Zenbateraino ezagutzen duzu munduko emakumeen egoera? Jakin ezazu Konekta TÚ online jolasarekin!

Zozketan parte hartzeko epea apirilaren 27ra arte egongo da zabalik.
  • Euskadiko GGKEen Koordinakundeak Konekta TÚ online jolasa sortu du, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiarekin elkarlanean.
  • Giza eskubideak, nazioarteko lankidetza eta elkartasuna modu didaktikoan herritarrei hurbiltzeko helburua duen Jolas TÚ bildumaren edizio berria da.
  • Oraingoan, jolasak generoari, berdintasunari, feminismoei eta munduko emakumeen egoerari buruzko hamar galdera planteatzen ditu.
  • Apirilaren 27ra arte jokoan parte hartzen duten pertsona guztien artean, Saretuz Donostiako kontsumo eraldatzailearen sareko saltokietan gastatzeko bost bonu zozkatuko dira.

Aurten, 2025ean, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 83 erakunde biltzen dituen Euskadiko GGKEen Koordinakundeak Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldian parte hartu du berriz ere, Jolas TÚ online jolas bildumaren edizio berri baten bidez. Urtero bezala, parte hartzaileek giza eskubideen eremu baten inguruan dituzten ezagutzak frogatzeko aukera izango dute.

Zazpigarren atal honetan, Konekta TÚ online jolasak egiaztatuko du zenbateraino jabetzen garen munduko emakumeek bizi duten egoeraz. 5.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute jada zazpi edizioetako batean. Proposamena dago soilik gazteei zuzenduta, baina ikastetxeetan asko erabiltzen ari den hezkuntza baliabidea da.

Sabanako lehoiek bezala, gutako bakoitzak indar berezia du. Batzuek indarrez orro egiten dute, beste batzuk urrats sendoz ibiltzen dira, eta batzuk oraindik beren ahotsa deskubritzen ari dira. ‘Lehoitasuna’ generotik haratago doa, eta beharrezkoa da hori entrenatzea gizarte bidezkoagoetarantz aurrera egiteko. Eta zuk, zer nolako lehoia daramazu barruan?

Ezagutu ezazu KONEKTA TÚ online jolas dibertigarri eta argigarria. Quiz motako 10 galderaren bidez, feminismoei, generoari eta munduko emakumeen egoerari buruz hausnartu eta ikasi ahal izango duzu. Honako hauek dira jokoan topatuko dituzun galderetako batzuk:

Adimen artifizialak desberdin trata al ditzake pertsonak generoaren arabera? Nola ebaluatu dezakegu emakumeek film batean duten presentzia? Munduko lehen unibertsitatea emakume batek sortu zuen? EAEko emakumeek urtean zenbat egunetan egiten dute lan doan? Zein da emakumeei eskainitako kaleen ehuneko handiena duen euskal hiriburua?

Gainera, parte hartzeagatik bakarrik, Saretuz Donostiako kontsumo eraldatzailearen sareko saltokietan gastatzeko 5 bonuren zozketan sartuko zara. Zozketa maiatzaren 5ean egingo da, eta parte hartzeko epea zabalik egongo da hilabetez, hau da, apirilaren 27ra arte.

Onartuko al duzu erronka?

Online joko hau Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiarekin elkarlanean sortu da, eta apirilaren 4tik 11ra bitartean antolatutako jarduera osagarrien parte izan da. Gainera, Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren laguntza eta babesa izan du.

Spot dibertigarri bat ere plazaratu du Koordinakundeak, herritarrak Konekta TÚ jokoan parte hartzera gonbidatzeko. Bideoa Zinemaldiaren programa ofizialaren emanaldietan proiektatu da, eta YouTuben ere ikus daiteke.

Gizarte eraldaketarako hezkuntzarako proposamen gehiago aurkitu nahi dituzu? Bisita ezazu Eraldagune atal berezia Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundearen webgunean, gure pentsamendu kritikoa aktibatzen duten eta munduan egoteko beste modu batzuk proposatzen dizkiguten materialetarako topagune eta erreferentzia.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat