Lankidetza, adierazpen askatasuna eta AEBk Kubaren aurka jarritako blokeoaren amaiera defenda ditzagun

Euskadi-Cubaren jakinarazpenera atxikimendua argazkia 2024

Euskadi-Cubarekin babesa adierazten duen jakinarazpen honi atxikitu gara:

Otsailaren erdialdean, Euskadi-Cuba elkartearen ordezkari legalaren aurkako epaiketa egingo da Madrilen. Elkarte hori 2020 arte www.cubainformacion.tv webgunearen jabea izan zen, eta epaiketa komunikabidearen kazetaritza koordinatzailearen aurkakoa ere bada. Kereila kriminal batek sei urteko kartzela-zigorra eta 50 mila euroko kalte-ordaina eskatzen du, “Kuban osasun-krisia sortzea: lankidetza medikoaren aurkako gerraren helburua” izeneko kazetaritza-lanagatik.

Erakunde kereilagilea, AEBko Gobernuko Estatu Departamentuarekin koordinatuta, Kubak zenbait herrialderekin zituen hitzarmen medikoak suntsitzen aritu zela deskribatzen eta salatzen du lan honek. Lanak defendatzen du Kubak beste herrialdeekin zituen hitzarmenei esker bi helburu lortzen zirela: 1) komunitate pobretuetan milioika pertsonari osasun-zerbitzuak eramatea, eta 2) Kuba barneko osasun-sistema publikoaren zati bati eusteko diru-sarrera batzuk lortzea. AEBen zigorrak zorrotzak izanik, hitzarmen eta diru-sarrera horiek suntsitzea gaur egun Kuban sendagaiak eta osasun-materiala ez egoteko arrazoi zuzena da, erreportajearen arabera.

Kereila jarri duen erakundeak, gainera, faltsukeria groteskoak zabaldu ditu komunikabide garrantzitsuetan, hala nola Euskadi-Cubak funts publikoak jasotzen dituela (Eusko Jaurlaritza) “Europa eta Espainia ezegonkortzeko” edo “Europa eta haren instituzioak hondatzeko”, eta “lankidetzako funtsez” elikatzen dela “inteligentzia lanetarako”, hori guztia uhartean lankidetza proiektuak egiteko jasotako eta ondo zuritutako dirulaguntzei erreferentzi eginaz.

Intoxikazio-operazio baten aurrean gaude. Alde batetik, uhartean milaka familiari mesede egiten dien eta garapenerako lankidetza-lan solidarioa egiten duen GGKE bat suntsitzeko saiakera da. Bestetik, kazetaritza kritikoa beldurtzeko saiakera da; kazetaritza kritikoa ezinbestekoa da Hegoalde Globaleko herrialdeetako errealitatea ezagutzeko eta txirotzearen eta desberdintasunaren kausak ulertzeko, eta beraz, eraldaketarako.

Horregatik:

1. Euskadi-Cuba elkartea eta Cubainformación hedabidea lagundu eta babesten ditugu, justiziaren, egiaren eta prentsa-askatasunaren aldeko borrokan.

2. Eskatzen dugu, beste behin ere, AEBko Gobernuak, beste erakundeekin lankidetzan, Kubako herriari errukigabe aplikatzen dion eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak 31 aldiz kondenatu duen blokeoa amaitzea, hori baita uharteak bizi duen krisi ekonomiko larriaren sustraia.

3. Azkenik, laguntza ekonomikoa emateko kanpainan parte hartzeko deia egiten dugu. Epaiketaren gastuek ez dezaten Euskadi-Cubaren desagertzea eragin.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat