Joan den larunbatean, martxoaren 8an, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bat egin zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak lelopean Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira deitutako mobilizazioekin. Donostia, Gasteiz eta Bilboko manifestazioetan parte hartu genuen.













Adierazpena
Mugimendu Feministak Gasteizko manifestazioaren amaieran irakurritako testua.
FAXISMOAREN KONTRA, AUSARDIA ETA ALIANTZA FEMINISTAK! Iritsi da martxoaren 8a, eta urtez urte gehiago dira kalera ateratzeko ditugun arrazoiak, badelako garaia emakume*eta sexu-genero disidenteok jasaten ditugun zapalkuntzekin amaitzeko.
Iaz, Gure bizitzekin negoziorik ez! ¡Haceos cargo ya! lelopean atera ginen kalera, lehen Greba Feminista Orokorra egin eta hiru hilabetetara. Horrekin ere lanean jarraitzen dugu.
Testuingurua ez da asko aldatu. Berdintasun ezak bere horretan dirau, eta sistema zisheteropatriarkala, kapitalista, koloniala eta arrazista berrantolatzen ari da. Zapalkuntza modu eta mekanismo berriak agertu dira, botere-harremanen formak konplexuagoak egin dira, eta ezin dugu dena dikotomia sinpleetan ulertu: ezkerra/eskuina, gora/behera. Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikus dezakegu hainbat eremu eta sektoretan. Ikusi ahal izan dugu, herrialde desberdinetan, trans pertsonei eta ez-bitarrei egindako eraso bortitz eta hilgarrien ondoren, gainerako kolektiboak, bollerak eta emakumeak izan direla hurrengo erasotuak. Gure kide transak desagerrarazten saiatzeko prozesu horretan ez dugu konplize izan nahi. Mundu osoan proiektu matxista berrarmatzen ari den olatu erreakzionario eta ultraeskuindarretik datozen gorroto-diskurtsoek ez dute lekurik feminismoan.
Ez da soilik urrutiko zerbait, eskuinetik datorrena ez da mugimendu estanko bat. Ezkerreko sektore batzuetan ere ari gara ikusten feminismoarekiko kontrakotasuna, sexu langileen aurkako posizioak, jarrera esentzialistak, mezu transfoboak edota diskurtso arrazisten gorakada, sistema honen sostengurako ezinbesteko harreman eta ideiak sortzen eta hedatzen dituztelarik. Diskurtso hauek, gainera, segurtasunaren izenean polizia gehiagoren beharra aldarrikatzen dute, eta herri honetan argi dugu: poliziak ez gaitu babesten!
AFRIKAKO EMAKUMEAK: Afrikako emakumeen kolektibotik, konpromiso sendoa eskatzen dugu errotuta dauden aurreiritzi arrazista guztiak gainditzeko. Migratzaileak gara eta aitortuak eta lagunduak izan nahi dugu bizitza duina, autonomoa eta iraunkorra izateko. Ozen aldarrikatzen jarraitzen dugu Atzerritarren Legearekin amaitu behar dugula.
EMAKUMEAK GERRAREN AURKA: Martxoaren 8 honetan ere, ezin ditugu ahaztu munduan barrena hainbat gatazketan borrokan eta erresistentzian dabiltzan kideak. Hemendik gure babes eta elkartasun osoa; Palestina, Sahara, Kurdistan… besarkada bana Euskal Herritik. Jarrera eta posizionamendu belizistek indarra hartu dute azken urteetan, eta horrek zuzenean gure gorputz eta lurraldeen aurkako zapalkuntzak areagotzera garamatza. Gerra indarkeria patriarkalaren adierazpen nagusia da. Egungo sistema kapitalista, zisheteropatriarkala, kolonialista, ekozida, kapazitista… gerraz baliatzen da betikotzeko. Baliabide naturalak eta lurralde estrategikoak kontrolatzeko gerrak. Mundu osoan milioika pertsonen heriotza, suntsipena eta etsipena eragiten duten gerrak. Gerra horiek Euskal Herriko ekoizpen militarra duten 200 enpresa baino gehiagotan hasten dira, diru publikoz eta banka armatuak finantzatuta, eta aitorpen instituzional eta soziala dute. Horrek basakeriaren konplize bihurtzen gaitu.
