Wakubenga: Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Euskadi indarkeria sexualaren aurka elkartzen dituen komikia

Judith eta Hodeiren istorioak sexu-indarkeriaren egiturazko kausei eta horiek desagerrarazteko pertsona guztien paperari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen gaitu.

PUBLICADO EL:

13 Mar 2025

POR:

FARMAMUNDI

EN CATEGORÍA::

Farmamundi gobernuz kanpoko erakundea da, eta osasunerako eskubidearen nahiz genero-berdintasunaren alde lan egiten du. Erakundeak “Wakubenga” komikia aurkeztu du, eta, bertan, Judithen zein Hodeiren historia azaltzen da. Bi gazteak oso testuinguru desberdinetan bizi badira ere (bata, Kongoko Errepublika Demokratikoan; eta bestea, Euskadin), errealitate beraren bidez daude lotuta: indarkeria sexuala. Proiektuak artea zein aktibismoa bateratzen ditu, eta gizartea bera arazo unibertsalaren inguruan sentsibilizatzea dauka helburu, baita gizaki guztiek bakea eta justizia soziala eratzeko orduan aldaketa-eragile moduan duten zeregina agerian jartzea ere.

“Hasiera batean, badirudi Euskadi eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Ipar Kivuko probintzia inolako zerikusirik ez duten munduak direla, antzekotasunik ez daukatela. Zoritxarrez, arazo unibertsalak daude, eta emakumeen aurkako indarkeria sexualarena haietako bat da”, azaldu du Ángel Mirouk, komikiaren gidoilari eta marrazkilariak.

Sentsibilizaziorako eta gizartearen eraldaketarako tresna

Hodei eta Judith dira Wakubenga komikiko protagonistak. Inoiz topo egiten ez badute ere, haien bizitzak elkarri lotuta daude.

Komikia ez ezik, “Wakubenga” hezkuntzarako eta sentsibilizaziorako tresna ere bada, eta nerabeengana iritsi nahi du. Bertan, Farmamundik Bilbon finkatutako Ángel Mirou marrazkilari eta gidoilariarekin lan egin du. 2017an, Mirouk La Pacheca Collective eratu zuen Bea Insarekin, oroimen historikoari eta kritika sozialari buruzko ikuskizunak sortzeko.

“Hain gai handi eta zaila denez, 48 orrialdeko komikian horren berri eman ahal izateko, bi pertsonaiaren ikuspuntura mugatu nintzen: KEDeko neska bat eta Euskadiko mutil bat. Gizonek emakumeen aurka garatutako indarkeria hizpide dugunez, agerikoa da neska hori biktima izango dela; eta mutila, biktimagilea”, adierazi du Mirouk xehetasunez.

Komikia izen bereko proiektuaren barruan sortu da: “Wakubenga”. Farmamundi Euskadik, Kongoko Errepublika Demokratikoan dituen tokian tokiko bazkideek eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak indarrak batu dituzte, gatazka-guneetako emakumeei eta nerabeei osasun-arreta eskaintzeko premia larriari erantzun nahian.

Hain zuzen ere, gizartearen eraldaketarako hezkuntza sustatzeko asmoz Farmamundik abian jarritako ekimen ugarietako bat da. “Wakubenga”-ren bidez, erakundeak honako honexeri buruzko hausnarketa kritikoa sustatu nahi du: genero-desberdintasunen egiturazko arrazoiak zein diren eta gatazka-testuinguruetan osasunerako eskubidea bermatzea zeinen garrantzitsua den. Horrez gain, komikiak baliabide erabilgarria izan nahi du giza eskubideen eta nazioarteko lankidetzaren arloan lan egiten duten hezitzaile, aktibista eta erakundeentzat.

Inspirazio-iturria diren eta mobilizatzen duten historiak

Wakubenga Judith eta Hodei lotzen dituen bideojokoaren heroia da

“Wakubenga” komikiko protagonistak honako hauexek dira: batetik, Judith, Ipar Kivuko nerabe bat. Neskatila soldadu moduan gerran jasandako basakeriatik irten zen bizirik, eta, orain, iraganeko orbainak bere gain hartu eta berriro gizarteratzeko erronkari aurre egin behar dio. Bestetik, Hodei, Euskadiko mutil gazte bat. Nortasun-krisia jasaten ari da, eta, egintza bortitzik garatu ez duen arren, txantxa misoginoak normalizatu eta neska ikaskide batek pairatutako erasoa txikiagotu du.

“Nire historian, ez nuen manikeoa edo sinplista izan nahi, helburu diren irakurleek berehala erreparatuko lioketelako moralkeriari eta ez lioketelako inolako jaramonik egingo azaltzen diegunari. Gizakiok zailak gara, hamabost urte nahiz hirurogeita bost urte ditugunean. Gizaki guztiok ñabardura grisak erakusten ditugu geure jokabideetan”, adierazi du Mirouk.

Ebazpen erabakigarrien bidez, Judithen eta Hodeiren bideak modu sinbolikoan elkartuko dira, banakako ekintzek indarkeria sexualaren zikloa betikotu edo hautsi dezaketela aztertzeko. “Wakubenga” benetako historietan dago oinarrituta, eta, arazo globalaren inguruan sentsibilizatzea ez ezik, hausnarketarako zein ekintzarako deia egitea ere badauka helburu, bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa den etorkizuna eratzeko.

“Historian azaltzen diren egoera guztiek, KEDekoek nahiz Euskadikoek, benetako esperientziak dauzkate inspirazio-iturri, eta Farmamundik eman zizkidan eta neure kabuz bildu nituen agirietatik atera ditut”, esan du egileak.

Komikiaren ale bat lortu nahi izanez gero, euskadi@farmamundi.org posta elektronikora idatzi besterik ez dago.