Hasiera » Koordinakundea » Barne antolaketa » Lantaldeak
KOORDINAKUNDEA
Lantaldeak
GGKE bazkidek osatzen dituzte, eta hainbat arlotan egiten dute lan kolektibo osoarentzat eta Euskadiko GGKE-en Koordinakundearentzat.
Talde iraunkorrak
Gaur egun, hauek dira erakundearen lan-ildoei lotutako talde iraunkor aktiboak, eta ibilbide eta esperientzia handia dute:
Eragin politikoa
Kalitatezko nazioarteko lankidetzarako euskal politika publikoa defendatzen dugu. Horretarako, harreman egonkorrak ditugu horien arduradunekin, eta jarraipena egiten diegu Euskadiko erakunde publiko nagusien lankidetza-aurrekontuei eta haien arau-esparruei. Era berean, garapenerako politiken koherentzia aztertzen dugu erakunde horietan, eta giza garapen jasangarrirako 2030 Agendaren ezarpena euskal politiketan ere bai.
Gune Feminista
Ikuspegi feminista duen lankidetza bultzatzen dugu. Ikuspegi horren zeharkakotasuna ziurtatzen dugu gure antolakundean eta beste sare, erakunde edo gizarte-mugimendu batzuekin egiten ditugun jardueretan. Planteamendu feminista hori lankidetzarako euskal politika publikoetan eta GGKE bazkideetan sartzearen aldeko apustua ere egiten dugu.
Mobilizazioa eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza
Hausnarketaren eta praktikaren bidez, edukia eta zehaztasuna ematen dizkiogu gizarte-eraldaketarako hezkuntzari. Horri buruzko ikuspegiak eta estrategiak adosten ditugu, eztabaidarako edo prestakuntzarako guneen bidez, aukera berriak ezartzeko. Mobilizazioak, kanpainak eta ekintzak egiten ditugu, bidegabekeriak salatu eta alternatibak proposatu. Halaber, gizarte-eraldaketarako hezkuntza posizionatzen dugu gurekin lan egiten duten eragileetan, adibidez, ekarpenak eginez erakunde publikoen dokumentuei eta araudiei.
Erdialdeko Amerika
Erdialdeko Amerikako hainbat herrialdetan, hala nola El Salvadorren, Nikaraguan eta Guatemalan, etengabe eta gero eta gehiago oztopatzen da GGKE-en lana, eta, horrez gain, gero eta zailagoak dira lan-baldintzak. Gainera, egunetik egunera zailagoa da gizarte zibilaren parte-hartzea, eta larriagotu egin da giza eskubideen urraketen eta elkartasunaren kriminalizazioaren egoera. Talde honen bidez, eragin politiko eta soziala egiten dugu egoera hori salatzeko, erreakzioak eragiteko eta sortutako arazoak konpontzeko.
Genero-politikaren Talde Eragilea
2022an eta 2023an, erakundearen Genero-politika berriari ekin genion, 2021ean egindako diagnostiko batean oinarrituta. 2023-2030 Genero-politika behin betiko onartu ondoren, talde honen helburua hau izan da: prozesuak eta ekintzak bultzatzea politika hori garatu ahal izateko. Talde teknikoko, Gobernu Batzordeko eta lantaldeetako ordezkariek osatzen dute talde hau.
Euskadiko GGKE-en Koordinakundean sarrera berrien jarraipen-batzordea
Gure erakundeko eta kanpoko beste pertsona batzuek osatzen dute, baina euskal lankidetzaren sektorea eta GGKEak ezagutzen dituztenak. Haren eginkizun nagusia da gure sarean bazkide izan nahi duten erakundeen eskaerak aztertzea eta horri buruz balorazio-txosten bat egitea, sartzeko eskaera hori bozkatuko den Batzar Orokorra egin baino lehen.
Donostiako Zero Pobrezia plataforma
Lurraldeko beste kolektibo, GGKE eta gizarte-mugimendu batzuekin batera, sare horren parte gara. Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko lantalde espezifikoa ez den arren, hasiera-hasieratik geure gain hartu dugu haren dinamizazioa eta koordinazioa.
Plataforma honen bidez, munduko bidegabekeriak, pobrezia, bazterketa, giza eskubideen urraketak eta desberdintasunak salatzen ditugu. Era berean, herritarrak mobilizatzen eta sentsibilizatzen laguntzen dugu, bai eta proposamenak eta alternatibak ezagutarazten ere beste gizarte-eredu inklusiboago bat lortzeko.