- Premiazkoa da gure buruak eta gizarteak desmilitarizatzea.
- Premiazkoa da bizi dugun kontsumo eta xahutze eredu dementziala errotik eraldatzea.
- Premiazkoa da Euskal Herriko industria militarra gizarte-onurako ekoizpen zibil bihurtzea.
- Premiazkoa da emakumeen eta nesken aurkako gerra-arma gisa erabilitako sexu-indarkeriaren zigorgabetasuna amaitzea.
Gure gorputzak eta gure herriak ez dira konkista-lurraldeak. Genozidiorik Ez! Gerrarik Ez!
AUZOAN BIZIko emakume eta sexu-genero disidenteok duela urte batzuk egindako apustua berrestera gatoz. Gure etxeak defendatzearekin batera, gure kaleak borrokatuko ditugu, matxismoari LGBTfobiari eta arrazismoari aurre eginez komunitate politikoa eraikiz eta antolakuntza indartuz. Borroka bakoitzak gure etxea handitzen duelako!
PENTSIODUNAK: Martxoaren 8 honetan, emakume pentsiodunok EZEZKO biribila adierazten dugu faxismoaren aurrean, dagoeneko bizi izan dugulako eta emakumeentzat zer den badakigulako. Tinko jarraitzen dugu gure eskubideak defendatzen eta aliantza feministak ezartzen, bereziki zaintzaren arloan. Aurten, justizia sozialagatik, pentsiodun ILPren alde mobilizatu gara, gutxieneko pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin berdintzeko. Eskerrak eman nahi dizkiegu 30 erakunde feminista eta emakume-erakunde baino gehiagori eman diguten laguntzagatik, jasotzen ari garen milaka eta milaka sinadurei nabarmen laguntzen baitie.
Horregatik diogu, egun, feminismoekin posizionatzeko ausardia aldarrikatzen dugula, norbere erosotasunetik ateratzeko aldarri gisa eta erresistentzia eta ofentsibarako lubaki gisa. Feminismoa ezkerreko borroken erdigunera ekarri behar dugu, feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista. Feminismoa baita eraldaketarako proposamen integralak egiteko ezinbesteko mugimendua.
Mugimendu Feministatik urtez urte egiten ari garen lanak eta borrokak duela urte batzuk pentsaezinak ziren lorpenetara eraman gaituzte. Hala ere, ez da erraza izan. Mugimendu Feministak pauso bat aurrera ematen duen bakoitzean, olatu erreakzionario bat jasotzen dugu bueltan, pribilegioak kolokan ikusten dituztenen aldetik. Gizonez ari gara. Azaroaren 25ean esan genuen bezala, konponbidearen parte ez bazara, zu zara arazoa. Eta, zoritxarrez, arazo izaten jarraitzen duzue. Emakume* eta disidenteen zapalkuntza betikotzen duen sistemaren euskarria zarete.
Horregatik, jarrai dezagun kaleak hartzen eta ozen oihukatzen nazkatuta gaudela. Jarrai dezagun aliantzak eraikitzen erasoz betetako garai hauetan. Elkartu gaitezen, herririk herri eta batzarrik batzar. Batu ditzagun indarrak Euskal Herri feminista eraikitzeko.
Beraz, segi dezagun kaleak hartzen eta oihuka dezagun ozen nazkatuta gaudela. Segi dezagun aliantzak eraikitzen oldarraldiz beteriko garai hauetan. Elkartu gaitezen, saretu gaitezen herriz herri eta asanbladaz asanblada. Batu ditzagun indarrak Euskal Herri feminista bat eraikitzera bidean.
Aspaldi ekin genion bide honi eta ez dugu inolako asmorik atzerapausorik emateko. Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude.
GORA BORROKA FEMINISTA! GORA EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA!