Palestinan eta Israelen indarkeria izaten ari den gorakada oso kezkagarria dela eta, bat egiten dugu giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzearen eta bizitza babestearen aldeko nazioarteko deiarekin

Argazkia: Fady Hanona_Oxfam
Argazkia: Fady Hanona_Oxfam

Estatuko Garapenerako Erakundeen Koordinakundearen jakinarazpen honekin bat egin dugu:

Dagoeneko ehunka dira bi aldeetako biktima zibilak, eta hildako eta zauritutako pertsonen kopurua gora doa azkar. Indarkeria berehala eten behar da, zibil errugabeengan (haurrak barne) are eragin handiagoa izan ez dezan. Premiazkoa da erasoak bertan behera geratzea; bestela, odol gehiago isurtzea eta sufrimendua areagotzea besterik ez da lortuko.

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek gogorarazi duenez, “Indarkeriak ezin dio gatazkari irtenbiderik ekarri. Bi estatu ekarriko dituen negoziazioaren bidez bakarrik lor daiteke bakea”.

Eskalada militar horrek agerian uzten du buruzagi politikoek eta nazioarteak porrot egin dutela gatazkari aurre egiteko orduan. Koordinakundeak, beste erakunde batzuekin batera, bat egin zuen, irailaren 20an, Palestinako Estatua aitortzearen eta okupazioa bertan behera uztearen aldeko manifestuarekin, indarkeriari amaiera emateko eta irtenbide iraunkor eta bidezkoak eraikitzeko bidean aurrera egiteko, nazioarteko zuzenbidearen eta Nazio Batuen ebazpenen ildotik.

Nazioarteari dei egiten diogu, Gazako blokeoari eta okupazioari amaiera emango dion prozesu politiko zabalagoa gauzatuko dela bermatzeko. Prozesu horrek amaierako estatusari buruzko gaiak jorratu beharko ditu; besteak beste, Jerusalemen estatusa, Israelen asentamenduak, mugak, segurtasuna eta ur-eskubideak, bai eta Palestinako biztanleriaren mugimendu-askatasuna eta diasporan dauden pertsonen itzulera-eskubidea ere.

Eremu horretan ditugun erakundeak dagoeneko ari dira egoera ebaluatzen eta biktimei arreta bermatzeko beharrezkoak diren mekanismoak martxan jartzen. Hori guztia, duela hamarkada batzuetatik hona gurekin lan egiten ari diren tokiko gizarte-erakundeen eskutik.

Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen dugu:

  • Premiazko ekintza humanitarioa, pertsonak mugitzeko korridore humanitarioak ezartzea eta premia biziko materialak ematea barne.
  • Instalazio zibilen aurkako erasoa berehala etetea.
  • Negoziazio-mahai bat sortzea, nazioarteko zuzenbidearen printzipioen araberakoa, berehalako su-etena bermatzeko. Eta azken 15 urteetan Gazako Zerrendan indarrean egon den blokeoari amaiera emateko.
  • Gatazkaren funtsezko zergatiei helduko dieten konponbideak sustatzea.

Azkenik, herritarrei eta lankidetza-erakundeei dei egiten diegu aktiboki parte har dezaten gure Estatuko hainbat hiritan egitekoak diren mobilizazioetan, Israel Gazan egiten ari den gerraren aurka eta indarkeria amaitzeko elkarrizketaren alde.

Herritarren elkartasun-adierazpenak eskertu nahi ditugu, eta larrialdi egoeretan laguntzeko zenbait gako kontuan izatea garrantzitsua dela gogoratzen dugu.

Argazkia: Fady Hanona_Oxfam

2023.10.09

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat