- Euskadiko GGKEen Koordinakundeak tailer bat antolatu du Donostian apirilaren 7rako, Garapen Jasangarrirako Politiken Koherentziako ikuspegiaren elementu nagusietara eta horiek testuinguru autonomikoan duten garapen praktikora hurbiltzeko.
- La Mundial sorkuntza politikoko kolektiboko Raffaela Galante, María Luisa Gil Payno eta Pablo Martínez Osés izango dira formakuntzaren arduradunak.
Elkar gainjartzen diren askotariko krisien egungo testuinguruak agerian uzten du garapen-eredu hegemonikoa agortzen ari dela, eta premiazkoa dela politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko modu «tradizionala» sakon eraldatzea.
Esparru horretan, Garapen Iraunkorrerako Politiken Koherentzia (GIPK) ezinbesteko ikuspegia eta estrategia da. Aukera ematen du administrazio publiko edo erakunde pribatu baten politiketan ikuspegi ekologiko, feminista eta kosmopolita zeharka sartzeko, inpaktu gurutzatuak aztertzeko metodologietatik eta askotariko interakzioetatik abiatuta, funtsezko intsumoak ematen baitituzte haien politiken diseinua eta garapena birbideratzeko.
Arlo horretan prestakuntza ekintzak egiteko beharraren aurrean, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eremu deszentralizatuan Garapen Iraunkorrerako Politiken Koherentzia (GIPK) aplikatu ahal izateko prestakuntza-tailer bat antolatu du. Apirilaren 7an izango da, 10:00etatik 14:30era, Olarain eraikineko Sapientia aretoan (Donostia).
Prestakuntza honen helburua da GIPK ikuspegiaren elementu nagusiei buruzko oinarrizko ezagutza sintetiko baina eraginkorra lortzea, haren bilakaera kontzeptualetik eta autonomia-erkidegoen testuingururako garapen praktikotik abiatuta. Horretarako, honako helburu hauek lortu nahi ditugu prestakuntza honetan:
- GIPK ikuspegiaren jatorriari, bilakaerari eta inplikazioei buruzko oinarrizko ikaskuntza intuitiboa ematea.
- Behar beste elementu eskuratzea, identifikatu ahal izateko zer ekintza eta tresna bideratzaile dauden hainbat administrazio, politika eta antolamendu esparrutan GIPK sustatzeko eta aplikatzeko.
- Aztertzea zer tresna praktiko dauden GIPK sustatzearren politikan eragiteko.
Saioan, azalpen laburrak eta adibide kontrastatu eta dokumentatuak tartekatuko dira, eta gerora gaian sakontzeko materiala emango da. Jarduera praktiko interaktiboak ere egingo dira saioan zehar, GIPK ikuspegia aplikatzeko metodologien eta tresnen erabilgarritasun praktikoa erakusteko.
Raffaela Galante, María Luisa Gil Payno eta Pablo Martínez Osés La Mundial sorkuntza politikoko taldeko kideek osatuko dute formatzaile taldea. 2015ean sortutako elkarte bat da, eta hainbat arlotan esperientzia zabala eta askotarikoa duten profesionalek osatzen dute: analisi politikoan; eragin politikorako eta gizarte komunikaziorako estrategietan; dagokion garapen eremuko ikerketa, prestakuntza, sentsibilizazio eta komunikazio ekintzen garapenean; Garapen Iraunkorrerako Politiken Koherentzian; eta nazioarteko lankidetzan.
