Hasiera » Koordinakundea » Gure historia » 30. urteurrena » Gatazkarik gabeko teknologia #30UrteAztarnaUzten
EUSKADIKO GGKE-EN KOORDINAKUNDEA
30. urteurrena
30 URTE AZTARNA UZTEN IKUS-ENTZUNEZKO KANPAINA #30UrteAztarnaUzten
Gatazkarik gabeko teknologia
Kongoko Errepublika Demokratikoaren hegoaldean dago koltanaren munduko erreserba guztiaren %Â 80. Herrialde horretan, koltanaz gain, badaude beste mineral batzuen hainbat erreserba garrantzitsu; esaterako, urrearen, tantaloaren, eztainuaren eta wolframaren erreserbak. Mineral horiek gabe ezinezkoa izango zen teknologia berrien iraultza gertatzea, batez ere telefono mugikorren teknologiarena.
Aipatutako mineral horiek gatazka-mineral izenez dira ezagunak, batetik, hainbat talde armatuk indarkeria erabiltzen dutelako meategiak eskuratzeko, eta, bestetik, mineralak salduz irabazten den dirutzarekin gatazka armatua sustatzen jarraitzen delako. Kongoko Errepublika Demokratikoko gerran bost milioi pertsona baino gehiago hil dira dagoeneko, eta milioika pertsonak ihes egin behar izan dute beste toki batzuetara.
Gainera, herrialde horrek sexu-indarkeriaren munduko tasa altuenak ditu. Hain zuzen ere, emakumeen aurkako sexu-indarkeria gerrako armatzat erabiltzen da, jendea ikaratzeko eta beren lurretatik botatzeko. Dagoeneko, 200.000 emakume baino gehiago bortxatu dituzte 1998tik.
Egoera horren aurrean, ALBOANek Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpaina jarri zuen martxan 2014an. Honen helburua odolez zikindu gabeko teknologiaren eskaera bultzatzea da, mineralen kontrabandoa amaierarazten duen Europako araudi baten bidez. Hain zuzen ere, nazioarteko sare zabal batek egindako lanaren eraginez, 2017an Europako Parlamentuak mineralen hornidura arduratsua arautzeko legea onartu zuen. Lege hori aurrerapauso bat da (baina ez nahikoa), bermatu ahal izateko Europar Batasunak inportatutako mineralen diru-sarrerekin ez dela finantzatuko ez giza eskubideen urraketarik, ez eta gatazka armaturik ere.
Era berean, ALBOANek, Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpainaren bidez, laguntza ematen die biktimei (hala nola lekualdatuei eta errefuxiatuei, eta sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei), bai Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuitaren bidez eta bai tokiko erakundeen bidez ere, esate baterako Synergie des Femmes erakundearen bitartez. Laguntza horren barruan daude, besteak beste, mediku-arreta, laguntza psikosoziala, lanbide-heziketa eta emakumeentzako harrera-etxeak sortzea.