Sarean ikusgai da nazioarteko lankidetzaren arloko euskarazko lehen hiztegia

Hiztegia online kontsulta daiteke, edozein gailutik. Irudia: Euskadiko GGKEen Koordinakundea

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak Nazioarteko Lankidetza Hiztegia sortu du, Bakun itzulpen eta argitalpen zerbitzuarekin elkarlanean. Dokumentuak lankidetzaren arloko ohiko hitzak, kontzeptuak eta siglak biltzen ditu, euskaraz.

Azken 30-40 urteotan aurrerapen izugarriak egin baditugu ere, oraindik erabat normalizatu gabeko hizkuntza da gurea, euskara. Bestetik, gizartearen aldaketa bizkorraren eraginez, etengabe sortzen dira kontzeptu eta termino berriak. Baita Nazioarteko Lankidetza alorrean ere, jakina. Maiz ingelesez sortzen dira hitz berri horiek. Gero gazteleraz eta frantsesez ematen dituzte. Eta, azkenik, euskarara iristen gara, eta ahal duguna egiten dugu kontzeptu horiek gure hizkuntzan emateko. Ez da beti erraza izaten.

Gainera, lehendik erabiltzen ohitu garen terminoak etengabe eguneratzen ari dira, dela Euskaltzaindiaren erabakiz, dela zuzentasun politikoaren izenean. Horrek guztiak gogoeta sakon bat eskatuko luke. Ez ote garen urrutiegi joaten hizkuntzaren eraldaketa etengabe eta azeleratu horretan? Hor utziko dugu, lan honen irismen esparrutik haratago dagoelako, baina gutxienez planteatu nahiko genuke, eragin zuzena duelako hiztegi honen funtsarekin.

Beraz, anabasa hori pixka bat ordenatzea da helburua. Ez irizpide zorrotzak jarrita, ezta kontzeptu bakoitzarentzat beti ordain bakarra emanda ere. Bizitzan bezala, terminologia kontuetan ere aukera bat baino gehiago agertzen zaigu begi aurrean, eta batzuetan denak dira zilegiak, onargarriak.

Beste batzuetan, ordea, argi eta garbi dago zenbait aukera desegokiak direla, eta horietan ere argi uzten saiatuko gara. Lan hau zure eguneroko lanean lagungarri izatea da helburua. Horixe espero dugu, eta jakina, iritziak, kritikak, ekarpenak eta abar entzuteko prest gaituzu, hurrengo batean bertsio eguneratuago eta hobea argitaratzeko itxaropenez.

Dokumentua Euskadiko GGKEen Koordinakundearen webguneko Lankidetzan Euskaraz atalean edota beheko loturaren gainean klikatuz topatuko duzue.

On egin!

ENTRADAS RELACIONADAS

Azala Txostena 2023

2023ko Txostena

2023ko gure lanaren laburpena, gure txostenean eta memoria-bideoan.

Utzi erantzun bat