Garapen Jasangarrirako Helburuak eta Garapenerako Politiken Koherentzia
Honen helburua da erakunde publikoek bultzatzen dituzten ekimenak aztertzea eta proposamenak egitea, garapenerako politiken koherentzian aurrera egiteko, bai eta horretarako abian jartzen dituzten partaidetza-guneetan ere parte hartzea. Gainera, 2030 Agendarekin lotutakoa aztertzen du, eta horren ezarpena erakunde publikoetan ere bai, agenda hori garapen iraunkorrerako politiken koherentzia lortzeko tresnatzat hartzen baitugu.
Lankidetzarako euskal politiken aurrekontuak
Euskal erakunde publiko nagusien aurrekontuen jarraipena egiten dugu, lankidetza-partidei arreta berezia eskainiz. Lankidetza-politiken zenbatekoak aztertzen ditugu, baina ez bakarrik erakundeen aurrekontuei dagokienez, bai eta barne-produktu gordinari dagokionez ere.
Aldi baterako taldeak
Aldi baterako beste lantalde batzuk ere sortzen ditugu, unean uneko beharrei edo erronkei erantzuteko, edo gai espezifikoei heltzeko. Normalean, talde egonkorren azpitaldeak izaten dira, eta, sortu diren funtzioa bete ondoren, desegin egiten dira. Honako hauek dira gaur egun aktibo dauden aldi baterako lantaldeak:
Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea
Izapidetze-fasean dagoen Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege berrian eragin politikoa izateko lan egiten du.
Tresnak
2024ko Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Legeak politika horren ildo nagusiak jasotzen ditu, eta eragin nabarmena du euskal GGKE-etan. Talde honen helburua hau da: epe labur eta ertainean ezarri beharreko tresnei buruz erakundeei zuzentzen dizkiegun posizionamenduak, mezuak eta eskaerak aztertzea eta adostea, Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Legeak ezarritakoaren arabera.
Gasteiz konexioan
Gasteiz konexioan sentsibilizazio-jardunaldiaren helburua da gure lurraldearen eta GGKE-ek lan egiten duten urrutiko beste batzuen arteko loturak erakustea; hala, gizarte aktibo eta parte-hartzaileagoa lortuko dugu, gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzeko gai dena. Urtero lantalde bat sortzen da jarduera hori antolatzeko.
Kudeaketarako lankidetza-gunea
GGKE bazkideen kudeaketan, administrazioan eta kontabilitatean lan egiten duten pertsonez osatuta dago. Helburua da ezagutza, esperientziak eta zalantzak partekatzea, eta elkarlanean aritzea erakundeetan kudeaketa hobetzeko. Gainera, Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak eskaerei eta kontsultei erantzuna bilatzen die, informazio ofizialen edo balizko formakuntzen bidez.
Gai teknikoei eta proiektuen kudeaketari buruzko jarraipen-batzordea Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin
Gune mistoa da, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako arlo teknikoko arduradunek eta Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko bazkide diren erakundeen talde adierazgarri batek osatua. Bertan, proiektuen eguneroko kudeaketaren eta jarraipenaren korapiloak identifikatzen dira, hala nola, araudiari, burokraziari eta haren interpretazioari inguruko gaiak, eta aldeen artean elkar ulertzeko borondateari buruzkoak eraginkortasun handiagoa izateko.
Sexu-jazarpeneko eta sexuan eta sexu-orientazioan oinarritutako jazarpeneko egoeretan prebentzioa lantzeko eta esku hartzeko protokoloko erreferentziazko lantaldea
Talde honek arduratzen da gai horiei lotutako balizko salaketak jasotzeaz, protokoloak zehazten duen ikerketa-fasea martxan jartzeaz eta kaltetutako pertsona laguntzeaz. Honako hauek osatzen dute talde hau: Koordinazio orokorraren ardura duen pertsona, Genero arduraduna, Gobernu Batzordean generoko eleduna eta tartean den GGKEko pertsona bat, beharrezko eta egoki dela uste bada.
Euskara gunea
Euskararen aldeko gure espazioa da, eta hizkuntza honen erabilera bultzatzen du gure erakundean eta lankidetzaren arloan. Euskara-planaren jarraipena ziurtatzen du eta hizkuntza honi lotuta antolatzen ditugun jarduera eta formakuntzak zehazten ditu, beste eginkizun batzuen artean. Euskadiko GGKE-en Koordinakundean euskararekin dugun konpromisoa dela-eta, aspalditik ari gara aurrerapausoak ematen gai honetan, esate baterako Bai Euskarari eta Euskaraldia ekimenekin bat eginez, edota azken urteotan antolatzen ari garen hainbat formakuntzaren bidez.