Hasiera » Koordinakundea » Beste esparru batzuetan ordezkaritza
KOORDINAKUNDEA
Beste esparru batzuetan ordezkaritza
Honako gune instituzional hauetan parte hartzen dugu, erakundearen ikuspegia eta esperientzia eskaintzeko eta gure jarrerak eta aldarrikapenak helarazteko.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorea
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren erabaki, administrazio eta kontrolerako organo gorena da. Bere eginkizunen artean honako hauek daude, besteak beste: jardueren plan orokorrak onartzea, laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak onartzea proposatzea, urteko aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea eta plantillaren eta langileen ordainsarien proposamena egitea.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua
Euskadiko garapenerako lankidetzako eragileen ordezkaritza paritarioko organoa da, bai erakundeena, bai gizarte zibilarena. Euskal lankidetza publikoari proposamenak egitea, irizpena ematea eta jarraipena egitea dago bere eginkizunen artean. Honako lan-batzorde espezifiko hauetan ere hartzen dugu parte: Batzorde iraunkorra, kontseiluaren ohiko kudeaketaz arduratzen dena, eta Garapen jasangarrirako politiken koherentzia-batzordea, gai horri berariaz heltzen diona.
Lankidetzako Bilboko udal Kontseilua
Bilboko Udalaren kontsultarako eta elkarrizketarako organoa da, eta hirian lankidetzaren arloan lan egiten duten gizarte-eragileak daude bertan ordezkatuta. Haren helburua da ahaleginak batzea eta kudeaketa hobetzea elkartasunarekin eta lankidetzarekin lotutako zereginetan, garapen-eredu humanoagoa eta informazio eta gardentasun handiagoa lortzeko. Gainera, Kontseiluaren batzorde betearazlean parte hartzen dugu, hura baita batzordearen kudeaketa arruntaz arduratzen den organoa.
Gasteizko Garapenean Laguntzeko Elkargunea
Gasteizko Udalak bere kudeaketa hobetzeko erabiltzen duen tresna da. Herritarrek lankidetzarako udal-politikak diseinatzen, garatzen eta ebaluatzen laguntzeko eta erantzukizunak banatzeko bidea ere bada. Informazioa emateaz gain, gai horri buruzko herritarren proposamenak eztabaidatzen eta lantzen dira.
Donostiako Udaleko Garapenerako Lankidetza eta Hezkuntzako Aholku Kontseilua
Parte hartzeko organoa da, eta garapenerako lankidetzaren eta hezkuntzaren arloko printzipioak eta jarduera bultzatzen ditu udalerrian. Udalak duen erreferentzia-esparrua da herritarrak garapenerako lankidetzarako udal-politikak abian jartzen inplika daitezen, eta, horretarako, politika horien kudeaketa ezagutzera ematen du, oinarri ideologikoari buruz hausnartzen du, jarduera-ereduak proposatzen ditu eta jarraipena egiten du. Era berean, kontseiluaren kudeaketaz arduratzen den Batzorde iraunkorrean parte hartzen dugu.
Eskutik Mundura
Arabako Foru Aldundiko Lankidetza-arloak sortutako gunea da. Haren helburua da GGKE-ei eta sektoreko eragileei dei egitea elkarrekin entzuteko eta foru-lankidetzako erremintei, tresnei eta politikei ekarpenak egiteko, eta, gainera, elkarlanean aritzea erakundearen zenbait jardueratan.
Gipuzkoako Lankidetza Mahaia
Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako organoa da gizarteak lankidetza-sareetan duen parte-hartzea indartzeko eta elkartasuna bultzatzeko inplikatutako eragileen kopurua handituz. Gune berean biltzen ditu GGKEak eta lankidetzara zeharka baino hurbildu ez diren beste gizarte-eragile batzuk, hala nola enpresa-sarea, komunikabideak edo gure kulturaren eta Euskadira migratutako pertsonen mestizajean lan egiten duten kultura-elkarteak.
Elkarrizketa Zibilerako Mahaia
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren esparruan, hirugarren sektore sozialaren kontsultarako eta parte-hartze instituzionalerako organo gorena da. Eusko Jaurlaritzaren eta herritarren ekimenaren artean elkarrizketa sustatzea eta erraztea du helburu, gobernantzaren ikuspegitik, politika publikoen diseinuan eta gauzatzean eragina izango duten akordioak eraikitzeko, eta, hala, bete gabeko gizarte-premiak dituzten pertsonen ongizatea hobetzeko eta gizartean erabat txerta daitezen lortzeko.