Kongoko Errepublika Demokratikoko emakume lekualdatuak: arriskuan dauden osasuna eta eskubideak
PUBLICADO EL:
POR:
EN CATEGORÍA::
Inma Gisbert Civera eta Leire López Delgado. SANART, osasuna egiteko artea
Larrialdietan, familia-plangintzan estali gabe dauden premiak, nahi gabeko haurdunaldiak eta emakumeenganako indarkeriak areagotzen dira.
ACNURen 2022ko datuen arabera, errefuxiatuen, sorterrian bertan lekualdatutakoen edo mundu-mailako erbesteratuen %50 inguru emakumeak eta neskatilak dira. Testuinguru humanitarioek eragin handiagoa dute emakumeen artean: emakumeen %70ek genero-indarkeria jasaten dute testuinguru humanitarioetan, mundu zabaleko %35en aldean[1].
Indarkeriarik gabeko bizitzarako jarduera egokiak
Kongoko Errepublika Demokratikoko egoera humanitarioaren ondorioz, biztanle gehienek euren erkidegoetatik ihes egin behar dute herrialdeko beste leku batzuetarantz edo beste herrialde batzuetarantz; Ugandarantz eta Kenyarantz, esate baterako. Farmamundirekin batera, behar besteko aukera izan dugu, hiru herrialde horietako lau erakunderi sexu eta ugalketa osasunaren nahiz indarkerien arloko jarduera egokiak antzematen eta haiei buruz hausnartzen laguntzeko. Zehatz-mehatz, honako erakunde hauek ditugu hizpide: Kenyako HESED Afrika, Ugandako AHA zein EMESCO eta KEDeko PPSSP.
Prozesu horri esker, elkarrengandik ikasi ahal izan dugu, emakumeen sorterriko eta helduerako testuingurua ulertu ahal izan dugu eta elkarrekin pentsatu ahal izan dugu nola aurre egin erronkei, nola kontuan hartu eskubideen zein generoaren ikuspegia eta nola bermatu biztanle lekualdatuen osasunerako eskubidea nahiz indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea.
Eskubideak eta berdintasuna bermatzea
Sexu eta ugalketa osasunaren arloan, gaixotasunetik haratago doan begirada zabala eduki beharra dago, sexualitatea errespetatzen duen ikuspegi baikorra kontuan hartuta. Begirada horretan, hain zuzen ere, pertsona guztiak egon behar dira sartuta, haien jatorria, kultura, posizioa, harremanak eta gurariak edonolakoak direla ere, eta esparru biologikoa, sozio-afektiboa zein psikologikoa landu behar dira bertan.
Hiru testuinguruetan sortutako esperientziaren arabera, egiaztatu egiten da arreta horretan osasunaren arloko desberdintasunak hartu behar direla kontuan, generoarekin eta baldintzatzaile sozialekin dutelako zerikusia. Horrez gain, emakumeen zein gizonen erantzunkidetasuna eta autoezagutza sustatu behar dira, baita tratu oneko harremanak ere, bakarka nahiz talde moduan, eskubideak eta berdintasuna bermatu nahi izanez gero.
Osasunaren arloko partaidetza komunitarioa ezinbestekoa da, eta, horri dagokionez, sustapenari begira erkidegoetan garatzen diren ekintzak ditugu hizpide. Bertan, era bateko eta besteko eragile komunitarioak daude inplikatuta, eta partaidetzarako mekanismoak ezartzen dira. Elkarrizketa komunitarioen ondorioz eta lider erlijiosoekin nahiz agintari komunitarioekin, esaterako, KEDeko juges coutumierrekin (azturazko epaileekin) egindako lanaren ondorioz, erkidegoetako indarkeriak ulertzeko modua aldatzen ari denez, indarkeriako emakume bizirauleek horrelako testuinguruetan jasaten duten estigma murrizten ari da.
Emakume errefuxiatuen eta nahitaez lekualdatutako emakumeen aurkako indarkeriak era askotakoak eta sistema anitzekoak dira, eta jasaten duten zaurgarritasun hirukoitzagatik sortzen dira, hau da, emakumeak, errefuxiatuak/lekualdatuak eta txiroak izateagatik. Testuinguru humanitarioetan, ez dira beti zuzenbidearen arabera behar bestekoak izango liratekeen babesa, segurtasuna eta justizia eskaintzen. Horregatik, hala eta guztiz ere, emakume lekualdatuek/errefuxiatuek horri guztiorri aurre egiteko hainbat estrategia garatzen dituzte, biktimak izan beharrean bizirauleak izateko.
“Do not harm” printzipio humanitarioa helburua bera izatea
Lau erakundeek partekatutako esperientzien arabera, agerikoa da zeinen garrantzitsua den indarkeriak modu holistikoan jorratzea, arretaren xedea emakume bizirauleak eurak izatea eta, horretarako, “do not harm” (ez eman minik) printzipio humanitarioa helburua bera izatea. Indarkerien ondorio fisiko, psikologiko zein sozialei aurre egiteko moduko kalitateko zerbitzuak eta ekintzak eskaintzea, eremu seguruak sortzea eta emakumeen autonomia pertsonala nahiz ekonomikoa sustatzea honako hauexen bidez garatzen ari den estrategia da: diziplina anitzeko taldeak, terapiako taldeak, prozesu judizialetarako laguntasuna eta diru-sarreren sorrerarako jardueren sustapena zein babesa.
Emakume bizirauleek justizia eskuratzeko duten zailtasuna lau erakundeek partekatutako erronka denez, honako ekintza hauek jarduera egokitzat hartu dira: Kenyako profesionalak prestatzea, auzitegiko txostenen idazketa eta frogen bilketa hobetzeko; eta justizia erkidegoetara hurbiltzeko beste estrategia batzuk ezartzea: Ugandako klinika judizial mugikorrak, esaterako. Hori dela eta, ekintza horiek lantzen jarraitu beharra dago, eta beste testuinguru batzuetara igortzeko moduko nabaritasunak sortu behar dira, leku bakoitzaren bereizgarritasunak kontuan hartuta.
Oro har, erakunde bazkideek nabarmendu egin zuten jarduera egokiak trukatzeko eta antzemateko prozesu horrek behar besteko aukera eman diela elkarrengandik ikasteko eta lantzen dituzten jardueren inguruan desikasteko. Konturatu egin ahal izan dira generoaren zein eskubideen arloan dituzten trebetasunak indartzen jarraitu behar dutela eta lekuan bertan dauden erakunde nahiz instituzio guztiekin koordinatu behar direla.
[1] https://2021.gho.unocha.org/es/tendencias-globales/el-g%C3%A9nero-y-la-violencia-de-g%C3%A9nero-en-la-acci%C3%B3n-humanitaria/