Alboanen jakinarazpen honekin egin dugu bat ingurumeneko defendatzailea eta Tocoako Ondasun Erkide eta Publikoen Udal Batzordeko (CMDBCPT) koordinatzaile izandako Juan Antonio Lópezen hilketaren gaitzesteko.
Atsekabe eta sumin handiz, Euskadiko GGKE-en Koordinakundean indarrez salatzen dugu ingurumeneko defendatzaile eta Tocoako Ondasun Erkide eta Publikoen Udal Batzordeko (CMDBCPT) koordinatzaile izandako Juan Antonio Lópezen hilketa. Tocoako udalerriko errejidore izateaz gain, Juan López Guapinol eta San Pedro ibaiak eta Montaña de Botaderos Parke Nazionala defendatzeagatik nabarmendu zen, baita Emco Holdings-Los Pinares-Ecotek enpresaren erauzketako megaproiektuaren aurka egiteagatik ere.
Juan López balaz josi zuten irailaren 14an mezatatik ateratzean, auto barruan zegoela. Egun, indarkeriaz tratatzen dira Hondurasko ondasun erkideen eta ingurumenaren defendatzaileak, eta zigorrik gabe uzten dira erasotzaileak; testuinguru horretan gertatu da hilketa hau. Ez da lehen aldia Guapinol ibaia defendatzen duen norbait hiltzen dutela: Jairo Bonilla Ayala eta Aly Magdaleno Domínguez Ramos 2023ko urtarrilaren 7an hil zituzten. Agintariek oraindik ez dituzte identifikatu haiek hil zituzten erantzule guztiak.
Guapinol ibaiaren defendatzaileen prozedura artxibatzeko agindua atzera botatzea
Hilketa gertatu eta bost egunera baino ez, La Ceibako Apelazioen Bigarren Gorteak atzera bota zuen Guapinol kasuan auzipetuta zeuden ondasun erkide eta publikoen bost defendatzaileen prozedura behin betiko artxibatzeko agindua. López bera zen defendatzaile horietako bat. Gertaera hori ez da kointzidentzia, eta agerian uzten du erauzketako megaproiektuei aurre egin eta bertako komunitateen eskubideak babesten dituztenek bizi duten jazarpen-giroa. Une honetan, defendatzaile horien prozedura artxibatzeko agindua atzera botatzeak esan nahi du haien kriminalizazio-prozesua berriro aktibatuko dela, eta horrek are gehiago larriagotzen du kasu honen injustizia- eta zigorgabetasun-egoera.
Gertaera horiek guztiak ikusita, hau eskatzen dugu:
- Ikerketa inpartziala: Ikerketa sakona egiteko eskatzen diegu agintariei, eta lehentasuna emateko hilketa hori giza eskubideen eta ingurumenaren defentsako lider izateagatiko errepresalia gisa gertatu zelako hipotesiari. Ikerketaren agintari erantzuleek independentziaz eta arduraz jokatu behar dute, eta krimenaren errudunak, nola materialak hala intelektualak, justiziaren aurrera eramango direla bermatuko da.
- Defendatzaileen berehalako babesa: Estatuak ez die jaramonik egin Tocoako Ondasun Erkide eta Publikoen Defentsa Batzordeko (CMDBCPT) kideen aurkako etengabeko mehatxuei. Babes-neurriak berehala eta modu eraginkorrean ezartzeko eskatzen dugu, bereziki Giza Eskubideen Amerika arteko Batzordeak (CIDH) emandakoak, haien onuradun baitzen Juan López.
- Estatuaren erantzukizuna: Gobernuari eskatzen diogu Juan Lópezen senideen eta CMDBCPT batzordeko kide guztien segurtasuna bermatzeko, ingurumena defendatzen duten guztien jazarpena eta kriminalizazioa eteteko, eta Emco Holdings-Los Pinares-Ecotek enpresaren erauzketako megaproiektua berehala bertan behera utziko dela ziurtatzeko, baita 18-2024 Dekretua berehala ezarriko dela ere, zeinak meatzaritzatik babesten baititu Hondurasko eremu babestu guztiak, hala nola Carlos Escaleras mendia.
Justizia Juan Lópezentzat
Juan Lópezen hilketa sare kriminalen indarkeria- eta zigorgabetasun-mailaren isla argia da. Sare horiek enpresa-sektore eta sektore politiko ustelekin lotuta daude. Krimen hori ez da zerbait isolatua, baizik eta Hondurasen lurra defendatzen duten hainbat pertsonaren hilketa-zerrenda luze baten parte: 2023an soilik 18 ingurumen-aktibista hil ziren. Krimen horiek ezin dira zigorrik gabe geratu.
Gure elkartasuna adierazi nahi diegu Juan Lópezen senideei, CMDBCPT batzordeko kideei eta, arriskutsua izan arren, bizitza eta justizia defendatzen jarraitzen duten pertsona eta komunitate guztiei. Bat egiten dugu Juan Lópezentzat berehalako justizia egitea eta zigorgabetasunari amaiera ematea eskatzen duten guztiekin.