Hasiera » Koordinakundea » Gure historia » 30. urteurrena » Gola Israel eta Palestinaren arteko gatazkari #30UrteAztarnaUzten
EUSKADIKO GGKE-EN KOORDINAKUNDEA
30. urteurrena
30 URTE AZTARNA UZTEN IKUS-ENTZUNEZKO KANPAINA #30UrteAztarnaUzten
Gola Israel eta Palestinaren arteko gatazkari
Badira ospatzeko gutxi duten urteurrenak. 2018an 70 urte betetzen dira arabiarren eta israeldarren lehen gerratik. Gatazka horren ondotik, 700.000 errefuxiatu palestinar sortu ziren.
Biztanle horientzat ez da konponbide bidezkorik eta iraunkorrik izan, eta, horren ondorioz, gaur egun 5 milioitik gora dira errefuxiatu palestinarrak, Gazako zerrendan, Zisjordanian eta Ekialde Erdiko eta munduko beste hainbat aldetan banatuta.
Palestinako lurralde okupatuan, zehazki Zisjordanian, herritarrek Israelen legez kanpoko okupazioaren ondorioak jasaten dituzte. Besteak beste, mugitzeko mugak eta murrizketak, etxebizitzen, eskolen eta ospitaleen eraisketak, lurra lantzeko trabak edo biztanle zibilen (adingabekoak barne) atxiloketa administratiboak…
Bestalde, Gazako zerrendan, gainera, 10 urte betetzen dira Israelek lur, itsaso eta aireko blokeoa ezarri zuela, eta, horren ondorioz, pertsonek eta salgaiek ezin dute ez sartu ez atera. Hori dela-eta, bertan bizi direnek ezin dute mediku-tratamendu egokirik jaso, ezin dituzte beren etxeak berreraiki eta murriztuta dute argindarra eta ura.
Palestinar Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia, UNRWA, Palestinako historiaren azken hamarkadetako lekuko nekaezina izateaz gain, herritar horien beharrizanei erantzuteko sortu zen. Gaur egun, 5 milioi errefuxiaturi baino gehiagori ematen die laguntza. Gazako zerrendan, UNRWA Euskadik, besteak beste euskal lankidetzaren eta tokiko beste kolektibo batzuen laguntzarekin, babesa ematen die emakumeei hainbat esparrutan: ama-umeen osasunean, lanbide-prestakuntzan, kirolaren sustapenean eta haien eskubideen defentsan. Emakumeen futbol talde baten lekukotza nabarmentzen dugu hemen, kirolaren bidez haien bizitzetan ezarritako mugak haustea lortu baitute, eta askatasunerako, bizitzarako eta balioak sustatzeko eragile bihurtu baitute kirola.