EUSKADIKO GGKE-EN KOORDINAKUNDEA

30. urteurrena

30 URTE AZTARNA UZTEN IKUS-ENTZUNEZKO KANPAINA #30UrteAztarnaUzten

Kultura, aldaketarako eragile Senegalen

8.000 migratzaile hil dira Mediterraneoan 2016 eta 2017 urteen artean, Europara sartzeko eskura duten zubi nagusia gurutzatzeko ahaleginean. Kaiukoetan migratzeko saio horietan milaka lagun hil dira Senegalen azken hamarkadan.

Gainera, irrikaz amestutako jomugara iristen diren bakanek, besteak bestek Mamadou Diak, ez dute espero zuten “Doradoa” aurkitzen, zangotrabaz, bazterkeriaz eta aukera eskasiaz jositako bide gogorra baizik.

Senegal iparraldeko Gandiol herri arrantzalean, gizon gazteen belaunaldi oso bat galdu da, sasoiko gazte horiek migratzea erabaki zutelako, beraientzat eta familientzat bizitza hobeago bat lortzeko esperantzan. Hainbat arrazoi eta faktore izan ziren gazteak ataka horretara iristeko: arrantza-bankuak agortzea eta tokiko garapenerako aukeren urritasuna, eta egoera larritzeko, hezkuntza- eta kultura-eskaintza herrialdearen iparraldeko hiri handietan zentralizatu izana.

Horren ondorioz, Mamadou Diak jaioterrira itzultzea erabaki zuen, Gandiolera, hango garapen-aukerak hobetzeko eta bertako jendearen segurtasunik gabeko migrazioan prebentzio-lanak egiteko. Geroztik horretan dihardu, gazteei Espainiarako bere bidaia-esperientziaren berri ematen, eta gainera, egia bihurtu du bere ametsa, Kultura Zentro bat izatekoa, herriko topaleku eta garapenerako eragile izango den kultura-gune bat.

2017ko abenduan zabaldu zituen ateak Sunu Xarit Aminata Kultura Zentroak; Nerea Pérez-Arrospide Navallas arkitektoak eta euskal kooperanteak diseinatu zuen, eta 2015ean zorigaiztoko istripu batean hil ondoren, haren izena darama gaur egun.

Kultura, Communication y Desarrollo eta Aminata GGKEak bidelagun dira Gandioleko emakumeek eta gazteek gidatutako garapen-prozesu horretan. Kulturan eta gizarte-komunikazioan sustraitutako tokiko ekimen hau abiatzeko, irrati komunitario bat instalatu eta jarri dute martxan. Hileroko kultura-jardueren egitarau bat ere prestatzen dute, liburutegi iraultzaile bat dute eta bertako herritarrentzat interesekoak diren hainbat arlotan truke eta ikasketako topaketak antolatzen dituzte. Zentroa generoaren ikuspegitik kudeatzeko lantalde bat ere sendotu dute.

Senegaleko gazteen geroa jada ez da Europara migratzea, bertan geratzea eta beren kultura balioan jartzea baizik.