SETEMek bere Balio Faktoriaren prestakuntza eskaintza berria aurkeztuko du Gasteizen

PUBLICADO EL:

22 Sep 2023

POR:

SETEM Hego Haizea

EN CATEGORÍA::

Datorren ostegunean, irailak 28, 18:30ean, El Mar del Norte Aragoiko konpainiaren ‘Y si mueren los tritones’ ikuskizuna izango da Gasteizko Aldabe Gizarte Etxean. SETEMek antolatutako ekitaldi honetan sarrera librea izango da tokiak bete arte, eta bertan aurkeztuko dute kontsumo kritiko, arduratsu eta eraldatzaileari buruzko formakuntza-jardueren programa berria. Ekitaldia Gasteizko Udalaren Lankidetza Zerbitzuak lagundu du, eta antolaketan BioAlai kontsumo ekologikoaren elkarteak lagundu du, bere 30. urteurrena ospatzen ari dena.

Modu honetan SETEMek ikasturte berriari hasiera emango dio, bere kontsumoaren bitartez gizartean eta ingurumenean inpaktu positiboak sortu nahi dituzten pertsonei zuzendutakoa. Hain zuzen, urritik maiatzera bitarteko jarduera-programa bat aurkeztuko du. Bertan, hilero gai bat jorratuko da eta hainbat esparrutan kontsumo-aukerak aztertuko dira, besteak beste, finantzetan, modan eta elikaduran. Horrez gain, kontsumoaren arloko indarkeria matxistei buruz hausnartuko da.

‘Y si mueren los tritones’ antzezlanak herritarrak gonbidatzen ditu, modu erakargarri eta ez konbentzionalean, arreta jartzera gero eta industrialagoa den elikadura-ereduaren gizarte- eta ingurumen-inpaktuetan, horri buruzko galderak egitera eta alternatibak proposatzera.

El Mar del Nortek obra honen istorioari buruz azaldu duenez, “Felisa, Felipe, Sole, turismo-resorteko burua edo supermerkatuko arduraduna izango dira antzerki foro honi forma emango dioten pertsonaiak. Bere eztabaida eta hausnarketetatik abiatuta, gure ohiturek planeta gehiago errespetatzen duen kontsumo-eredu bat lortzeko duten ahalmenaz jabetuko gara”.

Ikuskizun hau antzerki-foro formatuan egiten da. Antzerki mota honetan ikusleak, nahi izanez gero, emanaldian eragina duten eta parte hartzen duten subjektu aktibo bihurtzen dira. Modu kolektibo horretan, gure plateretan jartzen dugunaz eta horrek gure osasunean, komunitatean eta planetan duen eraginaz hausnartuko dugu.

Elkartasun auzolandegiak Latinoamerikan

GGKEak Balio Faktoria, bere prestakuntza-programa, abian jarriko du zazpigarren ikasturtez. Programa honek, gainera, Elkartasun Auzolandegietan parte hartzeko aukera eskainiko du. Udan Latinoamerikako garapen proiektuak ezagutzera bidaiatzeko aukera ematen du esperientzia horrek, SETEMek nazioarteko lankidetzan jarduten duen erakundeen eskutik.

Ekimen hau 1992. urteaz geroztik egiten da, eta uda honetan Ekuadorren, Kolonbian, Guatemalan edota El Salvadorren abiatu da berriro. Jarduera guztiei buruzko informazioa eta horien izena ematea www.factoriadevalores.eus webgunean dago eskuragarri.