliabideak agortzea, ziurgabetasuna… Albisteek eskaintzen diguten egoera etsigarriaren aurrean, «Erresistentzia doinuak: gakoak eta proposamenak zalantzazko etorkizun baten aurrean» hitzaldian, gure egunerokotasunean alternatibak eta etorkizun posibleak eraikitzen laguntzen diguten gako eta proposamen zehatzak aztertuko ditugu.

Horretarako, Carlos Taibo izango dugu gurekin. Idazlea, editorea eta 30 urtez Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Zientzia Politikoko irakaslea izan da Taibo. Hainbat liburu idatzi ditu desazkundeari, kolapsoari eta ekofaxismoari buruz, beste gai askoren artean.

Hitzaldiaren egunean, Taiboren obretako batzuk eskuragarri egongo dira Eva Forest Liburutopian. Gasteizko Alde Zaharrean (Santa Maria kantoia, 4) kokatuta dago liburu-denda eta kafetegi berria, laster urtebete egingo du, eta, lehen aldiz, SETEMekin lankidetzan arituko da jarduera hau posible egiteko.

Gainera, Celeste Agüero jatorri argentinarreko migrante, kantari, irakasle, esatari eta olerki-xuxurlariak jarriko dio soinu-banda hitzaldiari. Kantu eta poesiaren bidez, Agüerok gure herrietako borrokak eta sentipenak aldarrikatzen ditu, cuatro llanero izeneko bere musika tresnarekin Abya Yala eta Euskal Herriko egileen errepertorio anitza interpretatuz.

 

Balio Faktoriaren 2024/2025 ikasturtea

Hitzaldi-kontzertu honekin, Balio Faktoriaren 2024/2025 ikasturtea inauguratuko dugu. SETEM Hego Haizearen formakuntza eraldatzailerako programaren VIII. edizioa maiatzera arte garatuko da, eta kontsumo kritiko, arduratsu eta eraldatzailearen inguruko ikastaroak, tailerrak, topaketak eta elkartasun auzolandegiak eskainiko ditu.

Zer gai jorratuko dira hilero? Inaugurazio ekitaldian bertan eta irailaren 25etik aurrera, ikasturte berriaren programazioari buruzko xehetasun gehiago emango ditugu.