Donostiako Kontxako pasealeku “irristagarri” batek eskuin-muturrak sustatutako gorroto-mezuetan erortzeko arriskuen inguruan ohartarazi ditu herritarrak

Zero pobrezia kale ekintza argazkia 22102024

Donostiako Zero Pobrezia Plataformak, non Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak parte hartzen duen, pasa den urriaren 22an goizean goiz egindako kale-ekintza baten bitartez hiria esnatu du eskuin-muturrak giza eskubideetan duen eraginaren inguruan herritarrengan hausnarketa eragiteko.

Kale-ekintza honen bidez, Kontxa pasealekuko zati bat “zoru labainkorra” seinaleztatuta esnatu da herritarrek eskuin-muturrak sortzen duen gorroto-diskurtsoan erortzeko duten arriskuaz ohartarazteko. Metro batzuetan zehar, oinezkoek sentitu dute zein gertu ditugun horrelako mezuak, baita horiei aurre egiteko kontuz ibiltzeko beharra ere, hain zuzen ere, giza eskubide gehiagorekin eta aniztasuna, errespetua, bizikidetza eta gizarte-kohesioa bezalako balioen bidez. Gainera, Kontuz! Zoru irristakorra. No caigas en los discursos de extrema derecha. Giza eskubideak, bide bakarra! lelopeko kartel batek agerian utzi du plataformak hausnarketa sortu nahi izan duela herritarrengan eskuin-muturrak giza eskubideetan duen eraginari buruz.

Kolektiboak adierazi du bizkor bizi garela, askotan gure alboan gertatzen denari arreta handirik jarri gabe. Eskuin-muturra hedatzen ari da, eta hori apurka gertatzeak ez du esan nahi kezkagarria ez denik. Are gehiago, nabarmendu dute joera hori Espainiar estatuan agerikoa dela, baita Europan ere, non ekainaren 9ko azken Europako hauteskundeen arabera, lau diputatutik bat dagoeneko eskuin-muturrekoa den. Urruneko beste herrialde batzuetan, esate baterako Argentinan, Brasilen eta Amerikako Estatu Batuetan ere eskuin-muturreko liderrak nabarmendu dira.

Eskuin-muturreko taldeek ezaugarri komun hau dute: populismoa, nazionalismoa, xenofobia, kontserbadurismoa, autoritarismoa eta pluralismoaren gaitzespenaren nahasketa. Gainera, defendatzen dituzten politikek urratzen dituzte hamarkada askoan giza eskubideetan, justizian eta elkartasunean lortutako gizarte- eta ingurumen-aurrerapenak, aztertu dute plataformatik. Halaber, gogoratu dute haien politika errepresiboek eta etnia-, erlijio- edo genero-gutxiengoen kontrako gorroto-diskurtsoek, baita sexu-aniztasunaren aurkakoek ere, besteak beste, intolerantzia- eta indarkeria-giroa sustatzen dutela, eta giza eskubideak sistematikoki urratzen dituztela. Gainera, eskuin-muturraren argudioak gezurretan eta faltsukerietan oinarritzen dira normalean, eta tentsioak sortzen dituzte gizartean, baita herritarrak polarizatu ere. Ohartarazi dute jokabide horrek demokrazia arriskuan jartzen duela, eta oso kaltegarria dela gizarte-kohesiorako.

Kolektibo honek gogoratu du eskuin-muturraren gorakadak eragin negatiboak dituela pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokan. Hori dela eta, Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, ezin dugu ahaztu eskuin-muturreko alderdiek sustatutako politikek austeritatea, pribatizazioak eta gizarte-zerbitzuen murrizketak bultzatzen dituztela, eta horiek guztiak kaltegarriak direla gizarte-sektore ahulenentzat, eta aberatsen eta pobreen arteko arrakala handitzen dutela. Halaber, etnia- eta arraza-aniztasuna arbuiatzen dute, eta migratzaile edo errefuxiatuekiko mesfidantzan oinarritzen dira, horiei gizatasuna kentzen diete, eta gizarteko gaitz guztien errua egozten diete. Konponbide errazak proposatzen dituzte arazo konplexuetarako, kausak aintzat hartu gabe eta sakondu gabe. Azken finean, kolektiboaren ustez, eskuin-muturreko gorakada mehatxu garrantzitsu bat da ekitatearentzat, justiziarentzat eta giza eskubideentzat munduan, eta askatasuna eta demokrazia arriskuan jartzen ditu.

Eskuin-muturra mehatxu argi bat da, eta horren aurrean ezin gara geldi egon giza eskubideak arriskuan jartzen dituelako eta pobrezia eta desberdinkeriak larriagotzen dituelako. Hori dela eta, herritarrak deitzen ditugu parte hartzera eta mobilizatzera.

ENTRADAS RELACIONADAS

Zorionak eta urte berri on!

Gabon (eta opor) zoriontsuak izan, eta 2025erako indarrak hartu, erronka garrantzitsu bezain zoragarriak baititugu aurretik. Zorionak eta urte berri on!

Utzi erantzun bat