- Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, eLankidetzak eta Hegoa Institutuak urtero antolatzen duten Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko topaketak 100 pertsona inguru bildu ditu Donostian.
- Maider Elortegi Uriarte eta José Luis Fernández Casadevante ‘KOIS’ adituek eman diote hasiera jardunaldiari. Eta hainbat esperientzia partekatu dira: besteak beste, Bideratze eta Aldaketa Institutua (IIFACe), Kaleko Afari Solidarioak, SOS Arrazakeria eta Cala Kolektiboa.
- Talde lanak eta hausnarketa kolektiboak amaiera eman diote jardunaldiari, gizarte eraldaketaren aldeko borrokan aktibismoa eta komunitatea aldarrikatuz.
Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, Hegoa Institutuak eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak urtero antolatzen dituzten Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko VIII. Jardunaldiak ostegun honetan, apirilaren 3an, izan dira, 09:30etik 17:30era, Gipuzkoako Medikuen Elkargoan (Frantzia pasealekua, 12 – Donostia), Eraikuntza komunitarioaren erronkak gizarte eraldaketan izenburupean.
Argazki galeria






































Hizketaldia, esperientziak eta tailerrak
Goizean, izen-ematearen eta ongietorri ekitaldiaren (09:15-09: 30) ondoren, gaian ibilbide luzea duten Maider Elortegi Uriarte eta José Luis Fdez. Casadevante ‘KOIS’ adituek Miguel Esquembre Gonzálezek bideratutako inaugurazio hizketaldi batean parte hartu dute, 09:30etik 11:30era.
- Maider Elortegi Uriarte 18 urteren ondoren Mexikotik itzuli den euskal herritarra da. UNAMeko Latinoamerikako Ikasketen Graduondokoa, Mexikon eta Bolivian herri eta komunitate hezkuntzan, memorian eta lurralde sareetan espezializatua. Antolakuntza prozesu autonomoekin eta magisteritzako herri mugimenduarekin lotuta. Gizarte eta hezkuntza atzerapen handiko eremuetan goi-mailako hezkuntzako programa publikoak sortzen parte hartu du.
- José Luis Fdez. Casadevante ‘KOIS’ soziologoa da, eta nazioarteko aditua elikadura burujabetzan, Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatean. Bere lana trantsizio ekosozialekin lotutako ikerketak, prestakuntza prozesuak eta ekimenak bultzatzea da. Auzo mugimenduaren aktibista da duela hamarkada bat baino gehiagotik, eta gaur egun hiri-nekazaritzako proiektuak sustatzen dihardu.
Hasierako solasaldiaren eta kaferako etenaldiaren ondoren, 12:00etatik aurrera, eraikuntza komunitarioan giza eskubideen ikuspegia aplikatzeko hainbat esperientzia ezagutu ditugu, lau erakunderen eskutik, Cony Carranza Castro herri-hezitzaile feminista antirrazistak bideratutako mahai-inguru batean:
- IIFACe – Bideratze eta Aldaketa Institutua: Mabel Cañada Zorrilla. IIFACe 2007an sortu zen, bideratze-teknikei buruzko prestakuntza jaso ondoren kezka bera partekatzen zuten hainbat pertsonaren ekimenez: taldeak bideratzea eraldaketa ekosozialerako tresna gisa. Bideratzea gauzak errazteko artea da, taldeei une bakoitzean kontzienteago izaten lagunduko dien pertsona edo talde bideratzaile bat txertatuz: talde-prozesuen kalitatea hobetuz, denbora aurreztea, prozesuen eraginkortasuna hobetzea, gatazkak prebenitzea eta eraldatzea, parte-hartzea sustatzea…
- KAS – Kaleko Afari Solidarioak: Koldo Tellería Andueza. Donostiako kaleetan bizirauten duten pertsonei afari solidarioa eskaintzean datzan ekimen herritar, komunitario, kolektibo, boluntario eta autofinantzatua da. Zehazki, Plaza Berrin zein Amara eta Egia auzoetan antolatzen dira afariak.
- SOS Arrazakeria: Tatiana Bellorín Espinoza. Joan den urtean, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak, Emaus Gizarte Fundazioarekin eta EHUko Gizarte Psikologia Sailarekin lankidetzan, etxeko langile migratzaileentzako trebakuntza politikorako eskola bat bultzatu zuen, Errenterian, Donostian, Irunen eta Hernanin. 90 emakumek baino gehiagok parte hartu zuten, beren eskubide soziolaboralak identifikatzeko eta defendatzeko gaitasunak indartuz, eta haien urraketez zein antolatzeko beharraz jabetuz.
- CALA Kolektiboa: Miguel Esquembre González. Ecofuturo rural!? proiektua Alburquerquen (Extremadura) gazteekin egindako lan komunitarioaren emaitza da, gazte horiei «eskaintzen» ez zizkieten espazioak bilatzeko helburuarekin. Behetik gorako eraikuntzaren adibide bat da. Osasun mentalaren eta larrialdi klimatikoaren arteko lotura planteatu da, baina baita krisi klimatikoaren ondorioz migratzen duten pertsonen egoera ere.
Arratsaldean, bazkariaren (14:15-15:15) ostean, talde lanaren bidez gaiari buruz elkarrekin hausnartzeko aukera izan dugu, 15:15etik 16:45era. Helburua funtsezko ideiak eta ekintza zehatzak identifikatzea izan da, gizartea eraldatzeko prozesuei begirako eraikuntza komunitarioan aurrera egiteko.
Giza eskubideen ikuspegia eta eraikuntza komunitarioa
Pobrezia, desparekotasuna, zapalkuntza, indarkeria eta eskubideen galera gero eta pertsona eta komunitate gehiagorengana eraman dituen krisi testuinguru honen aurrean, beharrezkoa da egoera horren erreprodukzioa ahalbidetu duten hezkuntza eta kultura paradigma batzuk astintzea, normaltzat hartu ditugun balioei buruz hausnartzea, eta, aldi berean, beste hezkuntza bat eraikitzea.
Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzak (GEH) zeregin garrantzitsua du, giza eskubideen defentsan eta sustapenean lagundu nahi baitu, balioen aldaketa sustatuz, bai eskubideak bai betebeharrak kontuan hartuz. Helburua da arreta jartzea lurraldean bizi den komunitatearen eskubideetan, baita gizarteko talde ahulenen edota baztertuenen eskubideetan ere, kapitalaren interesak defendatzen dituzten eskubideen aurrean.
Beharrezkoa da GEH jarduerek eskubideen eta betebeharren titularrak identifikatzea, bien gaitasunak indartzen lagunduz: lehenengoak aldarrikatuz eta bigarrenak betetzen direla bermatuz.
Eraikuntza komunitarioa ezinbestekoa da horretarako. Lehenik eta behin, beste mota bateko ezagutzak eta esperientziak transmititzeko eta ikasteko aukera ematen du, espazioak sortzeko eta bizitzako funtsezko alderdiak defendatzeko. Bigarrenik, giza eskubideen defentsan eragitea eta borrokatzea ahalbidetzen duen bide bat da, betebeharren titularrek eskubide horiek betetzen direla «gauzatu» dezaten lagunduz, pertsona guztientzako eskubide guztien interdependentzia eta integraltasuna ahaztu gabe.
Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren euskal estrategia
2017an aurkeztu zen (H)ABIAN 2030 Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren euskal estrategia, hainbat eragilerekin egindako partaidetza-prozesu baten ostean. Hala, duela zortzi urte, sei lan ildo edo indar-ideia ezarri ziren, gizartea eraldatzea helburu duen hezkuntza sustatzeko.
Harrezkero, eguneroko lanarekin batera, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, Hegoa Institutuak eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak urtero antolatu dituzte Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari (GEH) buruzko jardunaldiak; eta 2025ean zortzigarren edizioa izango da. 2018 eta 2023 bitartean, jardunaldien ardatza estrategiaren sei indar-ideiak banan-banan lantzea izan zen: herritartasun global jasangarri eta ekitatiboaren alternatibak eratzen dituzten subjektuei laguntzea, ikuspegi politiko-pedagogikoak, eskubideen ikuspegia, tokiko-global ikuspegia, eragile guztien arteko erantzukidetasuna, eta etengabeko ikaskuntza.
Lehen sei edizioen ondoren, jardunaldien ziklo berri bat hasi zen: indar-ideiak banaka lantzen jarraitu zen, baina horietako bakoitza GEHk gaur egun dituen erronka nagusiekin lotuz. 2024an, zazpigarren edizioan, hezkuntzak erakundeen eta kolektiboen/gizarte mugimenduen arteko artikulazioan dituen erronkak jorratu ziren.
Etapa berri horretan sakontzeko, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko VIII. Jardunaldiak apirilaren 3an, ostegunean, izango dira, 09:30etik 17:30era, Gipuzkoako Medikuen Elkargoan (Frantzia pasealekua, 12 – Donostia), Eraikuntza komunitarioaren erronkak gizarte eraldaketan izenburupean. Oraingo honetan, jardunaldiek (H)ABIAN 2030 estrategiaren hirugarren lan-ildotik abiatuta helduko diote gaiari: eskubideen ikuspegia txerta dadin sustatzea eta indartzea.