Euskadiko GGKEen Koordinakundeko ordezkariak Noël d’Anjou sailburuarekin eta José Enrique Corchón sailburuordearekin bildu dira, eta «Euskaditik lankidetza, bakea eta elkartasuna defendatzeko apustu sendoa» egiteko eskatu diete, atzerakada demokratiko handiko gaur egungo nazioarteko testuinguruan.
Astelehen honetan, apirilaren 14an, Imanol Pradales Lehendakariaren agintaldian lehen aldiz, Euskadiko GGKEen Koordinakundea Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailarekin bildu da; zehazki, Noël d’Anjou Olaizola Ogasun eta Finantzetako sailburuarekin eta José Enrique Corchón Álvarez Finantza Politika eta Aurrekontuetako sailburuordearekin.
Goi mailako bilera honetan, Josu Urrutia Beristain presidenteak, Mary Tere Guzmán Bonilla idazkariak eta Irene Molero Gurrutxaga koordinatzaile nagusiak hartu dute parte GGKEen Koordinakundeko Gobernu Batzordearen ordezkari gisa.
Bertan, Koordinakundeak azpimarratu du «aurrekontu nahikorik gabe ez dagoela lankidetza politikarik». Era berean, nazioartean eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege berriaren bidez Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoak gogorarazi ditu, garapenerako nazioarteko lankidetzan %0,7ko inbertsioa egiteari dagokionez.
Ildo horretan, GGKEen Koordinakundeak oso positibotzat jo du Eusko Jaurlaritzaren borondatea %0,7rantz aurrera egiteko, Euskadiren eta Hego Globalaren arteko elkartasuna sendotzeko, eta euskal lankidetzaren sektorearekin sintonia harremana izateko.
Nolanahi ere, Urrutia, Guzmán eta Molerok konpromiso horiek betetzearen garrantzia nabarmendu dute: «Euskadik apustu sendoa egin behar du lankidetza, bakea eta elkartasuna bezalako balioen defentsaren alde, planeta honetako pertsona ahulenekin solidarioagoa den euskal gizarte justuagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko».
Hain zuzen ere, bi aldeak atzerakada demokratiko handiko gaur egungo nazioarteko testuinguruagatik kezkatuta agertu dira; besteak beste, Donald Trump eta haren politikak boterera itzuli direlako.